Bihar burutu liteke Higgs bosoiaren aurkikuntzaren kronika. CERN laborategiko fisikariek iragarpen bat egingo dute fisikaren partikulen ikerketaren esparrukoa, eta nahiz eta ez duten baieztatu Higgs bosoiarekin zerikusia izango duela, komunikabide espezializatuetan ziur daude hala izango dela. Baieztatzen bada, fisikak aurten eman duen albiste garrantzitsuena izan liteke.
Horren arrazoia da Higgs bosoia eskema zabal baten azken osagaia dela. Partikulen fisikak duen teoria onartuenak, Eredu Estandarrak, bosoi horren beharra du. Existitzen bada, ez dago arrazoirik eredua ondo dagoela ez onartzeko. Ez bada existitzen, hamarkada askotako lana berregin beharko litzateke beste eredu bat sortzeko.
1964an, bosoia Peter Higgs fisikariaren proposamen teoriko bat besterik ez zen. Baina teoria baieztatzeko, bosoia aurkitu beharra zegoen, eta lan konplexua zen. Besteak beste, gaur egun dauden partikula-azeleragailu handienak erabili behar ziren. LHC azeleragailu erraldoia jarri zuten lan horretan. Lan zaila zen; existituta ere, litekeena zen bosoi bakarra ez izatea. Nolanahi ere, Rolf Heuer CERNeko zuzendariak, Elhuyar aldizkariari emandako elkarrizketa batean, esan zuen 2012ko abendurako jakingo zutela Higgs bosoia benetan existitzen den ala ez.
Albistea urtebete lehenago iritsi zen. LHCren bi detektagailutan aurkitu zituzten bosoiaren zantzuak, eta bi detekzioak koherenteak ziren partikularen energiari dagokionez. Handik gutxira, gainera, Tevatron azeleragailuan ere aurkitu zuten bosoiaren seinalea. Oso albiste onak ziren, baina ez behin betikoak. Detekzio horien guztien ziurtasun-maila ez zegoen aurkikuntza ziurtzat emateko mugen barruan. Horregatik, ustez, bihar izango da aurkikuntzaren kronikaren bukaera. CERNekoek esan dute iragarpen bat egingo dutela, baina ez dute zehaztu zein izango den. Hori bai, Peter Higgs bera eta harekin hasierako proposamenean lan egin zuten beste hiru matematikari gonbidatu dituzte ekitaldira.