Otso-armiarma emeek nahiago omen dituzte lehendik ezagutzen dituzten arrak kopulatzeko. Horrek ondorio garbi batera eraman ditu ikertzaileak: armiarma eme horiek oroimena dute.
Armiarma-espezie askotan bezala, Schizocosa uetzi arrek kopulatzeko unean emearen mokadu bilakatzeko arriskua dute. Espezie horretako arrek, ordea, emeek baino sexu-garapen azkarragoa dute, eta emeak heldu baino lehen ere erakustaldiak egiten hasten dira.
Aurrerago, emeak sexualki heltzean, errazago onartzen dituzte ‘nerabe’ ziren garaian ikusitako arrak edo haien antzekoak direnak. Areago, ezagunak ez dituzten arrak maizago jaten dituzte ezagunak dituztenen aldean.