CRISPR teknikak aurreikusi gabeko mutazioak eragiten ditu

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

crispr-teknikak-aurreikusi-gabeko-mutazioak-eragit
CRISPR bidez eraldatutako saguen genoma aztertuta ikusi dute espero gabeko mutazioak gertatzen direla. - Arg. Raman

CRIPR teknikak itxaropen handiak piztu ditu, haren bidez aukera baitago geneak erraz eraldatzeko, eta, horrela, orain sendabiderik ez duten gaitzak sendatzeko, besteak beste. Alabaina, argitaratu berri den ikerketa batean erakutsi dute ez dela uste zuten bezain segurua, aurreikusi gabeko hainbat mutazio eragiten baititu.

Ikerketa Estatu Batuetan egin dute, eta Nature Methods aldizkarian argitaratu da. Ikertzaileek azaldu dutenez,  ohikoa da algoritmoak erabiltzea CRISPRek, bilatutakoaz gain, eragin ditzakeen beste aldaketa genetikoak aurreikusteko. Orain arte, aurreikuspen horiek laborategian hazitako zelulen eta ehunen esperimentuetan egin dira, eta emaitza ona eman dute.

Orain, ordea, CRISPR erabilita genoma eraldatu zaien saguenDNA aztertu dute, eta, aurreikuspenekin alderatuta, ohartu dira espero gabeko aldaketa asko gertatzen direla. Zehazki, sagu batzuei itsutasuna sendatzeko gene bat aldatu zieten CRISPR bidez; eta, alde horretatik, teknikak arrakasta izan zuen, ikusteko gaitasuna eskuratu baitzuten. Baina, horrekin batera, aurreikusi gabeko aldaketak ikusi zituzten bi saguren genometan: 1.500 nukleotido-aldaketa inguru gertatu ziren, eta ehundik gora gene blokeatu edo gehitu egin ziren.

Saguei ondorio kaltegarririk antzeman ez bazieten ere, ikertzaileek ohartarazi dute ez dagoela modurik jakiteko zer eragin izango duten zorizko aldaketa horiek: “Nukleotido bakar baten mutazio batek eragin ikaragarria izan dezake”, esan du ikertzaileetako batek, Steven Tsangek, Columbiako Unibertsitateko Medikuntza Genomikoko Institutukoak. Horrenbestez, zuhur erabiltzea gomendatu du.

Txinan dagoeneko egin dituzte esperimentuak pertsonetan, eta Estatu Batuetan ere badute antzeko entseguak egiteko asmoa. 

0.0/5 rating (0 votes)

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
DANOBAT GROUP Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.