COVID-19aren kudeaketako akatsak salatu eta proposamenak egin ditu aditu-talde batek

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

covid-19aren-kudeaketako-akatsak-salatu-eta-propos
COVID-19aren kudeaketa kritikatzeaz gain, etorkizunerako proposamenak ere eigin dituzte txostenean. - Arg. Nik Anderson/CC-BY


Nazioarteko aditu-talde batek The Lancet aldizkarian argitaratu duen txostenaren arabera, COVID-19aren kudeaketa txarraren ondorioz, eragotz zitezkeen milioika heriotza gertatu dira. Mundu osoko eta diziplina desberdinetako (politika publikoak, gobernantza, epidemiologia, txertoak, ekonomia, jasangarritasuna, buruko osasuna…) 28 adituren artean egin dute txostena, 100 kolaboratzaile baino gehiagoren laguntzarekin, bi urtetan. Egindako akatsak biltzeaz gain, aurrera begirako proposamenak egin dituzte.

Nabarmendutako puntuen lehena SARS-CoV-2aren jatorriari buruzkoa da. Oraindik ez dakite ziurtasun osoz nola agertu eta iritsi zen birus hori gizakietara, baina hori argitzea garrantzitsua iruditu zaie etorkizunean halakoak gertatzea eragozteko.

Haien iritziz, Osasunaren Mundu Erakundeak motel eta zuhurregi jokatu zuen funtsezko hainbat auzitan, hala nola larrialdia ezartzean, maskarak gomendatzean edo aire bidez transmititzen zela onartzean.

Gobernuen arteko koordinazioa ere ez zen egokia izan, eta, gainera, ez zuten lortu herritarrek neurriak onartzea, gardentasun-faltagatik, komunikazio eskasarengatik eta desinformazioarengatik, besteak beste. 

Bestalde, azpimarratu dute politika publikoetan ez dituztela aintzat hartu portaera-zientziak eta gizarte-zientziak, eta ez direla gai izan gizarte-desberdintasunez jabetzeko eta egoki erantzuteko. Hala, kaltea bidegabeki nabarmena izan da talde zaurgarrienen artean: gutxiengoak, diru-sarrera txikikoak, haurrak, emakumeak, langabeak…

Txertoen garapena azkarra izan zela onartu badute ere, jabetzan eta banaketan izan diren bidegabekeriak salatu dituzte. Horrekin lotuta, ohartarazi dute herrialde pobretuak zulotik ateratzea txertaketaren mende dagoela, neurri handi batean, eta nazioarteko finantziazioa eskatu dute.

Horrekin batera, agerian jarri dute Garapen Jasangarrirako Helburuetan atzerakada nabarmena gertatu dela herrialde askotan, eta ez dagoela finantziaziorik horietara iristeko, eta Parisko Klimaren Hitzarmena betetzeko ere.

Etorkizunerako proposamenak

Gomendioen artean, koordinazio globalaren premia jarri dute lehen lekuan: txertaketan, testetan, infekzio berrien eta COVID iraunkorraren tratamenduan, neurrietan, lantokiak seguruak izatean, eta isolatzeko laguntza ekonomikoak eta sozialak ematean. 

OMEri dei egin diote birusaren jatorria argitzeko, eta Zientzia Batzordea indartzeko, osasun-lehentasunak ezartzeko, ebidentzia zientifikoetan oinarrituta. Batzorde horren osaerarako irizpideak ere eman dituzte: OMEren eremu guztietakoak izan behar dute, gazteak eta parekidea. OME bera ere sendotzeko gomendioak eman dituzte.

Fokua jarri dute gaixotasun emergenteak prebenitzean, eta osasun-sistema publikoak, guztien zaintzaz arduratuko direnak, bermatzean, hasi maila globaletik eta komunitateetaraino. Horrez gain, herrialde bakoitzak baliabideak izan beharko lituzke etorkizuneko osasun-arriskuei aurrea hartzeko eta erantzuteko. 

Osasun Funts Global berri bat sortzea ere proposatu dute, OMEri estu lotuta. Haren funtzio nagusia: dagoeneko badauden funtsak koordinatzea eta finantziazio berria lortzea gaitzak kontrolatzeko baliabideetarako, pandemiei erantzuteko, eta lehen arreta indartzeko.

Azken helburua da gertatutakotik ikastea, eta sistema-politiko osasun-sistema sendoak eta indartsuak eraikitzea, pertsonen osasuna eta ongizatea bermatzeko. 

 

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila