Big Bangaren alfabetoa

Etxebeste Aduriz, Egoitz

Elhuyar Zientzia

big-bangaren-alfabetoa
Arg. Manu Ortega

Alpher, Bethe, Gamow. Alfabeto grekoaren lehen letrak ziruditen abizen haiek. Sinadura ezin hobea unibertsoaren jatorriari buruzko artikulu zientifiko batentzat. Horregatik, Ralph Alpher gazteak bere tesian egindako ikerketa argitaratzeko garaia iritsi zenean, haren zuzendari George Gamowk bere lagun Hans Bethe-ri proposatu zion lan hura sinatzeko. Halaxe argitaratu zuten "Alpher-Bethe-Gamow" artikulua.

Alpher gazteari ez zion grazia handirik egin bere tesi-zuzendariaren ideia hark. Izan ere, garai hartan, bai Gamow eta bai Bethe izen handiak ziren, eta beldur zen ez ote zen haien itzalean geldituko berea, lanaren benetako egilearena.

"The Origin of Chemical Elements" (Elementu kimikoen jatorria) zen artikuluaren titulua, eta Big Bangaren teoria indartzen zuten emaitzak ematen zituen. 1940ko hamarkada zen, eta inork gutxik hartzen zuen aintzat, garai hartan, Georges Lemaître apaiz belgikarrak 1931n proposatutako teoria. Lemaîtrek ez zuen erabili "Big Bang" espresioa, baina "atzorik gabeko egun bat" izan zela proposatzen zuen, eta unibertsoa "atomo primitibo" edo "arrautza kosmiko" baten leherketaz sortu zela.

Beren garaiko fisikari gehienak ez bezala, Alpher eta Gamow konbentzituta zeuden teoria hark bazuela zentzua, eta haren aldeko frogaren bat bilatu nahi zuten. Horretarako, unibertsoko elementuen ugaritasunean zeuden desberdintasunak Big Bang-arekin azaldu ote zitezkeen ikusi nahi zuten. Hilabeteak pasatu zituen Alpherrek kalkulu nuklearrak egiten. Big Bang hipotetiko batetik sortutako unibertsoa nagusiki hidrogenoz eta helioz osatua legokeela iradokitzen zuten Alpherren kalkuluek, eta 10 hidrogeno-atomo egongo liratekeela helio-atomo bakoitzeko. Eta horixe zen, hain zuzen ere, astronomoek izarretan eta galaxiatan neurtutako proportzioa.

Alpherrek bere tesiaren defentsan aurkeztu zituen lehengoz datu horiek, 1948ko udaberrian. Zurrumurrua zabaldu zen 27 urteko gazte batek aurrerapauso handi bat egin zuela, eta auditorioa lepo bete zen. Kazetariak ere han izan ziren; "Mundua bost minutuan hasi zen" izan zen hurrengo eguneko Washington Post -eko titularra.

Gero, "Alpher-Bethe-Gamow" artikulua argitaratu zuten, eta, Alpherren beldurrak egia bihurtu ziren: Bethe eta Gamow fisikari handien lana izan balitz bezala hartu zuen komunitate zientifikoak, eta Alpher itzalean gelditu zen.

Handik hilabete batzuetara, beste lan bat argitaratu zuen Robert Herman-ekin batera, eta han ondorioztatzen zuten Big Bangak igorritako erradiazioa oraindik egungo unibertsoan dagoela irrati-uhin gisa. Astronomoei eskatzen zieten bilatzeko Big Bangaren oihartzun hura. Baina, kasu hartan ere, ez zuen zorterik izan Alpherrek; inork ez zien kasurik egin.

Batetik, astronomo gehienak ez zeuden konbentzituta Big Bangaren konzeptuarekin, eta, teoriaren alde zeudenek ere, teknikoki ezinezkotzat jotzen zuten erradiazio hura detektatzea. "Energia mordoa xahutu genuen hitzaldiak ematen. Inork ez zion heldu amuari; inork ez zuen esan hori neur zitekeenik", kexatuko zen geroago Alpher.

Handik hamarkada batera, Alpher eta Hermanen ekarpena jada ahaztuta zegoenean, Princeton Unibertsitateko Robert Dicke, Jim Peebles eta David Wilkinson astrofisikariak ondorio berera iritsi ziren: Big Bangaren oihartzunak hor egon behar zuen. Gainera, uste zuten tresna egokiarekin detektatu ahal izango zela, eta horretarako prestatzen hasi ziren.

Bitartean, handik 60 km-ra, New Jersey-ko Bell Laborategietan, Big Bangaren oihartzun hartaz nola libratu ezin asmaturik zebiltzan Arno Penzias eta Robert Wilson irrati-astronomo gazteak. Komunikazio-antena handi bat erabiltzeko saioak egiten ari ziren. Satelite bidezko komunikaziorako eraiki zuten antena hura, eta horretarako interferentzia guztiak ezabatu behar zituzten. Baina, ustez, horretarako neurri guztiak hartu bazituzten ere, etengabeko hondo-zarata bat jasotzen zuten.

Urtebetez, bururatu zitzaien guztia egin zuten zarata hura desagerrarazteko. Sistema elektriko guztiak probatu zituzten, tresna berriak eraiki, zirkuituak ongi zeuden begiratu, kableak mugitu, entxufeei hautsa kendu... Antenara igo eta zinta itsasgarria jarri zuten juntura eta errematxe guztietan, eta antenan habia egin zuten uso batzuk ere jo zituzten zarata haren errudun: antenaren gainazalean zegoen "material dielektriko zuria" zela eta. Hura ere garbitu zuten, baina, egiten zutena egiten zutela, zaratak han jarraitzen zuen. Alde guztietatik zetorren gainera, gau eta egun.

Horrela zebiltzan Penzias eta Wilson, 1965ean Princetongo ikertzaileen ondorioen berri jakin zuten arte. Orduan hasi ziren konturatzen zer zen zarata hura. Princetongoek (eta Alpher eta Hermanek) iragarritako erradiazioarekin guztiz bat zetorren. Unibertsoa sortu zeneko erradiazioa zen.

Berehala argitaratu zuten Penziasek eta Wilsonek aurkikuntza handi hura. Artikuluan ez zen Alpherren eta Hermanen iragarpenaz aipamenik egiten. Alpherrek gerora aitortuko zuen garai hartan bizi izan zuen haserrea: "Mindu egin ninduen antena madarikatu hura ikustera ere gonbidatu ez izanak". Eta Hermanekin batera idatzi zuen Genesis of the Big Bang liburuan, honela dio: "Batek zientzia egiten du bi arrazoirengatik: zerbait lehenengoz neurtzearen edo ulertzearen zirraragatik, eta, behin hori lortutakoan, gutxienez kideen aintzatespenagatik".

Aintzatespen hura Penziasen eskutik etorri zen, 1978an. Gamowren, Hermanen eta Alpherren ekarpenak goraipatu zituen, Nobel saria jaso zuenean. Wilsoni eta biei eman zieten Fisikako Nobela, bilatu ez zuten eta aurkitu zutenean zer zen ez zekiten "hondoko mikrouhin-erradiazio kosmikoa aurkitzeagatik".

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.