Arte paleolitikoaren altxor berria Lekeitioko Armintxe kobazuloan

Lekeition kobazuloa oso ezaguna den arren, inork ez zuen espero honelako altxorra azalduko zenik kobazuloaren bukaeran: berrogeita hamar animalia-irudi ikusgarri, tartean bi lehoi -Kantauri Itsasoaren inguruan inoiz azaldu gabeko animaliak-.

arte-paleolitikoaren-altxor-berria-lekeitioko-armi
Bobedan azaldutako grabatuen irudikapena Arg. Bizkaiko Foru Aldundia

ADES taldeko espeleologoek aurkitu zituzten irudiak udaberrian. Bizkaiko Foru Aldundiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak adierazi duenez, "paleolitiko garaiko artearen benetako santutegi bat” da. “Benetako altxorra. Gizaki guztioi dagokigun altxorra".

Bi lehoiez gain hamasei zaldi, bost ahuntz, bi bisonte eta identifikatu gabeko lau animalia azaldu dira, bobeda kokatuta dagoen tokiagatik argi natural soilaz ikusten direnak. Dena harriaz grabaturik daude. Duela 14.500 urteko artearen adibide argia da Armintxe kobazuloa, eta “Iberiar penintsula osoan ezagutzen den multzo ikusgarri eta harrigarriena” dela adierazi du Ahaldun Nagusiak.

Animaliak detaile handiz irudikatuak daude, Madeleine aldiko artean ohikoa den bezala: ilea, ahoa, begiak eta bestelako elementuak kontu handiz eginda azaltzen dira. Historiaurreko katedradun eta Kantabriako Unibertsitateko César González lanean aritu da koban, eta haren esanetan irudien kalitatea oso handia da. “Teknika paleolitiko xumeak erabiltzen zituzten, baina oso ondo moldatzen zituzten esku artean zuten euskarrira. Armintxa kobazuloko kareharriak pareta zimurtsua eta ezegonkorra bihurtzen du, eta erraz askatzen da. Harriaz grabatzean kareharria piska bat altxatu egiten da eta oso ondo ikusten da irudia”. Irudi guztiak teknika horren bidez eginak daude, eta horrek oso berezi egiten du bobeda.

Lehoi baten grabatua azaldu da Armintza kobazuloan, Kantaurin azaldu den aurrenekoa. Arg. Bizkaiko Foru Aldundia

Lehoiari dagokionez adierazi du felinoak Iberiar Penintsularen iparraldetik duela 10.000 urte inguru desagertu zirela, Europako beste toki batzuetatik beranduago desagertu baziren ere. Onartu du, era berean, Orio eta Aia bitarteko Altxerri kobazuloan badagoela irudi bat hiena edo lehoi handi bat irudikatu dezakeena, baina Armintxekoa da irudi argia den bakarra.

Irudiak egiteko teknika eta kalitatea aipagarriak diren bezala, Armintxe kobazuloak badu bestelako altxorrik ere: irudi abstraktu batzuk azaldu dira, klabiformeak deritzenak. Irudi abstraktu horiek Pirineoen bestaldean azaltzen diren sinboloen berdin-berdinak dira. Horrek agerian uzten du hemengo eta Pirineotako bestaldeko populazioen artean komunikazioa zegoela. Gonzálezen arabera, “handik ereduak eta ideiak iristen ziren. Baina interakzioa bi zentzutan izan zen, hemengo elementuak ere han azaltzen baitira”.

Haiek mugimendu handiko garaiak izan zirela dirudi. Gonzálezen esanetan, “ingurumenaren faktorea izango zen tartean, baina antolaketa sozialak bizi zituen aldaketek ere eragindakoak izango ziren. Garai honetan, ustiapen ekonomikorako estrategiak dexente aldatu ziren.”

Ia segurtasun osoz esan dute panel nagusia dagoen kobazuloko barrunbearen hondoko lurra duela 14.000 urtetik hona inork ez duela zapaldu eta, seguru asko, Paleolitoko garai hartan grabatuak egin zituzten pertsonen arrastoak ere aztertzeko aukera izango dela.

Armintza kobazuloko bobedan azaldutako grabatuak Arg. Bizkaiko Foru Aldundia

Bizkaiko Foru Aldunditik eskerrak eman dizkiote Gernika-Lumoko ADES espeleologia taldeari, hark egin baitzuen irudien aurkikuntza. Beste hainbat kobazuloetako aurkikuntzak ere egin dituztela gogorarazi dute.

Santimamiñe aurkitu zela 100 urte egiten dituen honetan, “aurkikuntzen urtea” bihurtu dela gaineratu du Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak, aurtengo Atxurrako aurkikuntza ere gogora ekarriz.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila