Genoma editatzeko CRISPR teknika pertsona bati aplikatu diote Txinako ikertzaile batzuek, biriketako minbizia tratatzeko. Teknika hori pertsonetan erabiltzen den lehenengo aldia da.
Sichuan Unibertsitateko Lu You ikertzaileak zuzendutako taldeak saio kliniko bat jarri du martxan Mendebaldeko Txinako Ospitalean, CRISPR teknika erabiliz biriketako minbizia tratatzeko. Eta, lehenengo gaixoari urriaren amaieran txertatu zizkioten teknika horren bidez eraldatutako zelulak. Gaixoaren odoletik erauzitako T linfozitoetan PD-1 genea ezgaitu dute CRISPR teknikarekin. PD-1 geneak, hain zuzen, linfozitoek erantzun immunologikoa ematea oztopatzen du, eta, hain zuzen ere, hori baliatzen dute minbizi-zelulek ugaltzeko. Eraldatutako zelulak ugaritu eta berriz sartu dizkiote gaixoari. Espero dute PD-1 generik gabe, linfozitoek minbizi-zelulei erasoko dietela, eta, hala minbiziari aurre egiteko gai izango direla.
Saioaren helburu nagusia eraldatutako T linfozitoak seguruak direla baieztatzea da. Eta, ikertzaileek adierazi dutenez lehen tratamendu hori ongi joan da, oraingoz. Guztira hamar pertsonarekin egiteko asmoa dute, eta sei hilabetez monitorizatuko dituzte, tratamenduak albo ondorio larririk duen ikusteko. Horrez gain, jarraipena egingo diete tratamendua minbiziari aurre egiteko eraginkorra den jakiteko.
Teknika hau pertsonatan erabiltzen den lehenengo aldia izan da, baina, laster etorriko dira gehiago. Esaterako, aurreikusita dago hiru gene editatuz saio kliniko bat egitea AEBn, hurrengo urtearen hasieran, hainbat minbizi tratatzeko asmoz. Eta Txinan beste hiru saio jarri nahi dituzte martxan hurrengo martxoan, maskuriko, prostatako eta giltzurrunetako minbiziak tratatzeko.
--> CRISPR, genoma editatzeko teknika: onurak eta kezkak
Elhuyarrek garatutako teknologia