Autoen gas-hondakinak laser izpia sortzeko

Autoaren ihes-hoditik ateratzen diren gasen energiatik laser izpia sor daitekeela dio Marlan Scully fisikariak. Osteko erregailu bat eta mekanika kuantikoa oinarritzat hartuz, autoen gas-hondakinak energia erabilgarri bilakatuko lirateke, laser izpi alegia.

Horretarako, bi atal berri gehitu beharko lirateke autoaren ihes-hodiaren ondoren; laser bat eta maser bat (argi ikuskorraren ordez mikrouhinak ekoizten dituen laser modukoa). Biek, ihes-hodiko molekulen energia-maila ezberdinak erabiliz, erradiazioa sortuko lukete. Maserrak ihes-hodiko bero gehieneko molekulak erabiliko lituzke mikrouhinak ekoizteko.

Ondoren, molekula horiek energia-maila baxuago batera pasatuko lirateke laserrak erabil ditzan. Laserretan molekula kitzikatuen kopuru handia behar izaten da eta molekula horiek argi gisa askatzen dute energia. Laburbilduz, maserrak ihes-hodiko beroaren atal bat erabiliko luke eta gainontzeko energiak laser izpia sortuko luke.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila