Columbia Unibertsitateko adituek lehen estimazio bat egin dute, Mexikoko golkoan izandako petrolio-isuria zenbatekoa izan den jakiteko. Haien kalkuluen arabera, apirilaren 22tik 4,4 milioi upel petrolio isuri dira guztira, Deepwater Horizon plataformaren istripuaren ondorioz.
Adituek gogoratu dute 1989ko Exxon Valdez petroliontziaren isuria magnitude-ordena bat txikiagoa izan zela, 257.000 upel isuri baitzituen. Aurtengo isuria Prestige ontziarena halako bi izatera iritsi zen maiatzean, eta beste bi hilez jarraitu du petrolioa itsasoratzen. Mexikoko golkoan lehenago izan den isuri handiena ere gainditu du Deepwater Horizonek, 1979an 3,3 milioi upel isuri baitzituen Ixtoc I plataformak.
Oro har, kopuru horiek utzi ditu istripuak, baina adituek esan dute oraindik ere hobetu behar dela estimazioa, bideo batzuetatik abiatuta egin dutelako, eta errorea % 20 ingurukoa omen da.