Bi neutroi-izarren arteko talka detektatu dute, grabitazio-uhinen bidez

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

2017ko abuztuaren 17an, grabitazio-uhinak detektatzeko LIGO eta Virgo behatokietan orain arte jasotakoetatik bereizten zen seinale bat jaso zuten. Izan ere, grabitazio-uhinen seinalearekin batera, erradiazio elektromagnetikoa ere jaso zuten. Azkenean, bi neutroi-izarren arteko topaketa izan dela ondorioztatu dute. Lehen aldia da halako fenomeno baten seinalea jasotzen dela, eta garrantzi handia eman diote aldi berean bi bideren bitartez jaso izanari: grabitazio-uhinen eta uhin elektromagnetikoen bidez.
bi-neutroi-izarren-arteko-talka-detektatu-dute-gra
Neutroi-izarren talkaren ilustrazioa. Ezkerrean, masaren irudikapena; eskuinean, berriz, espazio-denbora nola distortsionatzen den erakusten da. Arg. Karan Jani/Georgia Tech

LIGO eta Virgo behatokietan jaso dute grabitazio-uhinen seinalea. 100 segundo iraun zuten, gutxi gorabehera, eta, bi segundo geroago, iritsi zen lehen uhin elektromagnetikoa: gamma izpien flash bat. Fermi espazio-teleskopioak jaso zuen uhin hori. Hurrengo egun eta asteetan, espektro elektromagnetikoko beste uhin-mota batzuk iritsi ziren: X izpiak, ultramoreak, optikoak, infragorriak eta irrati-uhinak.

LIGOk bakarrik zein LIGOk eta Virgok elkarrekin egindako behaketetan, ez dute uhin elektromagnetikorik detektatu; grabitazio-uhinak baino ez. Guztira lau aldiz behatu dituzte [Fisikako Nobel saria emango diete lehenengoa egin zutenei], eta beti zulo beltzen talken ondorioz sortutakoak izan dira. Oraingo seinalea, ordea, uhin elektromagnetikoekin batera iritsi da, eta, beraz, ezin zen zulo beltzek sortutakoa izan, zulo beltzek ez baitute erradiazio elektromagnetikorik igortzen. Bestela ere, seinalea aurrekoetatik desberdina zen; esaterako, besteek baino dezente gehiago iraun zuen GW170817 deitu zioten, eta, datu guztiak aztertuta, bi neutroi-izarren talkaren ondorio izan zela jakin dute.

Neutroi-izarrak zulo beltzek baino askoz ere masa gutxiago dute. Talka egin duten biek Eguzkiak baino % 10-% 60 masa gehiago zutela kalkulatu dute, baina, neurriz, Eguzkia baino askoz ere txikiagoak dira: haien diametroa 20 kilometro ingurukoa zen. NGC 4993 izeneko galaxian zeuden, Lurretik 130 milioi argi-urtera.

Aurrekaririk gabeko behaketa horren bitartez xehetasun asko ezagutu dituzte astrofisikariek; tartean, nola sortzen den kilonova bat: horrelako talka batean materia kanporatzeko prozesuari deitzen zaio horrela. Prozesu horretan, urrea, platinoa eta halako elementu astunak sortzen direla ikusi dute.

Baina, batez ere, Astrofisika egiteko modu berri bat jaio dela nabarmendu dute ikerketaren bozeramaileek. Aipatzekoa da ikerketetan ia 1500 ikertzailek eta 200 erakundek baino gehiagok parte hartu dutela. Gainera, egin duten iragarpena lehen pausoa baino ez da, jasotako datuen azterketek datu ugari emango baitituzte oraindik. Behaketarekin lotutako lehen artikulua Physical Review Letters aldizkarian argitaratu dute.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila