Mira txikitik

Mikroskopioaren miratik begiratzean bistaratzen den mundu ezkutuak, ederra izateaz gain, balio zientifiko handia izaten du askotan. Horixe da Nikon Small World mikroargazkigintza-lehiaketaketaren azken edizioa irabazi zuen argazkiaren kasua. Bram van den Broekek eta kideek larruazal-zeluletako keratina-zuntzen dinamika ikertzen dute Herbehereetako Minbiziaren Institutuan. Ikerketa horretan, fluoreszentzia bidezko mikroskopia aurreratuko teknikak erabiltzen dituzte. Horrela atera zioten argazkia keratina gehiegi ekoizten duen larruazal-zelula bati, eta lehiaketa irabazi zuten argazki horrekin.

Keratina egiturazko proteina garrantzitsua da azaleko zelulentzat: estres mekanikotik babesten du zelula, eta beste hainbat funtzio ditu, migrazioa eta itsaspena, adibidez. “Keratinaren espresio-ereduak askotan ez dira normalak izaten azaleko tumoreetako zeluletan, eta hori asko erabiltzen da tumoreen markatzaile gisa, diagnosirako”, azaltzen du Van den Broek doktoreak. “Zeluletan keratinaren eta antzeko proteinen dinamika nola aldatzen den aztertuta, hobeto uler dezakegu minbiziaren eta beste gaixotasun batzuen garapena”.

Lehiaketara aurkeztu diren 2.000tik gora argazkiren artean, garaile atera da larruazal-zelularena; halaber, beste hainbat argazki ere nabarmendu dituzte lehiaketan, eta haietako batzuen aukeraketa duzue hurrengo orrietan.

Giza azalaren zelula bat, fluoreszentziaz markatutako keratina espresatzen
Egilea: Bram van den Broek, Andriy Volkov, Kees Jalink, Nicole Schwartz eta Reinhard Windoffer / Herbehereetako Minbiziaren Institutua (Herbehereak)
Taenia solium tenia, eskolexa aterata
Egilea: Teresa Zgoda / Rochester Teknologia Institutua (AEB)
Errotiferoak
Egilea: Frank Fox (Alemania)
Nsutita eta kakoxenita (mineralak)
Egilea: Emilio Carabajal Márquez (Espainia)
Brokolia
Egilea: Nathan Myhrvold / Modernist Cuisine (AEB)
Lizuna tomatean
Egilea: Dean Lerman (Israel)
Sits-arrautzak armiarma-zetatan
Egilea: Walter Piorkowski (AEB)
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila