Ruth Lazkoz Saez Astrofisikaria

“Momentuz, misterioak jarraitzen du”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Ruth Lazkoz Saez (Bilbo, 1971) EHUko Fisika Teorikoa eta Zientziaren Historia saileko irakaslea eta ikertzailea da, eta, uztailetik, baita Espainiako Erlatibitate eta Grabitazioaren Elkarteko lehendakaria ere (SEGRE). Besteak beste, unibertsoaren hedapena ulertu nahian dabil ikertzen, eta eman dituen erantzunetan ere ez da urrundu beretzat eguneroko lana den gaitik: unibertsoaren misterioak.

ruth-lazkoz-saez-momentuz-misterioak-jarraitzen-du
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Grabitazio-uhinen aurkikuntzak. Sekulakoa izan zen: elkartu ziren Fisika eta Ingeniaritza; kalkulu zehatz pila bat egin behar izan ziren Erlatibitate Orokorraren ildotik, Astrofisika ere barne hartuta; eta nazioarteko ahalegina izan zen, korrelazioa aurkitu behar baitzen seinaleen artean. Niri mirakulu bat iruditzen zait; proiektuan sartuta daudenentzat agian ez da izango hainbesterainokoa, baina kanpoan gaudenontzat, koordinazioaren ikuspegitik, lorpen izugarria da. Muga bat zeharkatu dugu, beste alde batera pasatu gara.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Beharbada, posible izango dela espero dugulako, materia iluna zer den argitzea nahiko nuke, edo materia ilunarekin lotutako partikula bat aurkitzea. Azeleragailuren batean izango litzateke, seguru asko, astrofisikoki zaila izango bailitzateke.

Oraindik ez dakigu. Aurkitu berri dira galaxia batzuk, antza, materia ilunik ez dutenak, eta, beraz, are garrantzitsuagoa izango litzateke argitzea eta jakitea zer dagoen haietan, edo Einsteinen teorien doiketa bat egin behar ote dugun... Partikula hori aurkituz gero, izango genuke bidea galaxia horiek ulertzeko. Bestela, berriz, ez bada partikularik aurkitzen, espekulaziorako bide zabala irekiko litzateke. Momentuz, misterioak jarraitzen du.


Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.