Jantzita eramateko informatika

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

Informatika aldean daramagula badira jada urte batzuk. Izan ere, gaur egun edonora gurekin eramaten ditugun smartphoneak, tabletak, e-book irakurgailuak, argazki kamera digitalak eta bestelako gailu elektronikoak benetako ordenagailuak dira. Datozen urteetan, baina, urrats bat harago egingo du honek: informatika aldean eramatetik jantzita eramatera pasatuko gara, wearable computing deritzon joeraren bidez.
jantzita-eramateko-informatika
Googleren Project Glass betaurrekoen prototipo bat. Arg. © Googleren Project Glass

Wearable computing terminoak, jantzita edo soinean eramateko informatika esan nahi du. Ordenagailu berriok arropan bertan edo janzteko osagarri gisa (betaurrekoak, erlojuak...) eramango ditugu. Honezkero hasi dira erakusten horrelakoen prototipo eta iragarkiak, eta gailuren bat edo beste jada merkatuan ere badago.

Betaurreko adimendunak

Beharbada ezagunena Googleren Project Glass da. Oraindik garapenean dauden betaurreko hauek mundu teknologikoaren arreta erakarri zuten apirilean kontzeptu gisa aurkeztu zituztenean. Egin nahi duten gailuak kristalean une bakoitzean baliagarri izan dakigukeen informazioa proiektatuko luke (gure agenda, joan behar dugun tokira iristeko argibideak, egingo duen eguraldia eta abar), horretarako hainbat informazio-iturri erabilita: adibidez, gure posizioa, orientazioa, Interneteko konexioa edo irudien ezagutza. Horrez gain, ahots bidez emandako aginduak ezagutu eta horien araberako ekintzak gauzatzeko ahalmena izango luke: e-mailak bidali, Interneten informazioa bilatu edo erosketak egin...

Kontzeptu horren bideoa ikusgarria da benetan, eta bertan erakusten dena ez da zientzia-fikzioa. Izan ere, edozein smartphon ek egin ditzake gauza horiek. Denek dute errealitate areagotua erakusteko ahalmena (kamerak hartzen duen irudiari informazioa gehitzea da hau, duela hiru urte kontatzen genizuenez), GPSa, iparrorratza eta Interneterako konexioa baitute. Eta aurtengo urtarrileko zenbakian esaten genizuen bezala, ahots-ezagutza ere badute. Ziur aski erronka handiena teknologia hori guztia betaurreko batzuetan sartzea izango da, bateria batez ere; Ruperrenak txiki utziko dituzten pastadun betaurrekoak ikusiko dira berriz ere!

Googlek jada badu bere betaurrekoen prototipo bat, eta urte bat edo bitan kaleratuko dituztela esaten da. Eta Microsoftek ere berriki eskuratu du errealitate areagotudun betaurreko batzuen patentea. Bestalde, egun erabilera eta jarduera konkretuetarako badaude antzerako gailuak, behintzat horietako gauza batzuk egiten dituztenak. Adibidez, snowboarding aren profesionalek erabiltzen dituzte horrelako betaurreko batzuk, ahots-ezagutzarik ez dutenak baina beste gauza asko bai: posizioa, abiadura, jauzien altuera eta horrelakoak neurtzen dituzte, eta betaurrekoetan proiektatu eta beste gailu batzuetara bidal ditzakete.

Erlojuak, botoiak...

Erlojuak ere ordenagailu txikiak izateko bidean doaz. Aspaldi erabiltzen dira hainbat kirol-jardueratan erlojuak distantzia, abiadura eta bestelako estatistikak neurtu, gorde eta ordenagailura pasatzeko gaitasuna dutenak. Baina gero eta sentsore, funtzio eta ahalmen gehiago dituzte, eta smartwatch izena eman zaie, hau da, erloju adimendunak. Oraintsu erabilera ohikorako Android sistema eragiledun erlojuak ere atera dira, Sony Smartwatch edo WIMM One adibidez. Hauek hainbat aplikazio instalatuta dakartzate eta berriak instalatzen ahal zaizkie. Bestalde, berriki Googlek errealitate areagotudun erloju baten ideia patentatu du, zeinari kristala altxatzen zaion eta bertan ikusten dugunaren inguruko informazio gehigarria proiektatzen duen.

Botoi baten antzeko tamaina duten eta botoi baten gisan arropan erantsita (klip baten bidez edo) eraman daitezkeen gailu gero eta ahaltsuagoak ere badaude. Appleren iPod Shuffle musika-entzungailu ezaguna da horien aitzindari. Eta laster aterako dute Memoto, paparrean jartzen den gailu oso txiki bat, automatikoki 30 segundotik behin argazki bat atera eta geolokalizatuta gure ordenagailura edo web zerbitzu batera bidaltzen dituena; lifelogging deritzona egiteko balio du, hau da, gure bizitza osoaren erregistroa gordetzen joateko eta gero egun edo toki jakin baten egin genuena kontsultatu ahal izateko.

Soineko interfazeak

Bestalde, beren-beregi ordenagailuak izan gabe, haiekiko interfaze izateko funtzioa duten soinean eramateko gailuak ere ari dira ateratzen. Halakoak erabilita, beti soinean ditugunez, gailu mugikor bat ( smartphone , tableta edo dena delakoa) erabil dezakegu sakelatik edo poltsatik atera beharrik gabe. Adibidez, badaude eskularru batzuk hatz txikian mikrofonoa eta erpuruan bozgorailua dutenak, eta Bluetooth bidez mugikorrarekin konektatzen direnak; hala, telefonoz hitz egitea adierazteko erabiltzen den zeinua imitatuz benetan hitz egingo genuke. Edo gailuak gogoarekin maneiatu ahal izateko diadema ere ateratzekotan dira.

Informatika gure eguneroko bizitzan sartzen joan zaigu etengabe azken urteotan; laster, gure janzkera eta gorputzen parte izango da. Agian, modaren munduan ere gailu informatikoek markatuko dituzte tendentziak, eta Google eta Appleren azken nobedadeak izango dira irrika bizienez itxaroten direnak, ez teknologiaren munduan soilik, baita Cibeles pasarelan ere!

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila