Ameriketako Estatu Batuetako (AEBetako) gobernuak aditzera eman duenez, Commerce Department's National Institute of Standards and Technology (NIST)eko ikerlari-talde batek atomoz osaturiko laser izpia sortzen duen aparatu berria sortu du, orain arte zeudenak baino emaitza hobeak emango dituena. Lehenengo atomozko laser izpia Massachusetts-ko MIT Teknologi Institutuan lortu zuten duela bi urte eta lortutako ondorioa berri honen argazkian ikus daiteke.
Laser aparatu konbentzionalek argizko izpiak sortzen dituzte, argiaren fotoiak izpi bakar eta mehe batean kontzentratuz.
Duela bi urte atomoekin berdina egin zitekeela frogatu zen, eta Atomozko Laser izpiak sortu ziren.Izpi hauek lortzeko zientzialariek Bose-Einstein kondentsatua izeneko materia-mota exotiko bat lortu dute, sodio-atomoak eremu magnetiko batean ezarri eta ia zero absoluturaino hoztuz. Tenperatura horretan atomoak gelditu egiten dira eta kondentsatu egiten dira, atomo guztiek entitate bakar bat bailiran jokatzen dutelarik. Materia-mota hau Einsteinek aurresan zuen, baina 1995. urtera arte ez zen frogatzerik lortu. Atomoek Bose-Einstein kondentsatuan azaltzen dituzten ezaugarriak aprobetxatuz laser izpia sortzeko gai izan dira ikerlariak. Izpia giza-ile bat bezain mehea da, eta atomoek 6 cm/s-ko abiadura dute. Atomoz osatutako Laser izpiak etorkizunean atomo-izpiak erabiltzen dituzten instrumentuak hobetzeko erabiliko dira, hala nola, giroskopioak eta interferometroak.