Amazoniak gero eta karbono gutxiago metatzen du

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

amazoniak-gero-eta-karbono-gutxiago-metatzen-du
Arg. Peter van der Sleen

Amazoniako oihanak gero eta karbono gutxiago metatzen du. Azken hiru hamarkadetan Amazoniako biomasa-dinamikaren eboluzioa aztertu du nazioarteko ikertzaile-talde zabal batek, eta ondorioztatu dute azken hamarkadan metatu den biomasa aurreko hamarkadan baino heren bat gutxiago izan dela. Naturen argitaratu dituzte emaitzak.

Baso eta oihanek atmosferako karbonoa xurgatu eta metatzen dute, biomasa moduan. Hala, Lurrean karbono gehien metatzen den lekuetako bat da Amazonia. Baina, ziurgabetasun handia dago oihan tropikalen bilakaera nolakoa izango den etorkizunean, klima-aldaketaren eta atmosferako aldaketen aurrean. Amazoniako biomasan dagoeneko gertatzen ari diren aldaketak ezagutzeko eta etorkizunean gerta litekeenaren zantzuak izateko, Amazoniako 321 puntutan 1883tik 2011ra hartutako datuak aztertu dituzte, eta ikusi dute karbono-metaketak behera egin duela. Zehazki, landarediaren hazkuntza-tasa mantendu egin da, baina hilkortasunak gora egin du.

Gero eta zuhaitz gehiago hiltzen da, eta ikertzaileek uste dute horren arrazoietako bat klimaren aldakortasuna handitu izana izan litekeela. Edonola ere, azpimarratu dute Amazoniaren karbonoa xurgatu eta metatzeko ahalmena txikitzeak atmosferako CO2-aren mailan eragin lezakeela, eta, beraz, klima-ereduetan kontuan hartzekoa dela.

Gai honi buruzko eduki gehiago

Elhuyarrek garatutako teknologia

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila