Salmonella detektatu 24 orduan

Kortabitarte Egiguren, Irati

Elhuyar Zientzia

Jaten dugunak eta edaten dugunak gero eta kalitate-azterketa zorrotzagoak pasatzen baditu ere, oraindik ere badira gizakiaren organismoan kalteak eragiten dituzten elikagaiak. Jandako elikagaietan eta edarietan bertan dauden hainbat mikroorganismok eragiten dituzte kalte horiek gehienetan. Salmonella bakterioa da, hain zuzen ere, horietako bat; beharbada ezagunenetarikoa, gainera. EHUn bakterio hori detektatzeko metodo azkarragoak garatzen dihardute: 24 orduan Salmonella detektatzeko gai diren metodoak.
Salmonella detektatu 24 orduan
2007/02/01 | Kortabitarte Egiguren, Irati | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

(Argazkia: Artxibokoa)
Elikagaietan Salmonella detektatzea prozesu nekeza da gaur egun. Azterketa analitikoa egiten da laborategian ohiko hazte-teknika mikrobiologikoak erabilita. Azterketa horren emaitzak astebeteko epean lortzen dira. Hala ere, hori arazo bihurtzen da elikagai-industriarentzat, besteak beste, ezin dutelako denbora hori itxaron.

EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Sailean, elikagaietan Salmonella detektatzeko metodo azkarragoak garatzeko beharraz ohartu ziren 2002an, eta ikerketa-proiektu bat abiarazi zuten, Arabako Laboratorios Bromatologicos Araba enpresarekin eta Leia zentro teknologikoarekin elkarlanean.

Metodo genetikoak

Metodo genetikoen alorrean ikertzen hasi ziren. Horretarako, ezinbestekoa da bakterioaren genoma ondo ezagutzea. Zorionez, Salmonella -ren hainbat andui erabat sekuentziatuta daude. Halaber, jakin badakite hainbat gene Salmonella -renak bakarrik direla; alegia, ez direla agertzen beste bakterioetan edo izaki bizidunetan. Beraz, gene horiek detektatuz gero, garbi ikus daiteke non dagoen Salmonella bakterioa. Nahiz eta mikroorganismo guztia ez detektatu, haren DNA aurkituko genuke.

Bakterioaren DNA ikertuz, elikagaietan Salmonella- rik baden edo ez 24 orduan detektatzen duten hainbat teknika garatu dituzte ikertzaileek. Dena den, DNAren detekzioan oinarritutako metodo horiek arazo bat dute: DNA molekula oso egonkorra da. Hain zuzen, horrexegatik azter daiteke urte asko lehenago hildako pertsonen DNA. Antzeko zerbait gerta daiteke bakterioetan ere. Alegia, litekeena da pasteurizazioan edota esterilizazioan hildako bakterioaren DNA aztertzen jardutea. Beraz, Salmonella detektatzeko ez da nahikoa DNA aztertzea, modu horretan ezin baita jakin bakterioa bizirik edo hilik dagoen.

Horregatik, bakterioa bizirik dagoen ala ez adieraziko duen beste markatzaile espezifikoago bat erabili dute EHUko ikertzaileek. RNA mezularia da molekula hori. Molekula ezegonkorra da, erraz degrada daitekeena, alegia. Bakterioa bizirik dagoenean soilik agertzen da. Bakterioa hildakoan, desagertu egiten da, bakterioarekin batera. Hori guztia jakinik, EHUko ikertzaileek RNA detektatzeko modua garatu dute. Batetik, elikagaietatik RNA erauzteko prozesu bat diseinatu dute; eta, bestetik, RNA hori DNAn nola bihurtu aztertu dute. Izan ere detekzio-teknikek DNArekin egiten dute lan.

Salmonella bakterioa, mikroskopio elektronikoan hobeto ikusi ahal izateko koloreztatuta
25.000 aldiz handituta
(Argazkia: R. Andrade)

RNArekin zehaztasun eta azkartasun handiz lan egin behar da. Bestela, litekeena da emaitzak zuzenak ez izatea, eta Salmonella bakterioa dagoen elikagaietan alderantzizko emaitzak jasotzea, molekula degradatu delako. Horrexegatik, RNAren erauzketa-prozesua oinarrizkoa bezain garrantzitsua da.

RNA-mezularia erauzi ondoren, DNA bihurtzen dute alderantzizko transkripzioa izeneko prozesuaren bidez. Prozesu horretan, DNAren kopia bat sintetizatzen da. Salmonella -ren espezifikoa den DNA sekuentzia detektatzeko denbora errealeko PCRa erabili dute. DNAren kopia hori hainbat zundak detektatzen dute. Zundak Salmonella- ren DNAren kate osagarriak dira eta konposatu fluoreszente batez markatuta daude. DNAren kopia eta kate osagarria elkartzen badira teknika horretan, konposatu fluoreszente horrek seinale bat emititzen du. Aparatu horrek, gainera, erreakzioa kuantifikatzeko aukera ematen du, hau da, elikagaian zenbat Salmonella -zelula dauden erakusten du. PCRaren emaitzak grafikoen bidez aztertzen dira, eta interpretazio bat egiten da.

Laburbilduz, EHUko ikertzaileek hainbat teknika konbinatzen dituzte. Batetik, erauzketa-teknikak erabiltzen dituzte; bestetik, zunden diseinua egiten dute, eta, azkenik, DNA eta RNA molekulak detektatzen dituzte. Azken teknika horien erabilerak Salmonella bakterioaren detekzioa azkartzea eta elikagaien segurtasuna handitzea baimentzen du.

Proiektuaren laburpena
Salmonella generoko bakterioak elikagaietan azkar detektatzeko sistema berrien garapena.
Zuzendaria
Javier Garaizar Candina.
Lantaldea
A. Rementeria, J. Bikandi, A.B. Vivanco, I. Martinez, C. Muguruza, L. Laorden eta A. Bernal.
Saila
Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia.
Fakultatea
Farmazia eta Zientzia eta Teknologia Fakultatea.
Finantziazioa
EHU eta Ikerketarako eta Garapenerako hitzarmenak hainbat enpresekin.
Lantaldearen web gunea:
http://www.ehu.es/microbiologia/
Ezkerretik hasita, Javier Garaizar, Joseba Bikadi, Lorena Laorden, Carolina Muguruza, Ilargi Martinez eta Ana Bernal.
(Argazkia: I. Kortabitarte)
Kortabitarte Egiguren, Irati
2
228
2007
2
042
Unibertsitateak; Genetika; Mikrobiologia
Jakintza hedatuz
56
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila