Aireko CO2-a harrapatzeko material berri bat sortu dute ikertzaile korear batzuek. CO2-a fisikoki harrapatzen duen material mikroporodun bat da, eta Science aldizkarian azaldu dutenez, abantaila handi bat du orain arteko antzeko materialen aldean: urak ez dio eragiten.
Airetik edo tximinia bateko gasetik CO2-a erauzteko aukera bat adsortzio fisiko bidez harrapatzea da. Halako hainbat material mikroporodun garatu dira azken urteotan, baina horien arazoa da urak asko jaisten duela eraginkortasuna. Izan ere, material horietan CO2-a lotzen den leku berean ura ere lotzen da, eta, azkenean ura harrapatzen dute CO2-aren ordez. Gainera, urarekin asko hondatu ere egiten dira. Hala, material horiek erabiltzeko, tximiniatako gasak erabat deshidratatu beharra dago. Orain sortu duten material berriak arazo hori gainditzen du, ura eta CO2-a leku desberdinetan lotzen baitzaizkio. Hala, urak ez du CO2-a xurgatzeko gaitasuna jaisten.
Sodio silikatoz eta kobre sulfatoz osatua dago material berria, eta beste materialekin egin dituzten konparaketetan ikusi dute CO2 gehiago xurgatzen duela. Eta ura ere xurgatzen duen arren, egonkor eta eraginkor izaten jarraitzen du.
Elhuyarrek garatutako teknologia