Amaren adina handitu ahala gero eta biki gehiago zergatik jaiotzen diren ikertu dute Herbeheretako zientzialariek. Orain arte uste zuten in vitro ernalkuntza gehiago egiten dituztelako izaten zela, baina orain ikusi dute haurdunaldi naturaletan ere aldea dagoela, eta hormona-kontua dela.
Normalean, obulutegien folikuluetan, hilean obulu bakar bat heltzen da. Hura askatzen da, zenbait orduz ernaltzeko moduan dago, eta, ernaldu ezean, hil egiten da. Emakumearen adina handitu ahala, mekanismoak akats gehiago ditu, menopausia iristen den arte; ordutik aurrera, obuluak askatzeari uzten diote obulutegiek.
Baina 35 urtetik aurrera eta menopausia iritsi bitartean, organismoak gero eta FSH hormona gehiago ekoizten du. Hormona horrek folikuluen garapenean du eragina, eta, orain ikusi dutenez, badirudi gorputzak nolabait orekatu egiten duela obulutegien gainbehera, FSH gehiago ekoitziz. Antza denez, batzuetan gehiegi ere ekoizten du, eta horregatik askatzen dira bi obulu ziklo berean. Biak ernaltzen badira, bikiak sortzen dira.
Ondorio horretara iristeko, 507 emakumeren 959 ziklo aztertu dituzte. 105 emakumek izan zuten obulazio bat baino gehiago ziklo berean, eta 105 horietatik 5 besterik ez ziren 30 urtetik beherakoak, 45ek 30-35 urte zuten, eta 55ek 35 baino gehiago.