Aplikazioa edo webgunea? Biak batean, PWArekin

Leturia Azkarate, Igor

Informatikaria eta ikertzailea

Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia

Aspalditik dator eztabaida gailu mugikorretarako hobeak ote diren aplikazioak edo webguneak. Biek dituztenez abantailak eta desabantailak, ez dago erantzun garbirik, baina esan daiteke orokorrean aplikazioak gailendu direla azken urteetan. Orain, ordea, bada teknologia berri bat bien ezaugarririk hoberenak biltzen dituena eta bien funtzioak bete ditzakeena haietako bakoitzaren desabantailak izan gabe: Progressive Web App edo PWA teknologia.

aplikazioa-edo-webgunea-biak-batean-pwarekin
Arg. Dijoantonycj/CC-BY-SA

Gailu mugikorrek Internet daukatenetik posible da haiekin webean nabigatzea. Baina, gaur egun, webgune bat edo web-zerbitzuren bat daukan ia edozein erakunde edo enpresak aplikazio bat ere garatu du, webean ere badauden zerbitzu edo edukiak erabiltzaileen esku jartzeko. Hainbaten iritziz, ordea, ez da hori jarraitu beharreko bidea.

2011n atal honetan idatzitako artikulu batean kontatu genizuenez, webguneek badituzte zenbait abantaila: batetik, denek protokolo eta estandar irekiak erabiltzen dituzte; bestetik, webgune bakarra egin, eta edozein gailutan funtzionatuko du, Android, iOS edo dena delako sistema eragilea duela.

Aplikazioak defendatzen dituztenek ere badituzte beren argudioak. Haietako bat da webgune batek ezin dituela egin aplikazio batek egin ditzakeen zenbait gauza. HTML 5 eta antzeko teknologiei esker webguneek gero eta gauza gehiago egin baditzakete ere, oraindik ere badaude egin ezin dituzten gauza batzuk: jakinarazpenak erakutsi nabigatzailetik kanpo, hasierako irekitze azkarra offline bagaude ere…

Nork du arrazoia? Egia esan, denek. Ezin ukatuzkoa da webguneek ezin dituztela egin aplikazioek egin ditzaketen zenbait gauza, eta horregatik izan dute arrakasta, nahiz eta sistema eragile nagusietako bakoitzarentzat bertsio bat egin beharra dagoen. Edonola ere, aplikazioez gainera, webgunea ere egin beharra dago, ordenagailutik sartzen den jendearentzat.

Aplikazioak diruditen webguneak

Justuki webguneek mugikorretan aplikazioekiko zituzten eragozpenak konpontzeko asmoz proposatu zuen Googlek, duela ia bi urte, Progressive Web App edo PWA teknologia. Beren hitzetan, “webguneekin aplikazio-moduko erabiltzaile-esperientzia lortzea” zen helburua. Finean, teknologia horren funtsa da nabigatzaileei zenbait ezaugarri gehitzea webguneek erabil ahal izan ditzaten. Hala, hobeto balia daitezke gailu mugikorrek eskaintzen dituzten aukerak.

Service worker deritzenak dira PWA teknologiaren ezaugarri nagusietako bat. Backgroundean edo atzealdean exekutatzen diren Javascript kode-zatiak dira. Egin ditzaketen gauzetako bat da, adibidez, Interneteko konexioa daukagunean gure webguneak behar dituen datuak jaitsi eta lokalean gordetzea. Horrela, webguneak, Interneteko konexiorik ez duenean ere, izango balu bezala funtziona dezake, hau da, offline ere ibiltzea ahalbidetuko lioke.

Gainera, webgunearen eskeleto edo eduki finkoa zein edukik osatzen duten zehaztu dezakegu, service workerak lokalean gordeko du, eta, horrela, hurrengoetan webgunea azkar-azkar irekiko da, aplikazioak bezala. Eta service worker horien bidez lor daiteke webgunetik kanpoko jakinarazpenak gailuan bistaraztea ere, aplikazioek egiten duten bezala.

PWAk instalagarriak ere badira. Teknologia hori erabiltzen duen webgune batean bigarren aldiz sartzen bagara eta aurrekotik bost minutu baino gehiago pasatu badira (ez niri galdetu zergatik denbora hori!), instalatzeko aukera emango digu, eta, baiezkoa ematen badiogu, mahaigainean ikono bat jarriko zaigu, beste edozein aplikaziorena bezalakoa.

Beraz, PWA teknologiaz baliatzen den webgune batek aplikazio batek egin ditzakeen gauza ia guztiak egin ditzake. Baina, horrez gain, aplikazioek ez dituzten abantailak ditu. Alde batetik, estekagarria da, edozein webgunek bezala URL bat baitauka, eta haren barneko edozein orri ere bai. Bestetik, bilatzaileek indexatu dezakete, eta aplikazio instalagarri gisa detektatu ere bai. Gainera, aplikazioen dendatik pasatu gabe instala daitezke horrelakoak. Eta, azkenik, garapen bakarra nahikoa da webgune bat eta edozein gailutan ibiliko den aplikazio bat izateko.

Badaude PWA teknologiaren hainbat arrakasta-kasu. Horietako batzuk https://pwa.rocks/ webgunean ikus daitezke. Adibidez, Telegram mezularitza-sistema ezagunak PWA bat dauka, ordenagailuan nahiz webgunean exekuta daitekeena, eta berdin Flipboard aldizkari pertsonalizatuaren zerbitzuak ere. Eta Indiako Flipkart eta Txinako Alibaba eta AliExpress onlineko dendek diote webgunea PWA teknologiara bihurtzeagatiko abiadura-azkartzeak leialtasun eta salmenta-igoera handia ekarri diela.

Pentsatzekoa da gero eta gehiago zabalduko direla PWA webguneak, eta, poliki-poliki, guztiak pasatuko direla horretara. Alabaina, arazoa da nabigatzaile guztiak ez direla ari PWA teknologiak inplementatzen. Software librekoak diren edo protokolo eta estandar irekiei jarraitzen dieten nabigatzaileek inplementatu dituzte edo horretan ari dira (Firefox, Chrome eta Opera), baina Apple eta Microsoft ez, batek daki zergatik. Tira, ziurrenik izango da Googlek, konpetentziak, proposatutako teknologia delako. Appleren kasuan, beste arrazoi nagusi bat goian aipatutakoa izan daiteke: dendatik pasatu gabe instala daitezkeela PWAk. Jakina da Applek ehuneko bat kobratzen duela bere dendaren bitartez erosi eta instalatzen den aplikazio bakoitzeko. Edonola ere, webgune bat PWA bihurtzeak ez du esan nahi ez duela Explorerren, Edgen, iPhonen edo Safarin funtzionatuko, kontua da haietan ezingo dituela baliatu PWAren abantailak.

Hala, ez dago aitzakiarik gure webgunea PWA ez bihurtzeko: gutxienez, webgunea azkarrago ibiliko da Androiden eta ordenagailuetan, eta Androiderako ez dugu aplikaziorik garatu beharko; asko jota, eta nahi badugu, iOS-erako edo Windows telefonoetarako aplikazioa soilik egin beharko dugu, eta, zorte apur batekin, Microsoftek eta Applek jarrera aldatzen badute, etorkizunean hori ere ez. PWA bakarra guztiak gobernatzeko!

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
IRIZAR Koop. Elk.
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
TAJO Group