Steve Jobs desmitifikatuz

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

Urrian, Steve Jobs Appleren sortzaile eta burua hil zen. Orduan komunikabideek esan zutenari kasu eginez gero, Steve Jobs teknologiaren jenio bat zen, IKTen liberatzaile eta popularizatzailea, informatikaren historian izandako gizonik handiena, eta beste gauza asko gehiago. Baina benetan hainbesteraino al zen? Artikulu hau sinatzen duenaren ustez, Jobsi hainbat merezimendu onartu behar bazaizkio ere, teknologikoki duen meritua, askatzaile-izaera edo informatika bere osotasunean hartuta izan duen eragina ez dira egotzi dizkiotenak bezainbatekoak, ezta gutxiago ere.
steve-jobs-desmitifikatuz
Arg. © Anatolii Babii/123RF

Steve Jobs eta Appleri ezin zaie ukatu kontsumoko informatikan eta informatika profesionaleko arlo batzuetan izan duten eragina. Leihodun interfazeak, sagua, MP3 erreproduzigailuak, smartphoneak, tabletak, eta abar. Applek popularizatu ditu gailu horiek guztiak, Mac ordenagailu, iPod, iPhone eta iPadekin, eta lehiakideak ere bide horretara eraman ditu, eta jendearen ohiturak eta mundua aldatu. Baina horietako bat ere ez da izan Jobs edo Appleren asmakizuna, nahiz eta komunikabideek hala dela saldu diguten. Gailu-mota horiek denak existitzen ziren aurretik; wikipediara jo besterik ez dago horretaz jabetzeko.

Izan ere, Applek inoiz ez du garatu teknologia berri bakar bat ere. Haren jarduna besteen ideiak hartu eta kopiatu, diseinu erakargarria eman eta marketin ona egitean datza (eta azken urteetan ezta azken hori ere, marketina doan egiten baitzioten jainko bat balitz bezala mirespenez begiratzen zioten komunikabideek). Eta arrakasta onartu behar zaie horretan. Enpresa-ikuspegitik meritua onartu behar zaio zalantzarik gabe, baina ikuspegi teknologikotik...

Informatika askoz gehiago da

Seguruenik, Steve Jobsi komunikabideek esleitutako rol ene iduriz gehiegizkoak ez dio gutxi zor kazetariek informatikaz duten ezezagutza eta ikuspegi murritzari. Eta baita, segur aski, kazetaritzan aspaldidanik Apple ordenagailuak asko erabili izanari ere (Quark XPress moduko programengatik). Baina informatikari baten ikuspegitik, gauzak beste modu batean ikusten dira.

Askok eta askok jo dute Jobs informatikaren historian eraginik handiena izan duen pertsonatzat. Beharbada (eta soilik beharbada) hori egia izan liteke kontsumoko informatika bakarrik hartzen badugu aintzat, baina informatika hori baino askoz ere gehiago da. Superkonputaziorako ordenagailuak eta ordenagailu-klusterrak daude (guztiz beharrezkoak gaur egun, zientziak aurrera egiteko), Interneteko zerbitzariak, makina eta gailuak kontrolatzen dituzten sistema eragileak eta programak... Eta horietan guztietan Appleren presentzia edo eragina hutsa da, zero.

Askatzaile-izaera?

Askorentzat, informatikaren askatzailea izan da Jobs, teknologia benetan jendearen eskuetan jarri duena. Nire ustez, nekez har daiteke askatzailetzat teknologia bere produktu hipergarestiak eros ditzaketenen eskuetan soilik jartzen duen enpresa bat, are gehiago kontuan izanda gero antzeko produktuak merkeago egiten dituzten enpresak auzitara eramaten dituztela kopiatzeagatik (ironikoa ere bada Applek hori egitea, berek ere besteen ideiak hartu izan baitituzte beti); askatu baino gehiago, kontsumitzaileak beren gailuen menpeko egin nahi dituzte...

Isaac Newtonek esan zuen: " Urrunago ikusi badut, erraldoien bizkar gainean nagoelako da (If I have seen further it is by standing on the shoulders of giants) ". Zientziaren aurrerapenaren eredua adierazten du, non edozein aitzinamenduk aurretik beste batzuek egindako lanari asko zor dion. Eta horrela funtzionatzen du mundu akademiko-zientifikoak, aurkikuntzak publiko eginez, beste batzuek baliatu ditzaten, eta hori da benetako askatasuna. Zuk eragindako aurrerapausoa patentatu, garesti saldu eta beste batzuei erabiltzen ez uztea, ez. Enpresa-eredua da Jobs eta Applerena, askatzailetik ezer ez duena.

Informatikaren hasierako garaietan, aurrerapenak mundu zientifikoan eta bide horretatik eman ziren. Gero, erabiltzaile nahikoa egon zenean, enpresa handiak sartu ziren informatikaren munduan (Microsoft, Apple...), eta eredua erabat aldatu zuten. Azken urteetan, software librearen mugimendua da benetan bide horretara itzultzea bilatzen duena. Informazioa zabaltzearen eredu horri jarraitzen diotenei esker eman dira azken urteetako aurrerapenik handienak, ez enpresei esker. Pentsa dezagun une batez zer gertatuko litzatekeen Berners-Lee webaren asmatzaileak bere asmakizuna patentatu balu, eta Linus Torvaldsek Linux sistema eragilea eta Richard Stallmanek sortutako software guztia (horiekin funtzionatzen dute web-zerbitzari gehien-gehienek) liberatu ez balute: webean ibiltzeagatik kristoren lizentziak ordaindu beharko lirateke, web-zerbitzariak eta web hosting ak askoz garestiagoak lirateke eta ez leudeke edonoren eskura. Weba ez litzateke gaur egun ezagutzen dugun modukoa izango.

Puztutako mitoa?

Artikulu honetan Apple eta Jobsen figura desmitifikatzeko azaldutako guztiak ikuspegi teknologikoari dagozkio, baina haien alde ilunak baditu beste alderdi batzuk ere: beren produktuen bidez ezarri nahi duten kontrola eta gizarte-ikuspegiaren inposizioa (berek nahi dituzten aplikazioak soilik instala daitezke, haien dendetan soilik eros daitezke kultura-produktuak, horiei zentsura aplikatzen diete...), Jobsek erakusten zuen harrokeria lehiakideei buruzko deklarazioetan...

Hala ere, zalantzazkoa da Steve Jobsei buruz esan diren gauza guztiak zenbateraino diren haren kontu hutsa, eta zenbateraino Applerena. Niri zaila egiten zait pentsatzea asmatutako produktu guztiak, hartutako erabaki guztiak --zuzen nahiz oker--, pertsona bakar baten gauza direnik; enpresa handi bat dago hor atzean, besteek ere izango zuten parterik. Badaude ahotsak diotenak Jobs irudi publikoa besterik ez zela, beste batzuek diseinatu zituztela produktu guztiak (batez ere, azken aldikoak), eta bera saltzaile hutsa zela; finean, marketinean oso ona den enpresa baten marketin-eragiketa handiena zela Jobs. Hala bada, Jobs ez zen izango artikulu honetan marraztu dugun bezain zitala; baina ezta komunikabideek irudikatu diguten santua ere, bestalde.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila