Mendeetan zehar matematikari askok lortu ez zutena lortu zuen Wiles-ek: Fermaten azken teorema ebaztea. Historikoki duen garrantzia eta matematikaren garapenean izan duen eragin handia goraipatu dute, matematikarientzat Nobel Sariaren pareko dena eman diotenean.
Duela hiru mende planteatu zuen Pierre Fermatek problema, 1637an Alejandriako Diofantoren Arithmetica liburuaren ale bat irakurri zuenean, Pitagorasen teorema aipatzen zuena. Orduz geroztik, matematikari asko saiatu izan dira teorema ebazten, baina alferrik izan dira ahalegin guztiak, harik eta 1994an Wiles-ek ebatzi zuen arte.
Fermaten azken teoremak zenbaki osoen arteko erlazio soil bat adierazten du. n 2 baino handiagoa denean, ez daude hiru zenbaki oso positibo x, y eta z hauxe betetzen dutenak: xn+yn=zn.
Wiles-ek berak aipatu izan du 10 urte zituenean aurkitu zuela herriko liburutegian Fermaten azken teoremari buruzko liburu bat. Harrituta geratu omen zen, 300 urte pasata, oraindik ebatzi gabe zegoelako. “Une hartatik jakin nuen ez niola ihes egiten utziko” -adierazi zuen Wiles-ek- “Ebatzi egin behar izan nuen”. Urte luzez aritu behar izan zuen, ordea, teorema ebazten.
Wiles-en ibilbide zientifiko oparoa aitortu nahi izan du sariak. Baina sarien ibilbide luzea ere badu matematikari ingelesak. Abel Saria jaso aurretik, matematikako eta zientzietako sari garrantzitsu ugari jaso izan ditu lehenago ere: Rolf Schock Saria, Ostrowski Saria, Wolf Saria, Londresko Royal Society-ren domina, eta Shaw Saria, besteak beste.
Elhuyarrek garatutako teknologia