Juan Ignacio Pérez Iglesias Fisiologian katedraduna

“Harritzen nau jendeak pentsatzeak errealitatea guk hautematen dugun bezalakoa dela”

Galarraga Aiestaran, Ana

Elhuyar Zientzia

Juan Ignacio Pérez Iglesiasek argi eman ohi du bere iritzia. Oraingoan ez zuen zertan bestelakoa izan, eta halaxe, zehatz eta zorrotz, erantzun die galderei. Hori bai, argi utzi nahi izan du dagoeneko ez dela ikertzailea, duela urte batzuk utzi baitzuen ikerketa-mundua. Geroztik, beste lan batzuetan aritu da, ikertzaile-sena galdu gabe baina.
juan-ignacio-perez-iglesias-harritzen-nau-jendeak-
Arg. Juan Ignacio Pérez
Zerk harritu, asaldatu edo txunditu zaitu gehien, lanean hasi zinenetik?

Beharbada, nire ibilbidea apur bat arraroa da, ibili nintzelako ikerketan 1997-1998ra arte, eta gero betiko utzi nuen. Hamabost bat urte eman nituen ikertzen, eta, hasi nintzenetik, oso ibilbide normala izan nuen, egia esan. Orduan gehien asaldatzen ninduena zen nire inguruko jendeak ez ulertzeak guk egiten duguna nazioartera begira egiten dugula. Garai hartan, gure jardueraren osagai hori ez zegoen onartua; hori denboraren lorpen bat izan da. Baina zientzia-jarduerari dagokionez, esango nuke gauzak atera behar zuten bezala ateratzen zirela; hau da, batzuetan ondo, eta beste batzuetan gaizki. Baina denetatik ikasten da.

Oraingo ikuspegiarekin, iruditzen zait zientzian dabilen jendeak ez duela gehiegi pentsatzen egiten duenaz. Hau da, harritzen nau jendeak pentsatzeak errealitatea guk hautematen dugun bezalakoa dela. Zientzialariok ere pentsatzen dugu hori, eta absurdoa da, argi izan beharko genukeelako errealitatea gauza bat dela, eta guk nola hautematen dugun, beste bat. Kontuz, ez dut esaten errealitate objektiborik ez dagoenik; errealitate objektiboa badago, baina guk hautematen duguna horren interpretazio bat da. Eta jende asko ez da horretaz jabetzen. Ni horrek, ez dut esango asaldatzen nauenik, baina harritu bai, harritu egiten nau.

Behin amari azaldu nion koloreak ez direla existitzen, guk sortzen ditugula gure garunean. Noski, ezin zuen ulertu; amak oinarrizko ikasketak baino ez ditu, eta normala da ez ulertzea. Baina ez da normala ikertzaile batek ez ikustea eta onartzea errealitatea ez dela guk hautematen duguna.

Zer iraultzaren edo aurkikuntzaren lekuko izan nahiko zenuke zure ibilbidean?

Niri bi gauza gustatuko litzaizkidake. Bata da minbizi guztien aurkako terapia eraginkorrak aurkitzea. Izan ere, gure munduan behintzat, minbiziak gaitzik hilkorrenetakoak dira, eta orain uste dut aurrerapen handiak egiten ari direla immunoterapietan; beraz, ea hortik etortzen den iraultza txiki bat edo... Ez dakit hortik etorriko den ezta noiz ere, gero betetzen ez diren promesa gehiegi egiten baitira. Baina hori da nire nahietako bat.

Besteak ez du zerikusirik zientziaren emaitzekin, baina bai zientziaren egoerarekin, eta da nahiko nukeela Euskal Herria izatea munduan zientzia-arloan liderra; ez gastuan, baizik eta emaitzetan, ekoizpenean. Hori, tamalez, ez dut ikusiko; uste dut errazago ikusiko dudala bestea hau baino.

Juan Ignacio Pérez Iglesias
Juan Ignacio Pérez Iglesias (Salamanca, 1960) Biologian doktorea da, eta Fisiologian katedraduna. Urteak eman ditu animalien fisiologia ikertzen, eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektore izan zen 2004etik 2009ra. Gaur egun, unibertsitate bereko Kultura Zientifikoko Katedraren arduraduna da, eta oso ezaguna da bereziki zientziaren dibulgazioan egiten duen lanagatik.
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila