Bakterioek ere badituzte prioiak

Badirudi prioiak uste zena baino askoz ere zabalduago daudela naturan eta eukariotoak sortu aurretik azaldu zirela, duela 2.300 milioi urte baino gehiago
bakterioek-ere-badituzte-prioiak
Clostridium Botulinum-en proteina batek prioi gisa jokatzen du beste bakterioetan. Arg. James Cavallini/SPL

Duela 30 urte imajina ezina zen DNA edo RNArik gabe ugaltzeko gai den sistema organiko infekzioso bat. Baina prioiek erakutsi zuten posible zela; modu okerrean tolestutako proteina soil batzuk gai zirela inguruko proteinei beren tolestaketa okerra kutsatzeko, ukitze hutsez, ugaldu beharrik gabe. Orain arte horrelako sistemak zelula eukariotoetan soilik ikusi baziren ere, bakterioek ere prioiak badituztela erakutsi du Science aldizkarian argitaratutako lan batek.

Ikerketa egiteko 60.000 genoma bakteriar analizatu zituzten, legamien prioien antzeko sekuentzia genetikoen bila, eta Rho izeneko proteinaren sekuentzia bat hautagai ona izan zitekeela ikusi zuten. Hala, Clostridium bolutilum bakterioaren Rho proteina Escherichia coli bakterioan injektatu, eta prioiek bezala jokatzen duela baieztatu dute.

Azken urteotan ikusi da prioiek, gaixotasun iturri izateaz gain, bestelako prozesuetan ere parte hartzen dutela, zelulen mesederako izan daitezkeenak; adibidez, memoriaren eraketan inplikatuta daude. Horrez gain, eboluzionatu egiten dute, heredagarriak dira, eta legamien epigenetika kontrolatzen dute.

Kasu honetan, Rho proteina gene askoren adierazpena eta aktibitatea erregulatzen duen osagaia da berez. Rho proteinaren bertsio arrunta injektatzean, E. coli-ren aktibitate genetikoa isilarazten zuela ikusi zuten, eta bertsio prionikoa injektatzean, gene asko aktibatu egiten zirela. Hori ikusita, ikertzaileek uste dute bakterioen kasuan, geneen erregulazioaren bidez, prioiek inguruko baldintzen aldaketetara egokitzen lagun ditzaketela bakteriook. Adibidez, antibiotiko baten presentziara. 

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila