James Croll-en izotz-aroak

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

james-croll-en-izotz-aroak
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

James Croll izenarekin sinatzen zuen, eta ordura arte ez zuen inork ezagutzen; baina 1860ko hamarkadaren hasieran, garaiko zientzialari puntakoenen arreta piztu zuen. Maila handiko lanak argitaratzen hasi zen bat-batean. Zalaparta gehien eragin zuena, zalantzarik gabe, izotz-aroei buruzkoa izan zen; Lurraren orbitaren aldaketa ziklikoek izotz-aroak eragin zitzaketela zioen. Iraultzailea zen. Baina nor zen ezerezetik atera zen Croll hori? Glasgowko Anderson's Institution unibertsitatetik idazten zuen, baina, ez zen unibertsitate hartako ikertzaile edo irakaslea, ezta ikaslea ere, atezaina baizik.

Berrogei urte behar izan zituen Crollek bere bokazioari aukera bat emateko. Familia xume batean jaio zen, 1821ean, Eskoziako Little Whitefield herrixkan. Lau anaiatatik bik egin zuten aurrera, James-ek berak eta David-ek, hura baino urtebete gazteagoa, eta konkorduna. James ere osasun ahulekoa izan zen txikitatik, eta bizitza osoan zehar arazo ugari izango zituen. Eskolan berandu hasi eta goiz bukatu zuen, eta ez zuen, gainera, batere gogoko izan. Hamahiru urterekin utzi zuen, prestakuntza handirik jaso gabe.

Baina garaitsu hartan ezagutu zuen Penny Magazine aldizkaria (Ezagutza Erabilgarriaren Dibulgaziorako Elkarteak argitaratua). Aldizkari hark eskolak ez bezalako interesa sortu zion; filosofiako eta zientzia fisikoetako gaiek, batez ere. Aldizkariak zekartzan ideia berri haiek zirraragarriak zitzaizkion. Jakiteko grina piztu zitzaion, eta, handik aurrera, ahal zuen guztia irakurtzeari eta ikasteari ekin zion, bere kabuz.

"Hasiera-hasieratik, ez ziren izan zientzia fisikoetako xehetasunak eta datuak nire arreta erakarri zutenak, baizik eta haien atzean zeuden lege eta printzipioak" idatziko zuen gerora Crollek. "Horrek modu sistematiko batez ikastera eraman ninduen; izan ere, lege jakin bat ulertzeko, beharrezkoa egiten zitzaidan haren aurreko legeak edo kondizioak ezagutzea. Ongi gogoratzen dut nola astronomia fisikoan aurrera egin ahal izan baino lehen, atzera jo behar izan nuen, eta higiduraren legeak eta mekanikaren oinarrizko printzipioak ikasi. Berdin ikasi nituen pneumatika, hidrostatika, argia, beroa, elektrizitatea, eta magnetismoa. Ez nuen inoren laguntzarik izan. Izan ere, ez nuen inor inguruan gai hauei buruz ezertxo ere zekienik".

Nerabe jakintsu bihurtu zen Croll, baina horrek ez zion jaten emango, eta, 16 urterekin, zertan lan egingo zuen pentsatzen hasi beharra zuen. Unibertsitatera joatea gustatuko zitzaiokeen, baina gurasoek ez zuten dirurik. Errota-egile izateko aprendiz hasi zen. Hurrengo urteetan Eskoziako ekialdeko kosta guztian zehar ibili zen errotak konpontzen. Lan gogorra zen, egun guztia bidean, eta apenas dirurik irabazten zuen. Lana utzi eta etxera bueltatu zen. Eta eskolara, algebra ikasi nahi zuen eta. Han ibili zen 22 urteko gizona, ikasgelan, ume-artean.

Arotz hasi zen gero. Hiru urtez aritu zen, baina ukondoa osifikatu zitzaion eta utzi egin behar izan zuen. Ondoren, tea eta kafea saltzen hasi zen, Elgin hiriko denda batean. Han ezagutu zuen Isabella, eta ezkondu egin ziren. Bien artean hotel bat jarri zuten, baina ez zuen arrakastarik izan. Aseguru-saltzaile aritu zen gero Dundeen, Edinburgon eta Leicesterren. Ez zuen gustuko lana. Emaztea gaixotu zenean Glasgowra joan ziren, haren familiaren ondora. Denboratxo bat hartu zuen Crollek, eta The Philosophy ot Theism liburua idatzi zuen. Gero, urte eta erdiz kazetari-lanetan aritu zen.

38 urterekin aurkituko zuen bizitza aldatuko zion lanpostua: Anderson's Institution-eko atezain postua. Asteko libera bateko soldatak ozta-ozta ematen zuen emaztea, anaia (gurasoak hil eta beraiekin bizi baitzen orain) eta hirurak bizitzeko. Hala ere, inoiz baino zoriontsuago zen Croll. Lan hark ikasten jarraitzeko aukera paregabea eskaintzen zion. Zientzia-liburuz betetako liburutegi bikain bat zuen Anderson's-ek, eta liburutegi haren giltzak eskuetan zituen. Lanpostuari zegozkion lanak ez ziren zailak, eta askotan anaia eramaten zuen berarekin lanera. Hala, anaiak lanak egiten zituen bitartean, bera irakurtzen ari zitekeen.

Laster hasi zen bere ikerlanak idazten eta argitaratzen. Teorikoak denak. Gauza asko idatzi zituen, hidrostatikaz, elektrizitateaz..., baina, pixkanaka, Lurraren mugimenduak kliman zer eragin izan zezakeen aztertzen hasi zen buru-belarri. Hura izango zen Crollen ekarpen garrantzitsuena. 1864an argitaratu zuen lanean, inoiz Lurra izotzez estalita egon ote zen eztabaida betean zegoen garaian, Crollek zioen ez izotz-aro bat, baizik eta hainbat izan zirela, Lurraren orbitaren aldaketen eraginez.

Gutun bidezko harremanean hasi zen garaiko zientzialari entzutetsuenetako batzuekin: Lyell, Wallace, Darwin, Tyndall, Hooker, Kelvin...  Darwinek honela erantzun zion, Crollek bere lana bidali zionean: "Uste dut nire bizitzan ez zaidala inoiz hainbeste interesatu eztabaida geologiko bat. Oraintxe hasi naiz lehenengoz ulertzen zer esan nahi duen milioi batek... Benetan eskertzen dizut nire begien aurreko lanbroa hainbeste garbitu izana".

Nolanahi ere, denak ez zeuden ados Crollen teoriarekin. Charles Lyell-ek, esaterako, pentsatzen zuen arrazoi geologikoek askoz eragin handiagoa izan behar zutela kliman arrazoi astronomikoek baino. Lyell bere Principles of Geology ospetsuaren 10. edizioa prestatzen ari zen, eta Crollen ideiak kontuan hartu behar ote zituen zalantza zuen. John Herschelli galdetu zion zer iritzi zuen Crollek zioenari buruz, eta hark atezain eskoziarra zuzen ibil zitekeela erantzun zion.

1866an, Lyellek idatzitako orri batzuk jaso zituen Crollek; liburuaren edizio berrirako klimaren kapitulurako idatzi zituen orriak ziren. Gutun pare bat trukatu ondoren, liburuaren kopia bat bidali zion Lyellek. Crollek beste gutun batean eskertu egin zion oparia, eta baita liburuan klimaren teoria astronomikoa hain ongi tratatu izana ere.

Crollen izena handituz joan zen. Eta 1867an Eskoziako Geological Survey-en lanpostu bat eskaini zioten. 1875ean Climate & Time liburua argitaratu zuen. Eta hurrengo urtean Royal Society-ko kide egin zuten, eta New York-eko Zientzia Akademiako ohorezko kide, eta...

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila