Darwinen platerean

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

darwinen-platerean
Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Zuhaitz zahar baten enborrean bi kakalardo bitxi ikusi zituen. Haiek ez zituen bilduman. Berehala hartu zituen biak, esku banatan. Eta, orduan, hirugarren bat ikusi zuen, desberdina. Ezin ihes egiten utzi, eta, hura hartu ahal izateko, eskuineko eskukoa ahoan sartu zuen... "Ai!, mihia erre zidan likido ikaragarri garratz bat bota zuen, eta jaurti egin nuen. Biak galdu nituen azkenean, ahokoa eta hirugarrena" idatzi zuen Charles Darwinek, bere autobiografian.

Ez zen ahora animalia bitxiak sartzen zituen azken aldia izango; nahiz eta hurrengoak ez ziren gordinik izango, gutxienez. Cambridgen teologia ikasten ari zenean, Darwinek eta beste 7 ikaslek The Glutton Club sortu zuten. Astero afaltzeko elkartzen ziren klubeko kideak, beren ikasle-gelatan, txandaka. Kluba ospetsua izan zen "giza dastamenarentzat ezezagunak ziren hegazti eta piztiak" jateko zuten zaletasunagatik: katagorriak, hainbat karraskari, hontzak, belatzak, txori zezenak... Darwinek berak ehizatzen zituen. Ehiztari amorratua eta trebea zen, eta gelako paretean zintzilik beti prest eduki ohi zuen eskopeta.

Urubi zahar bat jatera ausartu zirenekoa izan zen azken afaria. Hegazti gautar haren haragia haritsua eta higuingarria suertatu zen; kideetako baten esanean, "deskribaezina". Ez zuten afari gehiago egin, baina klubeko kideak lagunak izan ziren bizi osoan, eta gerora, nostalgia handiz gogoratuko zituzten afari haiek.

Campusetik kanpora ere atera ohi zen afaltzera Darwin. Bereziki gogoko zuen botanikako irakasle John Stevens Henslowren etxean afaltzea. Gainera, bere karreran oso garrantzitsua izango zen jendea ezagutu zuen Henslowerenean. Eta Henslow bera izan zen Beagle ontziko ateak ireki zizkiona.

Hura ere mahaiarekin lotuta izan zen. Izan ere, Beagleko kapitain Fritz Royk mahaikide bat nahi zuen, itsasoko bidaia luzeetako otorduetan konpainia ona egingo zion norbait. Eta Henslowri esan zion. Hark Darwin gomendatu zion. Ongi ezagutzen zuen, eta bazekien horretarako pertsona ezin hobea zela. Royk Darwin ikusi zuenean, ia ez zuen onartu. Ez zitzaion haren sudurra gustatu; pertsona zalantzati baten sudurra zen, Royren ustez. Azkenean, onartu egin zuen, hala ere, eta ohartarazi zion luxurik gabeko afariak izango zirela Beaglekoak: "Ardorik ez, eta afaririk soilenak".

Royk ohartarazi baino askoz okerragoak izan ziren Darwinentzat lehen asteak. Zorabioak jota, hamakan pasatzen zuen eguna, gailetak eta mahaspasak soilik janez. Cabo Verden gelditu zirenean, bananak probatu zituen lehen aldiz, eta tamarindo eta laranja mordoa jan zuen. Han dastatu zuen bere lehen plater tropikala ere: barrakuda batatarekin.

Bidaia osoan zehar zorabioekin asko sufritu bazuen ere, azkenean, kapitainaren mahaikide baino askoz gehiago izango zen Darwin espedizio hartan: Beagleko naturalista ofiziala bihurtu zen. Grina berarekin hartzen zituen lan hura eta lur berrietan aurkitzen zituen jaki berriak.

Arg. Manu Ortega/CC BY-NC-ND

Beagle edonon gelditzen zela, lurrak edo itsasoak eskaintzen zien edozer biltzen zuten, ontziko despentsa betetzeko. Antzar, ahate, eper, untxi, foka eta abar ehizatzen zituzten ehiztariek. Eta arrantzaleek nahi adina arrain arrantzatzen zuten. Sareetan animalia ezezagunen bat etortzen bazen, jan ondoren, azala eta hezurdura elkartu, eta Darwinek katalogatu eta deskribatzen zituen.

Itsasoan zeudenean, Darwinek berak askotan botatzen zituen amuak, eta Royk eta biek sarri afaltzen zuten Darwinen eguneko harrapaketa, arrozarekin, ilarrekin eta kalabazarekin lagunduta. Lurrean, berriz, gozatu egiten zuen ehizean. Zaldiz egiten zituzten espedizio luzeak gogoko zituen, egunean eguneko afaria ehizatuz, eta egunero leku desberdinean kanpatuz: "zerua sabai eta lurra mahai". Iguanak, jaguarrak, llamak, azeriak, pumak, kondorrak, pampako oreinak, kapibarak, guanakoak eta abar ehizatu eta jan zituen.

Hala ere, bazen animalia bat Darwinek harrapatu nahi baina lortzen ez zuena. Gautxoek "avestruz petisse" deitzen zioten. Ñandu bat zen, arrunta baino txikiagoa, eta ikusteko oso zaila. Darwin baino sei urte leheneago han ibili, eta milaka espezie deskribatu zituen Alcide d'Orbigny naturalista frantziar ospetsuak aurkitu ez zuen animalia bakarretakoa izango zen. Eta Darwinek lortu nahi zuen arerio frantziarrak lortu ez zuena. Baina berak ere ez zuen lortu.

Ñandu arruntak bai, askotan ehitzatzen zituzten. "Ñandua eta armadiloa dira plater gogokoenetakoak ontzian --idatzi zuen Darwinek--; lehenak behi-haragiaren zaporea du, eta bigarrenak, oskolik gabe erreta, ahatea dirudi". Ñanduaren arrautzak ere preziatuak ziren; eta Darwinen jaki gogokoena, berriz, agutia izan zen (karraskari handi bat): "inoiz dastatu dudan haragirik onena".

Dena probatzeko prest zegoen beti, Darwin; baina, bazituen bere mugak ere. Behin, Patagonian, gautxoek bertako plater gutiziatuenetako bat atera zioten. Haragi zuri-zuri hari oreinaren zaporea hartzen zion, baina higuingarria egin zitzaion puma baten fetua zela esan ziotenean.

1834ko urtarrilaren 3an, Argentinaren hegoaldean zeudela, kide batek ehizatu zuena erakutsi zion Darwini. "Ñandu gazte bat" pentsatu zuen Darwinek, eta "jan dezagun afaltzeko!" bota zuen. Afari-erdian, ordea, oihuka hasi zen Darwin: "Itxaron! Geldi denok!" Konturatu zen jaten ari ziren hura ez zela ñandu arrunt gazte bat, bilaka zebilen ñandu txikia baizik! Plateretan gelditzen zena eta sukaldetik hartutako buru, lepo, hanka, eta luma batzuk jaso, eta Londresera bidali zituen. Lagin harekin deskribatu zuten Rhea darwinii , edo Darwinen ñandua, izendatu zuten espezie berria (gero R. pennata izatera pasa zen).

Galapagoetan, berriz, iguanak eta dortokak jan zituzten. Darwinen esanean, iguanak delikatessenak ziren aurreiritzirik gabeko urdailentzat. Eta ikasi zuen dortoka gazteekin zopa bikaina egiten zela, eta dortoka errea ere ederra zela, gautxoek armadiloak bezala, oskol barruan errez gero, bere gantz berdean egosita. Gainera, animalia bikainak ziren ontzian eramateko, bizkarraren gainean jarrita hilabetetan irauten zuten bizirik, urik ere edan gabe. Beagle, 48 dortokarekin atera zen Galapagoetatik.

 

“Sarrera honek #Kultura Zientifikoa I. Jaialdian parte hartzen du”

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.