Grabatuak dituen kare-harrizko blokea 2011n aurkitu zuten. Riosen hitzetan, “izugarrizko emozioa” sentitu zuten, eta Arlanpeko Dama deitu zioten, Anbotoko Damari keinu eginez: “hura bezala, milaka urtetan egon baita kobazuloan”.
Zailena “harri koxkor hura” haitzulotik jaistea izan omen zen, 70 kilo baititu gutxi gorabehera. Emakume-itxurako grabatu eskematikoak arrokaren bi aldetan agertzen dira. Irudietako bitan lehen marrak bakarrik ikusten badira ere, beste bat oso-osorik dago. Enborra, besoak, hankak eta burua ageri ditu, eta estiloak bat egiten du Europaren erdialdean eta Frantzian aurkitutako antzeko grabatuekin. Magdaleniar garaikoak dira, eta Gönnersdorf-Lalinde izeneko tipokoak. Horrek batasun kulturala adieraziko luke.
Arlanpeko irudiek, gainera, badute berezitasun bat: Gönnerdorf-Lalinde tipoko irudi zaharrenetakoak dira; hain zuzen, Gönnersdorf-ekoak baino 1.000 urte inguru zaharragoak dira. Ikertzaileen arabera, horrek, batetik, grabatu-mota hori uste zutena baino antzinakoagoa dela erakusten du; eta, bestetik, Europaren hego-mendebaldean sortu zela eta, gero, azken glaziazioaren amaieran populazioak iparraldera migratzean, hedatu zela dioen hipotesia indartzen du.
Bestalde, grabatuek izan zezaketen funtzioa edo esanahia ere aipatzen dute. Haien esanean, ustez ehiza-leku zen toki batean arroka grabatu bat egotea ez da azaltzen erraza, baina baliteke espazio erritual bat sortu nahi izatearekin lotuta egotea. Hain justu, azalpen bera proposatzen dute Kantauriko beste leku batzuetarako ere.
Riosekin batera, Bilboko Arkeologia Museoko, Tolosako Unibertsitateko eta Ikerbasqueko ikertzaileak aritu dira lanean; tartean dira, adibidez, Diego Garate eta Asier Gomez-Olivencia. Giza Eboluzioaren Espainiako Ikerketa Zentroak zuzendu du ikerketa (CENIEH), eta Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren eta Barandiaran Fundazioaren laguntza jaso du.
Elhuyarrek garatutako teknologia