Datu-baseak uztartzea, botiken arteko interakzioak detektatzeko tresna

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

datu-baseak-uztartzea-botiken-arteko-interakzioak-

Botiken arteko interakzioak ospitaleratze askoren eragile izaten dira, baina, sarritan, aurreikusten zailak dira. Datu-baseak uztartzea horrelakoak detektatzeko tresna eraginkorra dela frogatu dute Columbia Unibertsitateko ikertzaileek

Zehazki, botiken albo-ondorioen, elektrokardiogramen eta laborategiko esperimentuen milioika datu uztartu dituzte, eta ikusi dute bi botika arruntek bihotzaren jarduera asaldatzen dutela, elkarrekin hartzen badira. Bata, zeftriaxona, antibiotikoa bat da, eta bestea, lansoprazola, protoi-punpen inhibitzaile bat, bihotzerrearen kontra erabiltzen dena. Banaka ez dute eraginik bihotzaren jardueran, baina biak elkarrekin hartuz gero arritmia eragiteko arriskua dute, eta, kasu okerrenetan, baita heriotza ere.

Ikertzaileek laborategiko probetan baieztatu dute elkarrekintza hori. Hain zuzen, ikusi dute bi botikek elkarrekin taupaden maiztasuna kontrolatzen duen ioi-kanal bat blokeatzen dutela. Antza denez, eragina handiagoa da arraza zuriko gizon eta emakumeetan, besteetan baino.

Horrekin batera, ikusi dute interakzioa oso espezifikoa dela, izan ere zeftriaxona  zefalosporina bat da, eta beste zefalosporinek ez dute ondorio hori eragiten. Xehetasun hori datu-baseen uztarketatik atera zuten, eta hori ere laborategian frogatu zuten.

Horrenbestez, botiken arteko interakzioak detektatzeko datu-baseak erabiltzea eraginkorra dela ondorioztatu dute ikertzaileek. Journal of the American College of Cardiology aldizkarian argitaratu dute ikerketa.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila