2017ko zientzia-albiste nabarmenenak

2017ko-zientzia-albiste-nabarmenenak
Neutroi-izarren talkaren ilustrazioa. Ezkerrean, masaren irudikapena; eskuinean, berriz, espazio-denbora nola distortsionatzen den erakusten da. Arg. Karan Jani/Georgia Tech

Aurten Elhuyar Zientziak landutako gaien artean, hauek izan dira eragin handiena izan dutenak:

1. Bi neutroi-izarren arteko talka detektatu dute, grabitazio-uhinen bidez

2017ko abuztuaren 17an, grabitazio-uhinak detektatzeko LIGO eta Virgo behatokietan orain arte jasotakoetatik bereizten zen seinale bat jaso zuten. Azkenean, bi neutroi-izarren arteko topaketa izan dela ondorioztatu zuten. Lehen aldia da halako fenomeno baten seinalea jasotzen dela, eta garrantzi handia eman diote aldi berean bi bideren bitartez jaso izanari: grabitazio-uhinen eta uhin elektromagnetikoen bidez.

2. Paleolitoko behe-erliebeak topatu dituzte Aitzbitarten

Madeleine aldiko lau behe-erliebe aurkitu dituzte Aitzbitarte IV kobazuloan (Errenteria): bi bisonte, zaldi bat, eta beste animalia bat, oraindik ez dakitena ziur zer den. Kantauriar mendikatean topatutako lehenak dira. Haiekin batera, hamabi grabatu inguru ere aurkitu dituzte.

3. CRISPR teknika erabiliz, gaixotasun bat eragiten duen mutazio bat zuzendu dute giza enbrioietan.

Kardiomiopatia hipertrofikoa eragiten duen mutazioa zuzendu dute giza enbrioietan, CRISPR erabilita. Teknika horrek pizten duen interesaren adierazle da Teknopolisek saria jaso izana ASEBIO lehiaketan. Hain zuzen, Bioteknologiaren komunikazioa eta dibulgazioa saritzen du ASEBIOk, eta Telebista eta Irratia kategorian saritu du “CRIPSR/Cas9, genoma mozteko guraizeakTeknopolisen erreportajea. 

4. Agur, Cassini

Lurretik abiatu zela 20 urte igaro direnean, 13 urtez Saturno eta haren ilargiak eta eraztunak behatu ondoren, eta erregaia agortzeko zorian zuela, bere burua planetaren aurka botata suntsitu da Cassini zunda.

5. Zientzialarien bigarren ohartarazpena gizateriari: etorkizuna arriskuan jartzen ari gara

Duela 25 urte,  “Munduko zientzialarien ohartarazpena gizateriari” izeneko manifestua argitaratu zuten. Orain, 15.000 zientzialarik baino gehiagok bigarren ohartarazpen bat sinatu dute. Manifestuan, kezka adierazi dute ingurumenari egindako kalteengatik, eta jokabidea aldatu beharra zegoela aldarrikatu dute.

6. Antisorgailu hormonalak eta depresioa: erlazioa aztergai

15-34 urteko milioi bat neska eta emakume baino gehiagoren datuak ikertuta,  antisorgailu hormonalak hartzearen eta depresioa izateko joeraren artean harremana dagoela ondorioztatu dute Kopenhageko Unibertsitateko ikertzaileek.

7. Martxan jarri dute ama-esnearen EAEko lehen bankua

EAEn abiatu berri den Ama Esnearen Bankuak dagoeneko 30 emaile ditu, eta beste 80 emakume itxaron-zerrendan daude. Izan ere, ebidentzia zientifiko ugari dago ama-esneak haur goiztiarrentzako dituen onurez, eta kasu askotan, haien amek oraindik ez dute behar adina esne sortzen.

8. Pirinioetako glaziarrak, gainbehera etengabean

Pirinioetako glaziarrek 243 ha-ko azalera hartzen dute gaur egun, 1850ean baino % 88 gutxiago, Euskal Herriko Unibertsitateko Ibai Ricok eta Magallanes Unibertsitateko Eñaut Izagirre glaziologoek  egindako lan baten arabera.

9. Emakumeak maite ez dituen zientzia

Emakumearen Nazioarteko Egunaren ondorenean, Teknopolisek saio monografiko bat eskaini zion emakumeek zientzian duten egoerari. Non daude emakume zientzialariak? Zergatik uzten dute gizon baino emakume askoz ere gehiagok karrera zientifikoa? Nola izan daiteke ikerketa-lan bat objektiboa eta bikaina ez baditu emakumeak aintzat hartzen?

10. March for Science

Donald Trump presidenteak klima-aldaketaren aurrean duen jarrerari erantzuteko, hainbat zientzialarik March for Science mugimendua sortu dute. Mugimendua hiri askotara zabaldu da, eta dagoeneko, Estatu Batuetara ez ezik, beste hainbat herrialdetara ere iritsi da.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila