Australia espazio-portua

Mende bukaerarako Australiak bi espazio-portu izan ditzake. Proiektua bultzatzen ari diren bi konpainien arabera, ingurugiro-inpaktuaren azterketa egitea soilik falta da.

Espazio-portu berriak.

Biek, Asia-Pacific Space Centre-k (APSC) eta Space Transportatin System-ek (STS), jaurtiketa-tokiak aurkitu dituzte: lehenak York penintsulan eta bigarrenak Darwin-en inguruetan. Bi konpainiek, bestetik, jaurtigailu errusiarrak erabiltzeko asmoa dute: Soiuz lehenak eta Proton M bigarrenak. Errusiar jaurtigailuen fidagarritasunak kargaren aseguruen kostua beheratzen lagunduko du.

APSC Estatu Batuetako, Australiako eta Hego Koreako konpainien kontsortzioa da eta bere asmoa 1999aren bukaerako lehen jaurtiketak egitea da. Gainera, asteko hiru jaurtiketa egiteko asmoa dute. Kontuan hartu Arianespacek hileko bat egiten duela.

Bi espazio-portuak ekuatoretik 15°-tara egongo dira (Kourou-ko jaurtiketa-basea bakarrik dago gertuago) eta horrek kargak espazioan jartzeko erregai gutxiago behar izatea ekarriko du. STSren arabera, Proton jaurtigailuak 7 tonako karga jarri ahal izango du espazioan Australiatik, Kazakhstandik jaurtita baino tona bat gehiago.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila