Cavendish, bakardadean jenio

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

Cavendish, bakardadean jenio
2010/02/01 | Etxebeste Aduriz, Egoitz | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: Manu Ortega)

Bazkaltzeko zer nahi zuen adierazten zuen oharra zerbitzariak irakurri zuenerako, bere teleskopiotik begira zegoen etxeko nagusia. Teleskopioa paretako zulo batean jarrita, paretaren beste aldeko tramankulu bati begiratzen zion. Tramankulu haren erdian, 140 kg-ko berunezko bi bola zeuden zintzilik, eta haien ondoan beste bi bola txikiago. Bola haien arteko grabitate-indarra behatzea zen helburua. Nagusiaren hitzetan esanda, "mundua pisatzen" ari zen.

1798ko udaberria zen; 67 urte zituen Henry Cavendishek. Han, bere etxean, mundutik aparte, eroso sentitzen zen. Ez zituen harremanak atsegin. Zerbitzariekin ere idatziz komunikatzen zen, eta haiek debekatuta zuten Cavendishen aurrean agertzea, kaleratuak izango ziren bestela. Eta inorekin gurutzatzea saihesteko, etxean berak bakarrik erabiltzeko sarrera bat eginarazi zuen.

Behin, atea ireki eta miresle austriar batekin egin zuen topo. Austriarra laudorioka hasi zitzaion, baina, berehala, Cavendish korrika ihes egiten ikusi zuen, etxeko atea irekita utzirik.

Hala ere, salbuespen batzuetan biltzen zen jende artera Cavendish. Joseph Banks naturalistak antolatzen zituen bilera zientifikoetara joaten zen noizean behin. Eta Royal Society Clubeko asteroko afarietara ere ez zuen huts egiten.

Baina bilera eta afari haietan ere oso gutxitan izaten zen haren ahots mehea entzuteko aukera. Gainerakoek ondo zekiten ez ziotela inola ere zuzenean begiratu edo hitz egin behar. Inork harekin hitz egin nahi bazuen, zentzuzko distantzia batera jarri eta hutsari ariko balitzaio bezala egin behar zuen. Esandakoa zientifikoki duina bazen, agian, Cavendishen erantzuna jasoko zuen.

Behin, William Herschel astronomoaren ondoan afaldu zuen. Herschelen teleskopio berriak eta haiekin egindako behaketak hitzetik hortzera zebiltzan. Afaria aurrera zihoala, ordura arte mutu egon zen Cavendishek bat-batean esan omen zion: "entzun dut izarrak biribilak ikusi dituzula". Eta Herschelek: "Botoi bat bezain biribilak". Cavendishek isilik jarraitu zuen afaria amaitu arte, eta orduan galdetu zion berriz: "Botoi bat bezain biribilak?". "Bai, botoi bat bezain biribilak". Hura izan zen gau hartako elkarrizketa guztia.

Oliver Sacksen ustez, jenio autista bat izan zen, eta Cavendishen biografo George Wilsonek honela deskribatzen du: "Ez zuen maitatu, ez gorrotatu; ez zuen inolako itxaropenik, ez beldurrik... Dirudienez, haren burua kalkulatzeko makina bat izan zen; bere begiak ikusmenerako erreminta huts, ez malkoen iturri; bere eskuak manipulaziorako tresna, sekula emozioz dardararik egin ez zutenak, eta adoratzeko, eskertzeko edo desesperatzeko sekula elkartu ez zirenak; haren bihotza ez zen organo anatomiko bat baino izan, odolaren zirkulaziorako beharrezko. ...Amildegi sakon batek besteengandik banantzen zuela sentitzen zuen, eta inork, ez berak, ez besteek, ezin zuen amildegi hura zeharkatu... Hala, bere burua baztertu zuen, munduari agur esan eta anakoreta zientifiko egin zen, eta, antzinako monjeen gisara, bere kartzelan sartu".

Bere "kartzela" hartan behar zuen guztia zuen. Ingalaterrako nobleziako familia aberatsenetako batekoa izanik, ez zitzaion dirurik falta, eta gainerakoan diruari inolako jaramonik egin ez bazion ere, balio izan zion bere etxea laborategi handi bat bihurtu eta bizitza ikertzen pasatzeko.

Izan ere, Cavendishentzat, kontatu, neurtu eta pisatu zitezkeen gauzez betea zegoen mundua. Neurtzea eta esperimentatzea zen bere bokazioa, eta zehaztasuna bere obsesioa. Neurketak zehaztasunez egin ezin zituenean ere, ahalik eta hurbilketa onenak egiten saiatzen zen. Esaterako, amperemetrorik oraindik existitzen ez zenez, bere burua erabiltzen zuen korronte elektrikoaren intentsitatea neurtzeko. Deskargak hartzen zituen, eta nolako intentsitatea sentitu zuen apuntatzen zuen. Deskarga haiek handituz joaten zen, ia kontzientzia galtzeraino.

Famatuak izan ziren gasekin egin zituen lanak. Besteak beste, hidrogenoa isolatu zuen lehena izan zen, eta hidrogenoa erretzean ura sortzen zela ikusi zuen, hau da, hidrogenoa eta oxigenoa batuta ura sortzen zela frogatu zuen. Ura, beraz, ez zen elementu bat.

Hala ere, bere lan asko ez zituen argitaratzen, ez eta inori kontatzen ere. Inporta zitzaion bakarra jakitea zen, ez bazekiela erakustea. James Clerk Maxwell fisikariak 1874an Cavendishen argitaratu gabeko idatziak irakurtzeko aukera izan zuenean, zur eta lur gelditu zen. Azken urteetan egin ziren aurkikuntza asko Cavendishek ia mende bat lehenago eginak zituen: energiaren kontserbazioaren legea, Ohmen legea, Coulomben legea, Daltonen presio partzialen legea, gasen Charlesen legea eta abar.

Baina Cavendishen esperimenturik ezagunena mundua «pisatu» zuenekoa da. Ideia ez zen berea izan, John Michell apaizarena baizik. Michell ere garai hartako bururik argienetako bat izan zen. Hain zuzen, harengana joan zen Herschel musikaria teleskopioak egiten ikastera, benetan interesatzen zitzaiona astronomia zela erabaki zuenean.

Michellek inoiz diseinatu eta eraiki zuen gauzarik burutsuena Lurra pisatzeko makina hura izan zen. Zoritxarrez, esperimentua egiteko aukera izan aurretik hil zen. Eta makina haren lagun Cavendishen eskuetara iritsi zen.

Cavendishek, betiko moduan, ahalik eta zehaztasun handienaz egin nahi izan zituen neurketak. Makina zegoen gelako tenperatura-aldaketa edo aire-laster txikienak emaitzak erabat alda zitzaketela pentsatu zuen. Horregatik, makina gelaxka batean sartu, eta kanpotik maneiatzeko egokitu zuen.

Ez zen erraza izan; hamaika neurketa egin behar izan zituen, ia urtebetez. Baina, azkenean, 1798ko artikulu batean, Lurraren dentsitatearen 29 neurketa eman zituen, eta haien batezbestekoak zioen urarena baino 5,48 handiagoa zela. Harrigarria bada ere, azken batezbestekoa gaizki eman zuen, eta, izatez, 5,448 da neurketa haiei dagokiena. Balio hori gaur egun onartzen dena baino % 1,3 baino txikiagoa da. Ez zen urruti ibili.

Azkeneko urteetan astronomia izan zuen ikergai nagusia. 1809an argitaratu zuen bere azken artikulua, astronomiako instrumentu batzuei buruzkoa. Hurrengo urtean, 1810eko otsailean, bizi izan zen bezalaxe hil zen; bere "kartzelan", bakar-bakarrik.

Etxebeste Aduriz, Egoitz
2
261
2010
2
027
Historia; Biografiak
Istorioak
58

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Gipuzkoako Foru Aldundia
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.