Bihotzeko zelula-mota nagusi guztiak sortzen dituen zelula ama mota aurkitu du Massachussets General Hospital-eko Kenneth Chien ikertzailearen taldeak. Zelula ama horietatik sortzen dira bihotzaren muskulu-zelulak (kardiomiozitoak), muskulu lisoaren zelulak eta odol-hodietako zelulak; gorputzak bihotz osoa egiteko erabiltzen ditu horiek denak.
Zelula ama horiek fetu-fasean bakarrik existitzen dira. Zelulek gene jakin bat aktibatzen dute, eta, horren ondorioz, Isl1 izeneko proteina bat ekoizten dute. Hain zuzen ere, hori da zelula ama horien bereizgarria, Isl1 proteina duten zelula bakarrak dira. Zientzialariek bazekiten saguetan antzeko proteina bat zegoela, baina Chienen taldekoek gizakietakoa aurkitu dute.
Aurkitu ondoren, zelula hori enbrioietatik isolatu dute. Horretarako, markatzaile fluoreszenteen bitartez identifikatu dituzte Isl1 proteina duten zelulak; zelula horiek jaso, eta esperimentuak egin ahal izan dituzte haiekin.
Chienek esan du oraingoz behintzat ezin direla zelula horiek erabili bihotzeko arazoak dituztenak tratatzeko. Bide klinikoa luzea da, eta, gainera, ezin da zelula ama horien garapena bideratu bihotzaren ehun bat edo beste emateko.
Beste aditu askok ere gauza bera esan dute: zelula amen ikerketan aurrerapauso handia dela, baina ez dela soluzio terapeutiko bat zelula ama berri horiek erabiltzea.
Ideia hori nabarmendu dute, batez ere, bihotzaren kasuan bereziki zaila delako zelula amen bidezko tratamendua, eta edozein aurrerapenek itxaropen handiak sortzen dituelako. Gaur egun ikertzen diren beste zelula amek (hezur-muinetik erauzitakoek, batez ere) ez dute balio kardiomiozitoak sortzeko. Beste zelula ama batzuk aktibatzeko balio dezakete (efektu parakrinoa deritzo horri), baina ez bihotzeko muskulua birsortzeko. Gainera, bihotzeko baten ondorengo tratamendua oso konplexua izaten da; adibidez, azkarregi gehitutako zelula amak hil egiten dira. Egoera zaila da, eta adituek ez dute argi Massachussetseko taldeak aurkitutako zelula ama berriek arazo horiek gainditzeko balioko duten ala ez.
Hala ere, berria ona da bihotzeko sortzetiko gaixotasunak ikertzen dituztenentzat, zelula ama berriek aproposak baitirudite bihotzaren garapenaren eredu zehatzak egiteko.