Paul Erdös, matematikari ibiltaria

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Paul Erdös, matematikari ibiltaria
2010/06/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Manu Ortega)

Maleta erdi-huts bat zeraman. 1,70 metro inguru luze zen, eta ez zen 50 kilora iritsiko. Oinetan galtzerdiak eta sandaliak, eta buruan ilea zuri. Betaurreko lodi handien atzean begiak bizi-bizi. Goizeko laurak ziren, baina hori ez zitzaion axola. Ez zuen denborarik galtzeko; bazekien matematikari bat aurkituko zuela ate haren atzean. Atea jo zuen. Eta ireki ziotenean, irribarretsu eta ingeles bitxian esan zuen: "Neure burua zabalik dago!".

Halaxe ibiltzen zen Paul Erdös: kongresuz kongresu, unibertsitatez unibertsitate, eta etxez etxe, matematikari batenetik beste batenera. Ez zuen bizileku finkorik, eta bere ondasun guztiak maleta hartantxe sartzen ziren. Ez zuen gehiago behar: "ondasunak eragozpenak dira", esan ohi zuen.

Matematikariren bat problema interesgarriren batekin lanean zebilela jakiten bazuen, han joango zitzaion bisitan; berdin zuen zein herrialdetakoa zen, berdin zein kontinentetakoa. Eta han pasako zituen egun batzuk, matematika egiten, eta artikuluren bat edo beste idazten, etxeko matematikariarekin lankidetzan. Gero agian, hurrena nor bisitatu behar zuen galdetuko zion etxekoari. Eta, bestela, egongo zen non edo non kongresuren bat edo.

Ingurukoen arabera, gizon atsegina zen; bitxia, arraroa ere bai, eta ero xamarra, baina atsegina. Jendeak atsegin zuen, oro har, eta berak ere atsegin zuen jendea. Baina zerbait maite bazuen, zenbakiak ziren. Matematika zen buruan zuen ia gauza bakarra. Gainerakoaz lagunak arduratzen ziren. Lagunek ematen zioten ostatua eta mantenua, arropa erosten zioten, zergak ordaintzeaz arduratzen ziren...

Txikitatik zetorkion matematikarako grina. Budapesten jaio zen 1913an. Aita eta ama matematikako irakasleak ziren, eta semeak ere berehala erakutsi zuen matematikarako dohain aparta. 16 urterekin serie infinituak eta multzoen teoria irakatsi zizkion aitak. Gerora, bere bi gai gogokoenetakoak bihurtu ziren, zenbakien teoriarekin batera.

Hogei urterekin, unibertsitateko ikasle zela, Bertrand-ek 1845ean proposatutako teorema bat frogatu zuen (zenbaki oso baten eta haren bikoitzaren artean beti dago zenbaki lehen bat). Tchebychev-ek frogatua zuen 1850ean, baina haren ebazpena oso konplexua zen, ia ulertezina, eta Erdösena, berriz, sinplea eta dotorea. Denak txunditurik gelditu ziren.

Hurrengo urtean, 1934an, doktoretza eskuratu eta Manchesterrera joateko beka bat lortu zuen. Eta 1938an, Estatu Batuetara joan zen. Hainbat unibertsitatetan aritu zen han. Garai hartatik aurrera, haren helburu bakarra matematikako problemak ebaztea izan zen. Izan ere, Erdös ez zen teoria-eraikitzaile bat, problema-ebazle bat baizik. Eta horretan ez zuen parekorik. Gehien atsegin zituen problemak ebazteko oso zailak zirenak, baina soluzio sinplea, ederra eta ulertzeko erraza zutenak ziren.

Unibertsitate berean ez zituen urte-pare bat baino gehiago egiten. 1953-54 ikasturtean, esaterako, Indianako Notre Dame Unibertsitatean aritu zen. Elizaren eta erlijio antolatuaren kontra bazegoen ere, kontua matematika irakastea bazen, berdin zitzaion erakunde katoliko batean izatea. Lagunek horregatik adarra jotzen ziotenean, hauxe erantzuten zuen: "enbarazu egiten didan gauza bakarra + zeinu gehiegi egotea da".

Politika eta erlijioa ez zitzaizkion interesatzen. Jainkoaren existentzia zalantzan jartzen zuen, eta "Faszista Gorena" edo SF (Supreme Fascist) deitzen zion. Galtzerdiak eta pasaportea ezkutatzea leporatzen zion, eta baita froga matematiko dotoreenak beretzat gordetzea ere. Bestalde, "Liburua" (The Book) deitzen zion alegiazko liburu bati, non froga matematikorik onenak zituen idatzita Jainkoak. Eta froga bereziki eder bat aurkitzen zuenean, "Hau Liburukoa da", esan ohi zuen.

Ez zen hor bukatzen haren hiztegi bitxia. Haurrei "epsilon" deitzen zien (matematikan balio txikientzako erabiltzen da askotan), emakumeak "nagusiak" ziren eta gizonezkoak "esklabo", alkohola "pozoia", matematikako hitzaldi bat ematea "predikatzea", matematika egiteari uzten ziona "hilda" zegoen, eta fisikoki hiltzen zirenak "joan" egiten ziren.

Gizon xelebrea zen. Eta eskuzabala. Diruak ere ez zuen balio handirik Erdösentzat; eta klaseak edo hitzaldiak ematen irabazten zuen gehiena matematikari gazteei laguntzeko edo saritan emateko erabiltzen zuen. Problemak ebazten zituztenentzako sariak eskaintzen zituen. Problemaren zailtasunaren araberakoak ziren sari horiek; eta dolar batetik hasi eta 1.000 dolarrerainokoak izaten ziren. Hala ere, sari haien irabazleentzat diruak baino gehiago balio zuen Erdösen problema bat ebazteko gai izatearen ohoreak.

Eta Erdösen bisita jasotzea ere matematikari bati gerta zekiokeen gauzarik onenetako bat zen. 485 matematikarirekin izan zituen lankidetzak, eta, guztira, 1.475 artikulu sinatu zituen (Euler-ek baino ez du gainditzen marka hori). Eta gutxienez 25 herrialdetan aritu zen matematika egiten. Emankortasun haren aurrean, 1960ko hamarkadaren erdialdera, Erdösen lagunek "Erdös zenbakia" asmatu zuten. Erdösek berak 0 zenbakia zuen, harekin batera artikulu bat sinatu zuenak 1a, 1 zenbakia zuen norbaitekin batera artikulu bat zuenak 2a, eta abar. Erdös zenbaki txikia izatea harro egotekoa zen, noski.

1996an utzi zion matematika egiteari. Bihotzekoak jo zuen Varsovian matematika-topaketa batean parte hartzen ari zela. Bizitzeari utzi zion arte ez zen hil Erdös.

"Azkenean, ez naiz gero eta tontoago bihurtzen ari", dio bere buruarentzat idatzi zuen epitafioak.

Etxebeste Aduriz, Egoitz
2
265
2010
6
021
Historia; Biografiak; Matematika
Istorioak
58

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.