Ikertzaile brasildarrek kafearen genoma deskodetu dute. Bada inor haiek baino egokiagoa hori egiteko? Izan ere, munduan landatzen den kafearen herena Brasilen egiten da. Gobernuak berak bultzatu du kafearen genoma deskodetzeko proiektua, eta adierazi du ezaguera hori superkafe bat egiteko erabiltzeko asmoa duela. Hala ere, superkafea sortzeko ez omen dute ingeniaritza genetikoa erabiliko. Helburua: zapore eta usain hobea dituen kafea sortzea, eta, aldi berean, gaixotasunekiko eta izoztearekiko erresistentea izatea.