Alzheimerraren test diagnostiko bat garatu dute, listuko markatzaile batean oinarrituta

alzheimerraren-test-diagnostiko-bat-garatu-dute-li
Arg. Geroa Diagnostics

Listuan azaltzen den biomarkatzaile batean oinarrituta, Alzheimerra izateko arriskuaren berri ematen duen test diagnostiko bat garatu dute Geroa Diagnostics laborategietan. Gorka Orive EHUko Farmaziako irakasle eta Geroa Diagnosticseko ikertzailearen esanean, helburua metodo diagnostiko erraz bat sortzea da, Alzheimerraren lehen sintomak azaldu aurretik diagnostikatzeko. "Izan ere, orain erabiltzen diren metodoak konplexuak eta garestiak dira; esaterako, likido zefalorrakideoaren analisia eta PET edo RMN bidezko iruditeria", azaldu du Orivek. Horrenbestez, garatu duten testa oso lagungarria izango litzateke asaldura erraz diagnostikatzeko eta tratamendu goiztiarra ezartzeko.

Biomarkatzaile hori berria da, eta, Geroa Diagnosticsekoek jakinarazi dutenez, patentatuta dute. Orain, testa probatzen ari dira, Harvard Unibertsitatearekin eta Massachusetts Ospitalearekin lankidetzan. Orivek dioenez, "dagoeneko 700 lagunekin probatu da, eta ikusi dugu oso baliagarria dela kasu positiboak zein negatiboak diagnostikatzeko.”

Hilabete batzuk barru, baliozkotuta egongo dela espero dute. Gaitzaren arriskua diagnostikatzeko ez ezik, tratamendu berriak garatzeko ere baliogarria izango delakoan daude. Gainera, Parkinsonaren diagnostikoan ere lanean ari direla aurreratu dute.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila