Maria Gaetana Agnesi, fedeak apaldutako matematikaria

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

maria-gaetana-agnesi-fedeak-apaldutako-matematikar
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Milan, 1739ko maiatzaren 16a. Sala handi batean hogeita hamar bat pertsona, Europako herrialde guztietakoak, biribilean jarrita, besaulkiaren inguruan. Besaulkian bi ahizpa gazte. Zaharrenari adi zeuden denak. "Hogei bat urte izango zituen, ez itsusi ez polita, portaeraz xaloa eta goxoa", utzi zuen idatzita De Brosses eruditu frantziarrak. "Belloni kondeak erretolika eder bat bota zion damari, latinez... Hark bizkor eta trebe erantzun zion, hizkuntza berean. Gero, oraindik hizkuntza berean, iturrien jatorriaz aritu ziren, eta iturri batzuetan behatzen diren itsasoko mareen antzeko goraldi eta beheraldien kausei buruz. Aingeru batek bezala hitz egin zuen, ez nuen inoiz hain gauza gozagarririk entzun".

Pietro Agnesi Mariami jaunak gogoko zuen bere etxean halako bilerak antolatzea, alaben talentua erakusteko. Inguruko intelektual eta jakintsuen artean laster egin ziren ospetsuak saio haiek, eta sarri joaten ziren Pietroren alaba zaharrena entzutera fiolosofia, zientzia eta matematika-gaiei buruz hizketan. Izan ere, gauza askori buruz, eta hainbat hizkuntzatan hitz egiteko gai zen Maria Gaetana. Pausaldietan, berriz, Maria Teresa ahizpa txikiak harpa jotzen zuen.

"Belloni kondeak nahi izan zuen nik hitz egitea damarekin neronek aukeratutako matematika edo filosofia naturaleko edozein gairi buruz; eta argiaren hedapenari eta prismaren koloreei buruz aritu ginen" jarraitzen du De Brossesek. "Newtonen filosofiaz hitz egin zuen; zoragarria da adin horretako pertsona bat gai abstraktu horiei buruz hitz egiten entzutea. Loppinek hitz egin zuen gero berarekin, gorputz gardenei eta kurba geometrikoei buruz, eta azken horretan ez nuen deus ere ulertu. Jarraian, elkarrizketa orokortu egin zen; bakoitzak bere hizkuntzan hitz egiten zion, eta berak hizkuntza berean erantzuten zuen. Hizkuntzen ezagutza miragarria du. Gero, esan zidan sentitzen zuela bisita hark tesi baten defentsaren itxura hartu izana, eta berak ez zuela atsegin jendaurrean halako gaiez hitz egitea, ondo pasatzen duen pertsona bakoitzeko hogei aspertzen baitira".

Izatez, isila eta lotsatia zen Agnesi, eta ez zituen atsegin ekitaldi haiek. Aitarekiko errespetuz egiten zuen. Aita negozio-gizon aberatsa zen, eta seme-alabei prestakuntzarik bikainena eman nahi izan zien, ahal zuen irakaslerik onenak etxera ekarriz. Maria Gaetanak hasieratik erakutsi zuen aparteko dohainak zituela, hizkuntzetarako eta matematiketarako bereziki. Hamahiru urterekin latina, grekoa, hebreera, frantsesa, gaztelania eta alemana menderatzen omen zituen.

"Izugarri penatu ninduen komentu batean sartu nahi zuela esan zidanean --idatzi zuen De Brossesek--; eta ez zen beharra zuelako, aberatsa baitzen". Horixe zen Agnesiren nahia. Baina handik gutxira ama hil zitzaien, zortzigarren aldiz erditzean, eta, orduan, aitarekin akordio batera iritsi zen; aita eta anai-arrebak zaintzen geldituko zen etxean, hiru baldintzarekin: mezatara nahi bestetan joango zen, humil jantziko zen, eta ez zuen festa eta dantzaldietan parte hartu beharko.

Ordutik aurrera, jarduera sozialak erabat utzi, eta guztira izango zituen 20 anai-arrebak zaintzeaz gain (aita beste bi aldiz ezkonduko zen), erlijioan eta matematiketan murgildu zen buru-belarri. Hurrengo hamar urteetan matematikan egindako lanaren emaitza bi liburukiz osatutako Instituzioni analítiche ad uso della gioventú italiana izan zen. Kalkuluko testuliburu osatu bat zen: hasi algebratik eta ekuazio diferentzialetaraino. Primeran aukeratutako adibide eta ilustrazio mordoari esker oso argi azaltzen zituen kontzeptuak, eta ordura arte banaturik egon ziren matematikari askoren lanak bildu zituen, bilakaera logiko eta didaktiko batean.

Ia denbora-pasa gisa hasi zuen, anaia-arrebentzako ikasketa-liburu gisa jarraitu, eta argitalpen garrantzitsu izaten amaitu zuen. 1748an argitaratu zuen, aitaren diruarekin etxean bertan inprimatuta. Austriako Maria Teresari dedikatu zion liburua (haren agintepean zegoen Milan): "Inoiz desenkusa badaiteke emakume baten ausarkeria mugarik ez duen zientzia baten gorentasuna xede hartzera ausartzeagatik, garai honetan izan beharko luke, non emakume batek erreinatzen duen... Garai hauetan, emakume orok ahalegina egin behar luke, eta tematu bere sexuaren gloria sustatzen".

Benedikto XIV.a Aita Santuak idatzi zion, esanez matematikak ikasi zituela gaztetan, eta, beraz, ikus zezakeela obra hark sona ekarriko ziola herrialdeari eta Boloniako Akademiari. Urrezko domina bat eta harribitxizko koroa bat oparitu zizkion, eta Boloniako Unibertsitateko Katedra eskaini zion: "Lehenago ere Boloniak izan ditu berorren sexu bereko pertsonak postu publikoetan. Egokia deritzogu tradizio ohoragarri hori jarraitzeari".

Dirudienez, Agnesik ez zuen aintzat hartu gonbidapen hura. Ordurako ia erabateko erretiroan bizi zen, eta 45 urtez haren izena unibertsitateko zerrendetan egon bazen ere, ez zen inoiz Bolonian azaldu. Izan ere, 1752an aita hil zenetik aurrera, 34 urterekin, matematika erabat utzi eta karitatea izan zuen helburu bakar. Behartsuei laguntzen eta gaixoak zaintzen pasako zuen handik aurrerako bizitza osoa, bereziki, emakume zahar eta gaixoak zaintzen.

Bitartean, Agnesiren liburuaren ospea Europa osoan zabalduko zen. Parisko Zientzia Akademiaren txosten batek zioen "bere generoko obrarik osatuena eta ongien idatzia" zela. Eta akademia hartako idazkariak honela idatzi zion Agnesiri: "Utzidazu nire omenaldi pertsonala gehitzen Akademia osoaren txaloei. Ez dut beste lanik ezagutzen hau bezain argirik, osorik eta metodikorik. Ez dago besterik, ez beste hizkuntzetan ere, matematiketan aurrera egin nahi dutenak hain modu seguruan eta hain azkar gidatuko dituenik, eta hain aurrera eramango dituenik. Bereziki miresten dut zer arterekin bildu dituzun, metodo uniformeekin, geometrek metodo desberdinekin ateratako ondorioak". Hainbat hizkuntzatara itzuli zen Agnesiren Instituzioni , eta gutxienez 50 urtez erabiliko zen testu-liburu hura Europako herrialde askotan.

Agnesik bere diru guztia xahutu zuen karitate-lanetan, ia ezer gabe gelditu arte. 1771an Tozzobonelli artzapezpikuak Milango Trivulzio babes-etxeko zuzendari izendatu zuen. Hantxe hil zen 1799ko urtarrilean.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila