CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia izan da gaur San Telmo museoan

Carton Virto, Eider

Elhuyar Zientzia

Gaur banatu dira 2011ko zientzia-dibulgazioko CAF-Elhuyar sariak. Patricia Navarro, Alfredo Sarmiento eta Jone Omar kimikariek eta Jon Makibar ingeniariak jaso dituzte dibulgazio-artikuluen kategoriako sariak, artearen kimikari eta biofindegiei buruzko artikulu banarengatik. Zientzia-kazetaritzaren arloko saria, berriz, Gorka Zabaleta kazetariarentzat izan da, itsas hondoaren mapei buruz Zumaiako Baleike aldizkarian argitaratutako erreportaje bati esker. Elhuyar Fundazioaren Merezimendu saria Jose Mari Elortza EHUko kimika-irakasleak jaso du aurten.
caf-elhuyar-sariak-banatzeko-ekitaldia-izan-da-gau
CAF-Elhuyar sarien 2011ko saridunak. Ezkerretik: Jone Omar, Jose Mari Elortza, Gorka Zabaleta, Jon Makibar, Patricia Navarro eta Afredo Sarmiento. Arg. Iñigo Ibañez

Donostiako San Telmo Museoan ospatu da 2011ko CAF-Elhuyar sariak banatzeko ekitaldia. Elizan, Kukai konpainiako dantzariek eman diote hasiera ekitaldiari; luma baino arinago izan eta grabitateari aurre egiteko gogoa irudikatu dute dantzaren bidez. Orri zuria izan da aurtengo ekitaldiaren metafora, eta erronkak, ardatza. Gizartearen erronkak, zientzia eta teknologiaren erantzunak eta, atzera, zientziak eta teknologiak sortutako erronka berriak. Multimedia eta zuzeneko ikuskizuna nahasiz, ekitaldiaren lehen minutuak gogoetari eskaini dizkiote dantzariek, zientzialariek, Elhuyar Fundazioko langileek eta bertaratu direnek, Oihana Jauregik gidatuta.

“Erakutsi zer egin dezakezun orri zuri batekin” izan da 2011ko CAF-Elhuyar sarien leloa, eta ausartu direnen artetik onenak saritu dituzte gaurko ekitaldian: Patricia Navarro, Alfredo Sarmiento eta Jone Omar EHUko kimikariak; Jon Makibar ingeniari eta IK4-Ikerlaneko ikertzailea; Gorka Zabaleta, Baleike aldizkariko kazetaria; eta Jose Mari Elortza EHUko Kimika Fakultateko irakaslea.

Dibulgazio-artikulu orokorra

ALFREDO SARMIENTO ROMAYOR (Castro Urdiales,1981). Kimikaria, kimika analitikoan doktorea. Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorretan langile. PATRICIA NAVARRO VILLAVERDE (Logroño, 1976). Kimikaria, kimika analitikoan doktorea. Euskal Herriko Unibertsitateko Ikerkuntzarako Zerbitzu Orokorretan langile. JONE OMAR ONAINDIA (Bilbo, 1986). Kimikaria, Kimika analitikoko doktoretza ikaslea Euskal Herriko Unibertsitatean. Arg. Maitane Olivares

“Kimikaren artea eta artearen kimika” izenburua jarri diote Patricia Navarro, Alfredo Sarmiento eta Jone Omar EHUko Kimika Analitikoa Saileko kimikariek saria eman dien artikuluari. Epaimahaiaren esanean, “klasikoa izanagatik, ondo egituratutako lana da, abiapuntu ona du eta egileek ederki defendatzen dute artikuluaren tesia”. 

Hain zuzen ere, gizartean oso hedatutzat jotzen duten kimiofobiari aurre egiteko ariketa izan da egileena: “Gaur egungo gizarteak kimikarekin lotutako guztiari nolabaiteko beldurra dio” —nabarmendu dute— “hainbat produktu ekologiko eta “bio” pil-pilean daude, eta asko entzuten da produktu kimikoek eragina dutela minbizian eta beste gaixotasun batzuetan. Baina, benetan, dena da kimika”.

Kimikaren nonahikotasuna defendatzeko, artearen historian zeharreko ibilbidea egiten dute hiru egileek artikuluan, garai bakoitzean kimikak izan duen funtzioa azpimarratuz. Egileen ikerketa-taldearen lan-arloetako bat ondarearen azterketa egitea da, eta, ondorioz, egiten duten lana dibulgazioarekin uztartzeko modua izan da artikulu hau.

Egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulua

Jon Makibar Gorostidi (Eibar, 1983). Ingeniaritza Kimikoan doktorea. IK4-IKERLAN ikerketa-zentroko Energia Unitatean ikerlaria. Arg. Iñigo Ibañez

Jon Makibar ingeniari eibartarrak ere ikerketa-lana eta dibulgazioa uztartu ditu, eta berak jaso du egilearen doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikuluaren saria, “Pirolisia eta biofindegiak” artikuluarengatik.

Euskal Herriko Unibertsitatean eta Ikerlanen egin du tesia Makibarrek. Biomasaren sektoreko hondakinak energia bilakatzeko prozesu bat garatzea izan du helburua; eta haren lana izan da unibertsitatean diseinatutako ikerketa-erreaktore bat hartu eta pirolisia egiteko instalazio pilotu baten eskalara eramatea.

Artikulua idaztea zaila izan dela aitortu du Makibarrek: “Tesia euskara oso tekniko batean idatzi ostean, edozeinek ulertzeko moduko beste euskara batean idatzi behar duzu. Emaitza neskalagunari edo anaiari erakutsi behar diozu ulertzen den edo ez galdetzeko. Eta esaten badute “pixka bat gogorra da ulertzeko”, aldatu egin behar duzu. Lau edo bost zirriborro izan dira”.

Doktore-tesia dibulgazio-mailara eramatea zaila izanagatik, inoiz baino lan gehiago aurkeztu dira aurten kategoria honetan, eta epaimahaikideek adierazi dute inoiz baino zailtasun handiagoak izan dituztela saria nori eman erabakitzeko. Bereziki onak iruditu zaizkio epaimahaiari kategoria honetako lanak, edukiz eta formaz. “Pozteko eta zoriontzeko modukoa da tesiaren mamia euskaraz hala komunikatzeko gaitasuna duten geroz eta ikertzaile gehiago daudela ikustea”, azpimarratu du Itziar Alkorta epaimahaikideak.

Zientzia-kazetaritzaren arloko lana

Gorka Zabaleta (Zumaia, 1973). Kazetaria. Zumaiako Baleike tokiko hedabideko kazetari eta zuzendaria. Arg. Arnaitz Rubio

Dibulgazio-artikuluen kategoriaz gain, zientzia-kazetaritzaren arloko lanak ere saritzen dituzte CAF-Elhuyar sariek. Eta 2011ko edizioan Gorka Zabaleta kazetari zumaiarra izan da onena, Zumaiako Baleike aldizkarian argitaratutako “Itsas hondoa eskura. Mapetan agertzen ez den mundua” erreportajeari esker.

Lan horretaz “kazetariaren estilo zuzena, dokumentazio zabala, ikuspuntu desberdinak biltzeko gaitasuna, erabilitako grafiko ederrak eta gaurkotasunarekin lotzeko abilezia” goraipatu ditu epaimahaiak, eta, horrekin batera, aldizkarian “tokiko gaiak zientziarekin uztartzeko egilearen ahalegin mamitsua”.

Tokiko gaiak eta zientzia uztartzeko ahaleginetik sortu zen Zabaletaren esanean erreportajearen ideia. “AZTIren maparen berri izan genuenean —dio—, lehenengo ideia izan zen mapa hura lortu behar genuela; Zumaiari dagokion zatia, behintzat. Baina gero pentsatu genuen, beste hari batzuetatik tiraka, erreportajeari irakurketa zabalagoa eman geniezaiokeela. Orain arte ez dugu izan itsas hondoaren zehaztasun hori, baina kostaldean bizi gara eta jendea itsasoan mugitu da, itsasoan egin du lan, itsasoari etekina atera dio. Mendez mende pilatutako jakintza AZTIk egindako maparekin alderatzea bururatu zitzaigun”.

Erreportajea eskuragarri dago Baleike aldizkariaren webgunean.

Elhuyarren Merezimendu saria

JOSE MARI ELORTZA (Bergara, 1950). Kimika ikasi zuen Valladolideko Unibertsitatean, eta 1976an Donostiako Kimika Fakultatean hasi zen lanean. Garai hartan hasi zen kimikako testuliburuak euskaraz idazten. Ikasle-belaunaldi askok erabili dituzte hark idatz Arg. Iñigo Ibañez

 Ekitaldia amaitzeko, 2011ko Merezimendu saria jaso du Jose Mari Elortza kimikari eta EHUko irakasleak. Elhuyar Fundazioaren lehendakari Jose Mari Rodriguez Ibaberen eskutik jaso du saria.

Bergararra sortzez, Elortzak kimika ikasi zuen Valladolideko Unibertsitatean, eta 1976an hasi zen Donostiako Kimika Fakultatean lanean. Garai hartan hasi zen kimikako testuliburuak euskaraz idazten. Hark idatzitakoak dira ikasle-belaunaldi askok erabili duten Kimika Fisiko Makromolekularra eta Termodinamika liburuak.

Jose Ramon Etxeberriarekin —2010eko Merezimendu saria jaso zuen—, eta Jazinto Iturbe eta beste batzuekin batera, aitzindaria izan zen Elortza euskarazko irakaskuntzarako testugintzan. Aitzindari gisa “ezina ekinez” egitea tokatu zitzaien arren, Elortzak ez du lan neketsua egin izanaren sentipenik. “Lan polita izan zen”, dio.

Hasierako zailtasunak gogoratzen ditu Elortzak: “Pentsa, gu hasi ginenean, zientzia idaztearen arazoa zen zer erreferentzia hartu behar genuen. Bi liburu besterik ez genuen ezagutzen, biak Espainiako gerra aurretik idatzitakoak, 1936an: Jauregitar Gabrielen Kimia eta Pisia. Kimika Fakultatean ikasle batzuk eta ni elkartzen ginen” —segitzen du—, “eta erabakitzen genuen Fakultatean nola esango genituen gauzak. Leioakoekin ere harremanetan jartzen ginen, eta haiekin biribildu egiten genuen egoera, eta, gero, Udako Euskal Unibertsitatean ere bai. Denbora asko ematen genuen erabakitzeko, eta askotan erabakirik ere ez zen hartzen, baina horretaz hitz egiten zen”.

Zailtasunak aspaldi gainditu zirela uste du, hala ere, Elortzak. “20 urtetik hona, gehiago, agian —dio— inongo zailtasunik ez dut sentitu ikasgaia euskaraz emateko eta azaldu behar direnak azaltzeko”.

Lanak eta epaimahaikideak

2011ko CAF-Elhuyar sarietan, 48 lan aurkeztu dira guztira: 23, dibulgazio-artikulu orokorren kategorian; 14, egilearen tesian oinarritutako artikuluen kategorian; 9, zientzia-kazetaritzaren arloko lanen kategorian; eta 2, gazteei zuzendutako zientzia-narrazioen kategorian. Epaimahaiak eman gabe utzi du gazteei zuzendutako zientzia-narrazioen saria.

CAF-Elhuyar sarien 2011ko edizioaren epaimahaia zortzi pertsona hauek osatu dute:

  • Yolanda Arrieta, idazlea eta haur- eta gazte-literaturan aditua
  • Jesus Mari Olaizola "Txiliku", idazlea eta haur- eta gazte-literaturan aditua
  • Itziar Alkorta, Zuzenbide Zibileko irakaslea eta bioetikaria
  • Jose Maria Pitarke, CIC NanoGUNEko zuzendaria
  • Juan Ignacio Perez Iglesias, EHU-BFA Kultura Zientifikoaren Katedrako zuzendaria
  • Txema Ramirez de la Piscina, EHUko Kazetaritza Fakultateko irakaslea eta kazetaritza espezializatuan aditua
  • Josu Waliño, Elhuyar Fundazioko proiektu-arduraduna eta gazteentzako ipuinen idazlea;
  • Jose Mari Rodriguez Ibabe, Elhuyar Fundazioko lehendakaria eta CEITeko ikertzailea.

Saritutako lanak Elhuyar Zientzia eta Teknologia aldizkariaren 2012ko maiatzeko zenbakian argitaratuko dira, gehigarri berezi batean bilduta

Ikusi Teknopolisen Jose Mari Elortzarekin egindako erreportajea

Entzun Norteko Ferrokarrila irratsaioan saridun guztiekin egindako saio berezia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila