Julio Ortiz de Barron

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

julio-ortiz-de-barron
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Ane Miren Ortiz de Barroni nabari zaio aitona Julio miresten duela. Horregatik etorri zen Elhuyarrera, aitonaren istorioa kontatzera. Bilobaren esanean, gizon adeitsua eta maitagarria zen aitona Julio, baina ez hori bakarrik; oso argia zen, eta asmatzaile petoa. Besteak beste, gaur egun lorategietan eta baratzetan ikusten ohituak gauden ureztatzeko gailu birakari horietako bat asmatu eta patentatu zuen. "Asmatzaile-sena zuen, gauzak asmatze hori berezkoa zuen, ez zuen inon ikasi" dio Ane Mirenek.

Egia esan, Ane Mirenek ez zuen denbora asko pasatu aitonarekin, aita gerran Avellanedaren batailoian aritu ondoren, Venezuelara emigratu behar izan baitzuen emaztearekin eta bi alabekin. Caracasen jaio zen Ane Miren. "Urtero etortzen ginen Bilbora aitona-amonengana" gogoratzen du Ane Mirenek. Aitona gaixotu zen arte: "Orduan, amak erabaki zuen, izugarri maite baitzuen aitaginarreba, Bilbora joango ginela bizitzera. Poza Lizentziatuaren kalean bizi ziren aitona-amonak orduan, eta urtebetez egon ginen aitonarekin, hil zen arte".

Jaiotzez arabarra zen Julio Ortiz de Barron; 1878an jaio zen Barronen, eta haurtzaroa Fresnedan pasatu zuen. Haren aitak mahastiak zituen han; ardogintza zuen ofizio. "Aitonak kontatzen zuen umetan astoarekin joaten zela ardoa saltzera. Eta, aspertzen zenean, astoa mozkortzen zuela". Ane Mirenek agerian utzi nahi du aitonak oso bizitza xumea izan zuela, eta ez zuela izan ikasketa eta hezkuntza berezirik.

Gaztetan, Bilbora joan zen bizitzera. Ostatu batean jarri zen bizitzen, eta ostatuko jabearen ahizparekin maitemindu zen, Julia Aralucerekin. 1902an ezkondu ziren.

Mekanikaz zerbait bazekien, eta horri esker txofer gisa hasi zen lanean Udallan (Kantabria), hango anis-fabrika baten jabeentzat, Ocejos jaun-andreentzat. Eta Udallan hainbat urtez bizi ondoren, Getxora joan ziren, Areetara. Denda bat jarri zuten etxe azpian. Bizitza denda hartan egiten zuten, sukaldea ere bertan zuten, eta ia lotara bakarrik igotzen ziren gora.

Gero hondartzako etxolen negozioa hartu zuen Ortiz de Barronek. Bi edo lau pertsonarentzako etxolak ziren, zuriz eta berdez pintatuak. "Osaba Jose Luisek kontatzen zuenez oso politak ziren", dio Ane Mirenek. Toldodun terrazak zituzten, eta urertzean egurrezko esekileku bat, emakumeek urertzeraino joateko erabiltzen zituzten felpazko bainu-bata zuriak uzteko; hantxe izaten zuten zain bainuzaina.

Zorigaiztoko gau batean, etxola guztiak erre egin ziren. Kolpe gogorra izan zen familiarentzat, galera handia. Denda saldu, eta Itzubaltzeta auzora joan ziren bizitzera. Ondoan zalditoki bat zuten, "ongi elikatutako zaldi ikusgarriz betea" kontatzen zuen Jose Luisek; Neguriko aberatsek erabiltzen zituzten Lamiakoko zelaietan poloan jokatzeko.

Gutxi gorabehera garai hartan egin zuen Ortiz de Barronek bere asmakizunik handiena: ureztatzeko gailu birakaria. "Aparato giratorio para el riego de jardines y huertas" dio patentearen liburuxkaren portadan. Barruan azalpenak datoz. "Euri bortitz edo xehearen efektua egin dezake, ureztatu nahi den landarearen arabera" dio lehenengo puntuan. Aurrerago, eramangarria izatearen abantaila azpimarratzen du, horri esker hainbat soro urezta baitzitezkeen gailu bakarrarekin. Eta uraren presioaren arabera, hainbesteko zirkunferentzia ureztatzen zuela ere azaltzen zuen: "Bilbon 26 metroko zirkunferentzia; Areetan, 30 metrokoa; Santanderren 28 metrokoa; Madrilen, Retiron, 30 metrokoa". "Gailu honek minutuko buelta bat eman dezake, edo laurehuneraino, hegalak doituta" dio lerro batzuk beherago. Eta "hain da sinplea gailua, ureztatu nahi duen edonoren eskura dagoela".

Badirudi nahiko harrera ona izan zuela asmakizun hark. Sariak irabazi zituen, eta hamaika lekutan jartzen hasi ziren. Baina gerra etorri zen, eta Ortiztarren familiaren egoerak okerrera egin zuen. "Asmakizunaren fabrikazioan, publizitatean, Frantziako eta Espainiako patenteetan eta abar egindako inbertsioari ezin izan zion aurre egin Juliok", dio Ane Mirenek, "eta, azkenean, ezin izan zituen patenteak berritu". Han bukatu zen gaur egun hain ohikoak diren ihinztagailuen eta Julio Ortiz de Barronen arteko lotura.

Familiak altxor baten moduan gordetzen du patente haren informazio-liburuxka. Eta modu berean gordetzen dituzte aitonaren oroitzapenak ere. Baina oroitzapen onak baino zerbait gehiago utzi du familian aitona Juliok Ane Mirenen ustez. "Dohain hori bere semeek heredatu zuten. Nire aita gogoratzen dut erloju guztiak konpontzen, eta telebistak... puskatzen zen guztia konpontzen zekien, eta ez zuen mekanika edo halako ezer ikasi, ekonomilaria zen. Eta badut iloba bat ere, oso gaztetatik etxean puskatzen den guztia konpontzen duena".

Halakoxea zen aitona Julio ere, eta etxean beste hainbat asmakizun egin zituen; esaterako, zigarroak egiteko makina bat, "txikia, oso azkarra eta oso erabilerraza zela diote" dio Ane Mirenek. Edo "nire amari, bere errainari, egin zion sukalde elektrikoa, nire ahizparen biberoia berotu ahal izateko, ikatzezko sukaldea pizten ibili behar ez izateko".

Amak kontatu dio Ane Mireni aitonak bilobekiko pasioa zuela. Bilbon jaiotako Ane Mirenen bi ahizpa zaharrenak egunero eramaten omen zituen parkera, eta tabernara gero, olibak jatera, gosea egiteko onak omen ziren eta. Orain bilobek ere maitasunez hitz egiten dute aitonaz. Nabari da aitona Julio miresten dutela.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila