Liburu elektronikoak eta DRM: musika- eta bideo-industrien akatsak errepikatzen

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

Iazko irailean, DRM (Digital Rights Management) sistemei buruz hitz egin genizuen; formatu digitaleko abesti eta filmen kopiak ekiditeko erabili izan diren sistemez, alegia. Orduan genioen euskarri horietan DRMa hilda zegoela, baina mundu digitalerako lehen pausoak ematen ari zen liburu-industrian agian berpiztuko zela. Geroztik pasatu den urte-erdi eskasean, agente asko (on line liburu-dendak, argitaletxeak edo hardware-fabrikatzaileak, Euskal Herrikoak nahiz kanpokoak) liburu digitalen negozioan sartu dira, eta panorama argitu egin da: liburu digitalen industriak DRMaren aldeko apustua egin du.

Liburu elektronikoak eta DRM: musika- eta bideo-industrien akatsak errepikatzen
2010/03/01 | Leturia Azkarate, Igor | Informatikaria eta ikertzailea
(Argazkia: © iStockphoto.com/Claudio Bravo)

10 urte alferrik pasatu balira bezala, liburuen industria musikarenak eta bideoarenak DRM sistemekin egin zituzten akats berberak errepikatzen ari da. Izan ere, joan den irailean genioenez, bi arazo nagusi dituzte sistema horiek: batetik, erabiltzaileei arazo ugari sortzen diete, eta diskoak, pelikulak edo liburuak erostera bultzatu beharrean, P2P sareetatik eta horrelako beste bide batzuetatik lortzera bultzatzen dituzte; bestetik, sistema horiek alferrikakoak izaten dira, eta beti egongo da norbait babesa gainditzea lortuko duena.

Erabiltzaileentzako mugak eta arazoak

Liburu digitaletan jartzen diren DRM sistemak honetan dautza: hasteko, liburu digitalak irakurtzeko erabiliko diren gailuak (liburu elektronikoa, ordenagailua, telefono mugikorra...) erregistratu egin behar dira saltzailearenean, gehieneko kopuru batekin; gero, obrak irakurri ahal izateko, irakurgailu horietan software jakin bat instalatu behar da, liburuak legalki erosi direla ziurtatzen duena; eta liburu digital bat erosi eta deskargatzen denean, enkriptatuta dator eta erregistratutako gailu horietan eta programa horrekin soilik irakur daiteke. Azken finean, ez da liburua erosten, liburua baldintza jakin batzuetan irakurtzeko lizentzia baizik, softwarearekin bezala. Eta paperezko liburuekin genituen eta legeak bermatzen zizkigun eskubide asko murriztu egin zaizkigu: guk geuk gure gailuetan ikustea da egin dezakegun gauza bakarra, eta ezin diegu familiakoei edo lagunei liburuak utzi, edo liburutegietatik maileguan hartu... Kontrol erabat orwelldarra da.

Kontrol hain hertsia egin nahi izateak, gainera, eragozpen-mordoa eragiten du. Adibidez, DRM sistema batzuk irakurri ahal izateko softwareek gailu edo sistema eragile jakin batzuetarako bakarrik balio dute. Bestetik, ordenagailu, telefono edo liburu elektroniko bat aldatzean, aldaketa hori erregistratu egin behar da liburuak erosi ditugun dendetan, eta gailu berri horretan irakurri ahal izango diren liburuak berriz deskargatu behar dira, baina gailu-aldaketa onartua izateko denbora bat pasatu behar da, eta, kasu batzuetan, deskarga-kopuru maximoa gainditu egin daiteke gailua askotan aldatzen badugu.

Azkenean, sortzen dituzten arazo guztiekin, erabiltzaileak liburuak sarean dohainik bilatzera bultzatzen dituzte, eta, hala, lortu nahi zenaren, hau da, pirateria ekiditearen, kontrako efektua lortzen da.

Dena alferrik

Gainera, lehenago edo beranduago, erabiltzaileek DRM sistema guztiak krakeatzea edo deuseztatzea lortzen dute. Horrela gertatu zen musikaren eta filmen kopiak ekiditeko sistemekin, eta horrela gertatzen ari da liburuenekin. Amazonen eta Barnes Nobleren DRM sistemak deuseztatuta daude jada. Bestalde, liburuek ere badute zulo analogikoa, ezerk ezin du ekidin liburu bat orriz orri eskaneatu eta OCRratzea (karaktere-ezagutzaile bat pasatzea, irudia testu bihurtzeko). Hala, eMule eta halako P2P sareak liburu digital komertzialez josita daude.

Duela gutxi Apple ere agertu da liburu elektronikoen eszenatokian bere iPad-arekin: funtsean liburu-irakurgailu elektronikoen antzeko gailua da; bereizgarririk nabarmenena koloretako ukipen-pantaila du, eta, horregatik, argazkidun egunkariak eta aldizkariak irakurtzeko egokiagotzat aurkeztu dute. Egunkarien esperantza da paperean gainbehera doan negozioa altxatzea iPad-ak, lehen iPod-iTunes binomioak musikarena jaso zuen bezala; testuinguru honetan soilik uler daiteke medioek batere berritzailea ez den gailu honi egin dioten neurriz kanpoko harrera ona. Eta jakina da Apple-k ez duela inongo eragozpenik edukien industrien nahietara makurtu eta bere gailuak DRMz betetzeko.

Hala ere, argitaletxeek, dendek eta hardware-fabrikatzaileek planteatzen duten eredu horrek ez du etorkizunik. Musika- eta bideo-industrian huts egin zuen, eta hala egingo du liburuarenean ere. Nahiz eta oraindik hori guztia hasi berri den, eta oraingoz DRMaren aldeko apustua den nagusi, hasi dira jadanik bestelako mugimenduak agertzen. Adibidez, Sony Reader irakurgailuek eta haren on line dendek, hasieran Adoberen DRMa erabiltzen bazuten ere, kendu egin dute jada. Gainera, denda eta argitaletxe txiki askok DRMrik gabeko liburuak saltzen dituzte. Besteak saiatuko dira oraindik egoerari eusten, baina DRMa desagertzea denbora-kontua besterik ez da.

Leturia Azkarate, Igor
2
262
2010
3
018
Softwarea; Hardwarea
Mundu digitala
22

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.