Giordano Bruno, Jose Ramon Etxebarriaren eskutik

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

giordano-bruno
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Ez zion beldurrik heriotzari. 1600eko otsailaren 17an, Giordano Bruno lasai agertu zen Erromako Campo dei Fiori plazan, bera bizirik erretzeko prestatutako sutzarraren aurrean. Orain, Brunok berak hil aurretik iragarri bezala, haren estatua bat dago plaza hartan; pentsamendu- eta ideia-askatasunaren aldeko monumentu bat.

Teologoa eta filosofoa izan zen Bruno; oso gizon polemikoa (400 urte geroago ere polemika eragiten jarraitzen du, Cosmos telesail berriaren lehen kapituluan agertu izanak eztabaida sutsua piztu baitu). Kopernikoren heliozentrismoa eta Lukrezioren espazio infinituaren ideia defendatu zituen, eta Nikolas Cusakoari irakurritako jainkoaren infinitotasunarekin lotu zuen unibertsoarena. Beste hipotesi bat ere bota zuen: eguzkia izar bat zela, eta gainerako izarrak ere inguruan planetak zituzten eguzkiak zirela.

Munduen aniztasuna aldarrikatzea izan zen sutara kondenatzeko arrazoietako bat. Baina beste heresia asko leporatu zizkioten: Hirutasun Santuaren eta Jesusen aurka egitea, esaten baitzuen Jesus ez zela Jainkoa, azti iaio bat baino; Mariaren birjintasuna zalantzan jartzea; fede katolikoaren eta haren ministroen aurka hitz egitea; asmakeriatan aritzea...

Azken unean ere, apaizak eskainitako gurutzeari musu emateari muzin egin zion Brunok. Eta bare-bare jarraitu zuen, sugarretan desagertu arte. "Bera lasai zegoen, bazekielako zuzen zegoela" zioen Jose Ramon Etxebarria EHUko irakasle, ingeniari eta fisikariak martxoko Elhuyar aldizkariko Lekukoak atalean. "Ni bezala hiltzea... hori ez da heriotza, ez! Horrela hiltzea bizia da" esan zuen Brunok hiltzeko bezperatan idatzitako poeman. Poema horixe euskaratu eta eskaini digu, Etxebarriak.

Esan. Zein da nire krimena? Susmorik ote daukazue, behintzat?

Eta akusatu egiten nauzue, inoiz deliturik egin ez nuela jakinik!

Erre nazazue; izan ere, bihar, sutzarra piztuko duzuen tokian,

historiak estatua bat eraikiko du nire ohorez.

Nik badakit zuen eromen gorenak kondenatzen nauela.

Zergatik? Egian bilatu nituelako argiak;

ez pentsamendua lausotzen duen zeuen zientzia faltsuan,

zeina beste garai batetik ostutako dogma eta errituekin osatua den,

baizik eta munduko unibertsoaren liburu eternoan,

zeinak iraupen luzeko orrietan gordeta dauzkan

etorkizun emankor baten kimu bedeinkatuak,

eta justizian oinarritua den, arrazoian funtsatua.

Halere, badakizue ezen, gizonak bere kontzientzian

kausen kausak bilatzen baditu, azken zergatiaren bila badabil,

Bibliaren ordez zientzia hartu beharko duela laster,

tenpluen ordez eskola, fedearen ordez, arrazoia.

Nik badakit horrek ikaratu egiten zaituztela,

den-denak beldurtzen zaituzten bezala,

eta ni gezurtatu nahi izango nindukezuela.

Are gehiago, zeuen kontzientziak ere gezurtatu nahi dituzue,

negarra sorrarazten duen serbilismoaren lokatzean sartuak...

Baina han ere, sakon-sakonean, kontzientziek ondo dakite

ideia hori ukiezina dela, eternoa, jainkotiarra, inmateriala...

Ez direla zuen jainkoa eta erlijioa aldaketekin

historia sortzen dutenak, ideia bera baizik.

Bera dela hezurtegitik bizia ateratzen duena,

bera dela hautsezko gizona sortzaile bihurtzen duena,

kalbarioko eszena odolez idatzi zuena,

Taborrekoa argiz idatzi ondoren.

Baina betiko berberak zarete, fariseo zaharrok,

jendeak ikus zaitzakeen tokietan otoitz egin eta makurtzen zaretenok,

fede-itxurak eginez, faltsuak zarete Jainkoari deika, ateo halakoak,

karraskatzeko gorpu baten bila zabiltzaten txakalak.

Zein da zuen dotrina?, asmakerien oihala;

zuen ortodoxia, gezurra; zuen patriarka, errege bat;

elezahar bat da zuen historia, fantastikoa eta arrotza;

zuen arrazoia, indarra; eta zuen legea, urrea.

Antzinako jentilen bizio guztiak dauzkazue.

Bakanalak dituzue, haien gaiztokeria doilorra.

Haiek bezala, faltsuak, hipokritak eta zitalak zarete.

Haiek bezala, egia hil nahi duzue.

Halere... alferrik ari zarete! Horretan inor bada,

neu naiz garaile, zeren historiak esango baitu geroan,

"Errespetua Bruno bezala hiltzen direnei".

Zuen izenak, ordea,... Nork esan ahalko ditu?

Ai ene, mila aldiz nahiago dut neure heriotza, zuen zortea baino.

Ni bezala hiltzea... hori ez da heriotza, ez!

Horrela hiltzea bizia da: zeuen bizitza, ostera, heriotza.

Horregatik, garaile bat egongo da, eta ez Erroman... Neu naiz!

Esaiozue zeuen aitasantuari, zeuen jaun eta jabeari.

Esaiozue heriotzari emana naizela amets bati balitz bezala.

Zeren heriotza baita Jaikoarengana eramaten gaituen amets bat...

Baina ez zeuen jainko zoritxarrekoarengana, bizio eta pasiodunarengana,

biziarekin batera gizonari madarikazioa ematen dionarengana,

baizik eta Jainko-Ideia horrengana, zeinak, mila modutan,

materiari forma ematen dion, eta kreazioari, bizia.

Ez guduen jainkoari, bai pentsamenduaren Jainkoari,

bai kontzientziaren Jainkoari, bai nigan bizi den Jainkoari,

sua, argia, lurra eta haizea animatzen dituen Jainkoari,

ontasunen Jainkoari, eta ez mugagabeko haserrearen jainkoari.

Esaiozue ezetz, sukarrez, eldarnioz eta gosez igarotako hamar urteek

ezin izan zutela apurtu ene borondatea.

Uka dezala Pedrok Jesus Maisua, baina jakin dezala ezen,

egiaren martirioaren aurrean, neu ez nauzuela apostataraziko.

Aski da!... Zuen zain nago! Amaitu egizue zeuen lana.

Koldarrak! Zerk gerarazten zaituzte?... Etorkizunaren beldur al zarete?

Ai ene! Dardarka zaudete. Faltan duzue nik sobera dudan fedea.

Begira egidazue!... Ni ez nago dardarka. Neu naiz, ordea, hil behar duena!

Poemaren itzulpena: Jose Ramon Etxebarria.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.