Australopithecus sediba, eboluzioaren mosaiko bat

Fosilen sei ikerketaren emaitzak argitaratu dira aldi berean, eta hezur bakoitzak istorio bat kontatzen du.

Roa Zubia, Guillermo

Elhuyar Zientzia

australopithecus-sediba-eboluzioaren-mosaiko-bat
Australopithecus sediba espeziearen eredu bat Hegoafrikako Malapa kobazulotik berreskuratutako hezurretan oinarrituta. Arg. (©Lee R. Berger/University of the Witwatersrand

Australopithecus sedibaren hezurren sei ikerketaren emaitzak argitaratu ondoren, nabarmen azaldu da hominidoen eboluzioaren konplexutasuna.

Adituen ustez, ikerketak mosaiko anatomiko bat osatu du oso ondo kontserbatutako aztarna batzuetatik abiatuta. Mosaikoa ikusita, espeziea deskribatu zuen Lee Berger antropologoak idatzi du hain ondo kontserbatu ez diren fosilen kasuen interpretazioa berraztertu beharko litzatekeela.

Duela 2 milioi urteko hezurrak 2008an aurkitu zituzten, Malapa kobazuloan (Johannesburgetik gertu). Bi urte geroago, Bergerrek espezie berri bat izendatu zuen aztarna horietatik abiatuta: Australopithecus sediba.

Adituen ustez, hiru aleren hezurrak dira; haietatik, ale bakarra erabili zuten berez espeziea deskribatzeko, baina ikerketa hiruren aztarnekin egin dute. Guztira, ikertzaileek hortzak, barailak, toraxeko eta besoetako hezur asko, tibiak eta bizkarrezurraren puska asko aztertu dituzte.

Oso azterketa osoa da, erakusten baitu Australopithecus sediba nola ibiltzen zen, nola mugitzen zen eta nola egiten zuen hozka. Lana sei ikerketa-taldek egin dute, eta orain seien emaitzak aldi berean argitaratu dituzte Science aldizkarian, Bergerren beraren sarrera batekin.

Emaitza, “mosaiko anatomikoa”, puzzle moduko bat da, baina berezitasun bat du: puzzlearen pieza bakoitzak kontatzen duen istorioa ezberdina da. Hain zuzen ere, kasu batzuetan, bi hezur-multzoren azterketek kontrako ondorioetara eramaten dute.

Hortzen azterketa filogenetikoaren arabera, Australopithecus sediba Hegoafrikan aurkitutako Australopithecus africanus espeziearen antzekoa da, baina ekialdeko Afrikan azaldu direnen aldean ezberdina (Lucy ospetsuaren aldean, adibidez). Barailen azterketaren arabera, aldiz, Australopithecus africanusen ezberdinak dira.

Besoa, besaburua, sorbalda eta, oro har, toraxeko hezurrak primitiboak dira. Zuhaitzetan eroso ibiltzeko aproposak dira, adituen ustez. Tximino-itxura handiagoa dute hominido-itxura baino. Bizkarrezurraren orno-kopurua eta kurbadurak, aldiz, Australopithecus africanusen ondorengoenak eman arren, Homo erectus jakin baten bizkarrezurrarenen antzekoagoak dira. Eta Australopithecus sedibaren hanketako hezurrek badituzte hankabikoen ezaugarriak.

Azkenean, azterketak erakutsi du eboluzioa ez dela prozesu lineal bat izaten. Australopithecus sediba ez da tximinoetatik hominidoetarako bideko urrats bat. Ezaugarri batzuk tximinoenak ditu eta beste batzuk hominidoenak, baina, Bergerrek nabarmentzen duen bezala, konbinazio horrek erakusten duen bilakaera oso ezberdina da beste australopitecoek eta lehen hominidoek erakusten dutenarekin alderatuta. Eboluzioaren mosaiko bat da.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila