Melanomaren tratamenduaren irakaspena

Andonegi Beristain, Garazi

Elhuyar Zientziaren Komunikazioa

Badira urte batzuk melanomak tratatzeko kimioterapia hutsaren ordez biokimioterapia erabiltzen dela.

Badira urte batzuk melanomak tratatzeko kimioterapia hutsaren ordez biokimioterapia erabiltzen dela. Biokimioterapian, ohiko agenteez gain, gaixoaren sistema immunea indartzeko substantziak ematen dira. Gaixoak minbiziari aurre egiteko sistema immune indartsua izatea da helburua.

Melanomaren gibeleko metastasia.
T. Palomares A. Alonso-Varona

Orain, berriz, substantzia aktibatzaile horietako batzuen eragina zalantzan dago, eta baita biokimioterapiarena berarena ere. Kimioterapiarekin alderatuta biokimioterapiak ez du gaixoaren bizitza luzatzen, eta, beraz, substantzia aktibatzaileak medikamentuetatik ezabatzeko bidean dira.

Kalterako edo mesederako?

Leioan, ordea, 1992an jabetu ziren substantzia aktibatzaile horietako batek eragin kaltegarria zuela. Interleuzina-2 (IL-2) substantziaz ari gara. Substantzia horrek sistema immunea aktibatzen du, baina baita tumore-zelulen ugalketa ere. Ondorioz, metastasia are gehiago zabaltzen da eta gaixoak ez du onurarik lortzen.

Hori jakinda ere, Leioako ikertzaileen hautua ez zen izan substantzia hori baztertzea. Izan ere, egoki erabilita eragin positiboa izan zezakeela uste zuten; hau da, haren ekintza modulatu behar zela uste zuten.

Azterketak hasi zituzten, IL-2 agenteak zeluletan zer prozesu eragiten dituen ikusteko. Hala konturatu ziren IL-2ak zelulen barneko glutationa (GSH) igoarazten duela, zelulen ugalketa bizkortzen duen elementua. Baina konposatu hori zelula guztietan dago, ez soilik osasuntsuetan. Horregatik zabaltzen da metastasia bera ere.

Ondorioz, IL-2 agentearen eragina positiboa izateko, minbizi-zelulen glutationa jaitsi egin behar zen beste nolabait, eta hori oxotiazolidin-karboxilatoa (OTZ) konposatuarekin lortu zuten.

Ereduaren bila

OTZ konposatuak eginbehar garrantzitsua zuen; soilik minbizi-zelulen glutationa jaitsi behar zuen osasuntsuak alde batera utzita. Hori lortzeko, ezinbestekoa da tratamendua emateko eredu egokia aurkitzea, eragina asko aldatzen baita substantzia bat beste baten aurretik edo atzetik emanda.

Hainbat urtean saiakerak egin ondoren, eredu egokia aurkitu dute ikertzaileek: lehenengo OTZ babeslea ematen da, ondoren kimioterapia-agentea eta, azkenik, IL-2a. Ez da dosi bakarra izaten, hori baino konplexuagoa da eredua, baina ordena horretan eman behar dira.

Eredu horri jarraituta kimioterapiaren arazorik garrantzitsuena, toxikotasuna, gutxitzea lortu dute gainera ikertzaileek. Horrek esan nahi du kimioterapia-dosia handitu egin daitekeela, eta, ondorioz, luzeago bizitzeko aukera izango luketela gaixoek ikerketek aurrera egiten badute. Bizi-kalitateak ere hobera egingo luke tratamendu berriarekin.

Urtetako entseguetan frogatu dute hori guztia. Saguekin hasi ziren eta, orain, giza zelulekin ari dira lanean, in vitro saiakeretan. Guztietan emaitza positiboak lortu dituzte, eta, beraz, ondorio bat nabarmendu daiteke: substantzia bat ez da berehalakoan baztertu behar, litekeena baita substantzia bera ez baizik erabilera izatea desegokia.

  • Proiektuaren izenburua
    Metastasiaren tratamenduan kimioterapiako, erradioterapiako eta immunoterapiako agenteen aktibitatearen biomodulazioa tumore-zelulen eta zelula osasuntsuen aldi bereko glutation-mailaren erregulazioaren bidez.
  • Helburua
    Glutation-mailaren modulazio selektiboa eginda, minbiziaren aurkako agenteen onura handitzea.
  • Zuzendariak
    Teodoro Palomares eta Ana Alonso-Varona.
  • Lan-taldea
    P. Bilbao, I. Garc a-Alonso, J. Gonz lez, B. Castro, M. Basterretxea, R. San Isidro.
  • Sailak
    Zelulen Biologia.
    Kirurgia, Erradiologia eta Medikuntza Fisikoa.
  • Fakultatea
    Medikuntza eta Odontologia Fakultatea (Leioa).
  • Finantziazioa
    EHU, F.I.S, Gangoiti Barrera Fundazioa.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.