Ilya Ivanov, gizatximinoa sortu nahian

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

ilya-ivanov-gizatximinoa-sortu-nahian
Arg. Manu Ortega

1926ko abuztuaren 16ko Time aldizkarian: "Stockholmen bildutako fisiologoen artean, zalaparta handia eragin du Serge Voronoff doktoreak, guruin-transplantatzaile famatuak. Orain dela bi aste, Voronoff doktoreak hiru testikulu dituzten ahari algeriar estrahandien berri eman zuen. Eta kongresu honetan azaldu du Nora txinpantze eme helduari gizaki eme baten sexu-organoak txertatu dizkiola. Horrez gain, Moskuko Ilya Ivanov doktorearen laguntzarekin, tximua artifizialki ernaldu dute giza espermarekin. Nora urtarrilean erdituko da, eta jaioberria, biologikoki, gizakumea izango da. Oraingoz dena normal omen doa."

Voronoffen eta Ivanoven esperimentu hark sortu zuen bai zalaparta. Baina ez horrek bakarrik; artikulu berean, Ivanovek martxan zuen beste proiektu bat gogorarazten zuten, ekainaren 28ko aldizkarian honela aurkeztu zutena: "Eboluzioaren aldeko frogak lortzeko esperimentuak egingo dituzte, Kindiako Pasteur Institutuan, Mendebaldeko Afrika Frantsesean, tximuak gizakiekin gurutzatuz."

Ilya Ivanov errusiarra biologo entzutetsua zen, intseminazio artifizialean aitzindaria baitzen. Teknika garatu, eta frogatu zuen hazitarako zaldi bakar batekin 500 behor ernal zitzakeela. Normalean lor zitezkeen 20-30 ernalkuntzen ondoan, aldea nabarmena zen. Eta arrakasta handia izan zuen Ivanovek teknika harekin.

Gainera, hainbat animaliaren arteko hibridoak sortu zituen intseminazio artifiziala erabiliz. Zebra eta astoa gurutzatu zituen, bisontea eta behia, antilopea eta behia, sagua eta arratoia, sagua eta akuria, akuria eta untxia, untxia eta erbia, eta abar. Hibridazio haien arrakasta ikusita, 1910ean, Graz-eko Zoologoen Munduko Kongresuan esan zuen posible izan zitekeela, intseminazio artifizialaren bidez, gizakiaren eta tximuaren arteko hibrido bat lortzea ere.

Garai hartan burutazio hutsa zen oraindik. Baina hamarkada bat geroago, ideia hura praktikan jartzeko planak egiten ari zen Ivanov. 1924an bere proposamena aurkeztu zion gobernu boltxebikeari. Gizakiak tximutik eboluzionatu zuela frogatzeko aukera gisa saldu zuen proiektua Ivanovek. Eta azpimarratu zuen Darwin zuzen zebilela frogatzea erlijioaren kontrako kolpe bikaina izango zela. Proiektuak arrakasta bazuen, zientzia sobietarraren ospea handitzeaz gain, erlijioaren aurkako propaganda ezin hobea izango zen. Gobernuaren babesa eta finantziazioa lortu zituen Ivanovek, Afrikan esperimentuak egiten hasteko.

Garaiko zientzialari entzutetsu askok ere begi onez ikusi zuten proiektua. Primate antropoideen anatomia sakon ikertu zuen F. G. Crookshank antropologo britainiarrak, esaterako, adierazi zuen bere ustez posible izan behar zuela orangutanak arraza horiko gizakiekin gurutzatzea, gorilak beltzekin, eta txinpantzeak zuriekin.

Parisko Pasteur Institutukoen babesa ere lortu zuen, eta Kindian (Ginea) zuten zentroko txinpantzeak erabiltzeko baimena eman zioten. 1926ko martxoan iritsi zen Kindiara. Txinpantze emeak giza espermarekin intseminatzea zen asmoa, baina ezin izan zuen ezer egin; zentroko txinpantze guztiak heldugabeak ziren.

Parisera itzuli zen, eta Pasteur Institutuan pasatu zuen uda, txinpantze helduak harrapatzeko planak egiten. Orduan parte hartu zuen Voronoffen esperimentuan ere, bere teknikaren bidez Nora txinpantzea ernalduz. Eta, azaroan berriz Gineara itzuli zen, txinpantze helduak harrapatu eta esperimentuak egiteko asmoz.

1927ko otsailaren 14an argitaratu zuen Time k Norak ez zuela haurrik izango. Honela zioen Voronoffen txostenak: "Giza obarioak jaso ondoren, Norak lehen bezain erregularki izan zuen hilekoa. Ernalkuntza artifizialaren ondoren, hilekoa izateari utzi zion. Ustezko haurdunaldiaren 90 egun pasatu ondoren, berriz hilekoa etorri zitzaion, eta erregularki izan zuen handik aurrera."

Otsailaren 28an, Ginean, Ivanovek bi txinpantze eme artifizialki intseminatu zituen. Eta ekainaren 25ean, hirugarren bat. Beste esperimentu bat ere bazuen buruan: emakumeak txinpantze-espermarekin intseminatzea. Baina bazekien bertako emakumeak ez zirela prest egongo horretarako, eta, osasun-azterketen aitzakian egitea pentsatu zuen, emakumeei ezer esan gabe. Gobernu frantziarrak debekatu egin zion halakorik egitea. Ivanovek haserre idatzi zuen Moskura, "beltzen beldur primitibo"-en eta "frantsesen aurreiritzi burges"-en berri emanaz.

Uztailean, Frantziarantz abiatu zen Ivanov 13 txinpantzerekin, ernaldutako hirurak barne. Dakartik Marseillarako bidean hil ziren bi, eta itsasontzian bertan egindako autopsiek argi utzi zuten ez zeudela ernalduta. Hirugarrena Frantzian hil zen, eta kasu hartan ere ez zen ernalketarik izan.

Gelditzen ziren tximuak Sukhumin (Abkhaziako Errepublika Sobietarrean) sortu berri zuten primateen zentrora bidali zituen. Ordurako, Ivanovek argi zuen gizakiaren eta tximuaren arteko hibridoa lortzeko aukera bakarra zein zen: zientziaren alde egiteko prest leudekeen emakume sobietar boluntarioak intseminatzea.

1929ko udaberrian lortu zuen Sukhumin esperimentu haiek egiteko baimena eta finantziazioa. Ordurako, boluntariorik ez zen falta. Izan ere, bertako nahiz nazioarteko prentsan Ivanoven esperimentuek zuten oihartzunaren eraginez, hamaika gutun iritsi ziren Sukhumiko zentrora; gizonezkoek nahiz emakumezkoek beren burua eskaintzen zuten ikerketa hartarako.

Garai hartan, zentroan tximino heldu bakarra zuten: Tarzan, 26 urteko orangutana. Baina, intseminaziorik egitera iritsi baino lehen, garuneko hemorragia batez hil zen Tarzan. "Orangutana hil egin da. Ordezko bat bilatuko dugu" idatzi zion Ivanovek, Tarzanen esperma hartzea hitzartua zuen emakumeari.

Tximu gehiago iritsi ziren 1930eko udan, baina ordurako aldaketa politikoak izan ziren, eta Ivanov kritika gogorrak jasotzen hasi zen, bere esperimentuengatik. 1930eko abenduan atxilotu eta Kazakhstanera erbesteratu zuten. Hantxe hil zen, 1932ko martxoan.

Sukhumira boluntarioen gutunek iristen jarraitu zuten. Eta, gerora herritarrek esan izan dutenez, izan zen "tximuekin lo egin zuen erorik" ere.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila