Buztinezko hozkailua

Mohammed Bah Abba Nigeriako irakasleak kanpoko energia-iturririk behar ez duen hozkailu sinple eta merkea asmatu du. Hozkailua bata bestaren barnean sartutako buztinezko bi ontzik osatzen dute; bien arteko hutsunea harea bustiz beteta dago eta estalkia ere hezea da. Kanpoko aire beroak hezetasuna erakarri egiten du, barnetik kanporako berotasun-fluxua eraginez. Estalkiak eta hareak heze dirauten bitartean ontzi txikiaren barnealdea hotz mantentzen da eta bertan gordetako elikagaiak ez dira galtzen. Esaterako, ontzian gordetako berenjenek 3 egun ordez 27 irauten dute eta tomate eta piperrek, berriz, hiru aste baino gehiago. Abba irakaslearen asmakuntzari esker, inguruko herrixketako bizi-kalitatea hobetu egin da: nekazariek presazko salmentak egin ordez, eskaintza/eskariaren arabera sal dezakete eta neskatoek ez dute egunero merkatura joan beharrik. Abba irakasleak dioenez, hozkailua erabiltzen den herrixketan lehen baino neska gehiago dago eskoletan. Asmakuntzagatik 75.000 dolarreko (15 milioi pezetako, 600.000 liberako) Rolex saria jaso du eta hozkailua Nigeriako iparraldean zabaltzeko balioko du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila