Beira metalak bezala hausten da?

Beira eta metalak zeharo desberdin hausten dira. Metalak hautsi aurretik deformatu egiten dira. Beira, aldiz, bat-batean hausten da, zakarki, horregatik esaten da material hauskorra dela. Baina Montpellierko Unibertsitateko eta CEA laborategiko ikertzaileen arabera, hausterakoan sortzen den pitzadura oso antzekoa da bietan eskala nanoskopikoan begiratuz gero.

Metaletan akastun hutsuneak elkartuz gauzatzen da normalean pitzadura. Ondorioz, pitzadurak bereizitako azalerak zimurrak dira eskala mikrometrikoan. Eskala berean, hautsitako beiraren pitzadura-azalerak leunak dira, baina eskala nanometrikora jaitsiz, pitzadura-azalean zimurrak ikusten dira, metaletan bezala.

Beiran agertutako zimurrak ere akastun hutsuneek eragindakoak direla frogatzeko, pitzadura-azaleraren analisi topografikoa erabili dute. Dirudienez, ikerketa honek beiraren egituraren diseinua hobetzen eta apurketaren oinarrizko mekanismoak ezagutzen lagunduko du.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila