Negazionismoa: pandemia berria?

Laida Arbizu Aguirre

Filosofiako ikaslea

negazionismoa-pandemia-berria
Egoera arriskutsuen aurrean ostrukek burua lur azpian ezkutatzen duten moduan, negazionistak konspirazio-teorietan eta funtsatu gabeko usteetan babesten dira ebidentzia enpirikoan oinarritzen diren egia deserosoen aurrean. Arg. Pixabay

Ezaguna den moduan, pandemiak berak duen adinako presentzia irabazi du egun beste gertakari batek: negazionismoak, hain zuzen. Birusaren transmisioak gora egiten duen heinean, koronabirusaren existentzia edota larritasuna zalantzan ipinarazten dituzten ideiak ere areagotzen ari dira. Baina, zergatik? Zertan datza negazionismoa? Pandemiaren ostean, izango al du jarraipenik fenomeno horrek?

Orokorki aztertuz gero, negazionismoaren barruan bi elementu nagusi topa daitezke: batetik, errealitatea edo ebidentzia jakin baten ukazioa (historikoa, zientifikoa…); bestetik, ukatze horren arrazoia, deserosoa den egia batetik ihes egitea. Noski, hori egiteko bideak ugariak dira, motibazioak, interesak edota bestelako eragileak gorabehera. Profil negazionistaren kasuan, subjektuen mesfidantza, beldurra eta egoerarekiko ziurgabetasuna nahasten dira; pertsona ororengan hauteman daitezkeen alderdiak izanik, elementu horien haritik azpimarratzen da negazionismoaren izaera heterogeneoa. Hortaz, esan daiteke subjektu oso desberdinak batzeko ahalmena duela.

Nahiz eta egun bolo-bolo dabilen gai bat izan, negazionismoa ez da fenomeno berria: digitaltasunaren eskutik, eguneratu egin da, baina haren erroak lehengo berberak dira. Dena den, zergatik areagotu dira ukazioan funtsatzen diren jokabide horiek? Pandemiaren izaera ezohikoa ez ezik, administrazio eta instituzioekiko mesfidantza, informazio fidagarria ulertzeko ezintasuna edo haien azalpen-gabezia eta espazio digitalean (sare sozialetako iritzi-askatasuna, erresonantzia-kutxak, fake newsen hedapena… Interneten piezak ugariak dira) eskaintzen den etengabeko informazio-fluxua kokatu ohi dira gorakadaren muinean (Arbós, 2021).

Zalantzaren eta egia deserosoen aurrean, erantzun errazen bilaketa

Pandemia bezalako ezusteko ezezagun eta ezohiko baten aurrean, indarra irabazten du erantzun azkarrak eskaintzen dituen uholde negazionistak. Haatik, uholde horren aurrean, babestu baino zerbait gehiago egin behar genuke; aurre egitea da kontua. Hortaz, ideia negazionista berriei bidea ixteaz gain, beharrezkoa izango da zenbait estrategia lantzea jada martxan dauden mekanismo ukatzaileak oztopatzeko. Negazionistek, ordea, euren usteei tinko eusteko joera daukate, nahiz eta uste horiek okerrak direla frogatzen duten ebidentziak izan; hortaz, posible al da negazionistekin eztabaidatzea?

Munduko leku ugaritan manifestazio negazionista andana egin dira, besteak beste, birusaren inguruak antolatuak izan direla, hots, dena “plandemia” bat litzatekeela agertu edota askatasuna “eskatzeko”. Irudian, esaterako, negazionista estatubatuarrak ikus daitezke osasun-neurrien aurka ospatutako manifestazio ugarietako batean. Arg. Ted Eytan

Negazionismoa nahiz bertan errotzen diren auziak ekiditeko, fenomenoari aurre egin beste biderik ez dago; izan ere, pasibotasunak alferrikako bihurtuko luke pandemia-garaian bizi izan den oro. Haatik, Brandoliniren legearen esanak aintzakotzat hartuz gero –energia gehiago behar da informazio faltsua edo txorakeriak ezeztatzeko, faltsukeria berri bat sortzeko baino–, aurre egiteko asmo horrek lan eskerga eskatzen du. Merezi al du denbora eta ahalegina hartzea faltsukeriak zuzendu eta argitzeko? (Williamson, 2016). Zabalduko diren uste faltsu horiek eragin ditzaketen kalteei begira, zuzena litzateke adieraztea baieztapen faltsu orok erantzuna merezi duela, ahaleginak ahalegin. Horrenbestez, pandemiaren testuinguruan funtzionamenduan dauden mekanismo negazionista horiek geldiarazteko, bi irtenbide proposatuko dira jarraian, baita haien beharra aldarrikatu ere: bata, errespetuan oinarritutako eztabaidaren bidea litzateke, eta bestea, berriz, zientzia erakusteko edo ezagutza zientifikora gerturatzeko baliabideak eskaintzearena.

Ikerketek erakutsi dute ingurumari batzuetan negazionismo zientifikoa desegiteko saiakerarik ez egitea kaltegarria izan daitekeela. Ildo beretik, Phillip Schmid eta Cornelia Betsch ikerlariek Nature Human Behavior aldizkarian argitaratutako ikerketaren emaitzek erakusten dute diskurtso ukatzaileek kalte handiagoa egiten dutela inolako erantzunik ez dutenean. Gainera, azpimarratzen dute artikuluan eskaintzen dituzten bi erantzun-estrategietako edozeinek (gaiari buruzko argudioak ezeztatzean oinarritzen dena, topic rebuttal ingelesez, edo diskurtsoaren tranpak desmuntatzen saiatzen dena, hots, technique rebuttal) kaltea partzialki arintzea lortzen duela (Schmid & Betsch, 2019). Dena den, bada eztabaida sustatzea bezain garrantzitsua den elementu bat, elkarrizketan bertan kontuan hartzekoa: errespetua, hain zuzen ere.

Errespetuan oinarrituriko eztabaida

Kontzeptu honen garrantzia azpimarratzen du Lee McIntyre filosofoak bere lan berrienean, How to talk to a science denier liburuan, hain zuzen. Pentsalariak agertzen duenez, pandemiaren –eta orokorrean zientziaren– negazionista batekin hitz egiteko lehen pausoak konfiantza eraikitzea du oinarri: pazientzia, enpatia eta errespetua erakutsiz, batetik, eta zientziaren funtzionamenduaren inguruan gardentasuna eta irekitasuna agertuz, bestetik. Hori dela eta, McIntyren aburuz, erronka ez da bakarrik jendeak egitate jakin batzuk onartzea, baizik eta ulertzen eta balioesten hastea nola lortu duten zientzialariek beren ezagutza; nola azterketa zorrotz, proba kooperatibo eta ziurgabetasun-tolerantzia prozesuetan oinarritu diren. Era horretan, ukatzaileak gehiago identifikatzen has daitezke zientzialarien balioekin (eta arrazoiketa-prozesuekin) (McIntyre, 2021).

Sare sozialen erabileraz eraikitzen dituzten espazioak esklusiboak, desinformatuak eta zalantzagarriak dira: atmosfera egokia ikuspegi negazionistak hauspotzeko. Horrela, espazio digital horiek eskainitako askatasunaz baliatzen dira euren ideiak sostengatu nahiz bestelako mezuen artean hedatu ahal izateke. Arg. Pixabay

Ezagutza zientifikoa zalantzaren aurrean

Elkarrizketaz gain, ezinbestekoa da gizartea zientzian heztea, mekanismo zientifikoen funtzionamenduaren berri ematea nahiz alorraren nolakotasuna zehaztasunez deskribatzea, diziplinaren eta gizartearen arteko lotura estuaz ohartaraziz. Oro har, zientziaren benetako izaera eta funtzionamenduaren berri ematea ahalbidetzen duten egitasmoak bultzatzea litzateke ate negazionista ixteko giltza. Egungo testuinguruan, zientzia entzute handiko diziplina da; gizartearen kultura zientifikoa, alabaina, ez da neurri berean areagotu. Kultura horren sustapenari behar duen arreta eskaintzen ez bazaio, ukazioan oinarritzen diren jokabide horiek nabarmentzeko aukerak ugaritu daitezke. Hori horrela izanik, nola eragingo du pandemiak pertsonen zientziarekiko eta ezagutza zientifikoarekiko interesean? Ziur aski, aukera berriak aurkituko ditu.

Kontuan izan behar da zientziak, tresna teknikoak ez ezik, gure inguruaz hausnartzeko erreminta filosofikoak ere ipintzen dituela mahai gainean. Errealitatea hobeto ulertuz, erabaki egokiak hartzeko oinarri sendoa osatzen lagundu diezaguke (Fernández Niño, 2017). Horregatik, beharrezkoa da zientziaren inguruko ezagutza oinarrizko bat, baita negazionismoaren aurka egiteko elkarlana sustatzea ere: esparru zientifikotik aparte, gizarte mailan ere ohartaraztea ukatzaileei aurre egiteko beharraz, eta kontzientziazio hori praktikara eramatea, betiere pentsamendu kritikoa ardatzean ipiniz.

Azken hori izango da, ziur aski, orain arte agertu den puzzlearen azken pieza, zeinak gainontzeko atal guztiak elkartzeko balioko baitu. Pandemia-testuinguru honetan, eta informazioaren berehalakotasunaren garaian, publiko orokorrak zientziei buruz dituen ezagutza gehienak sare sozialetatik datoz, eta gero eta konplexuagoa da informazioa eta iritziak bereiztea. Gainera, gizarteari eragiten dioten arazoak aztertzeko eta perspektiban jartzeko denbora oso mugatua den heinean, inoiz baino beharrezkoagoa da pentsamendu kritikoa. Egoera ezegonkor honetan, norberaren usteak zaindu ez ezik, justifikazio funtsatuak arakatu behar dira, pentsatzen den hori zergatik pentsatzen den jakiteko, eta hori pentsatzeko arrazoien nolakotasuna argitzeko.

Ohiko da kaleetan zehar ere ikuspegi negazionistaren ildotik sortutako kartelak, irudiak edota oharrak ikustea. Kasu honetan, birusaren existentzia ukatzen duen mezua izango litzateke. Arg. Flickr

Zientziaren aurka agertzen diren horien izaera moldagarria da, eta, testuinguruak testuinguru, ukatuko den hori aldatu arren, ukapen-mekanismoek funtzionatzen jarraituko dute, ziur aski. Egoera horrek, hala ere, ez gaitu etsipenera bultza behar. Ezintasunak ugariak izan daitezkeen arren, are lazgarriagoa izan daiteke jarrera pasiboa hartu eta ikuspegi negazionistei ugaritzeko aukera ematea. Baliteke proposatu diren bide horiek lehen begiradan eragin txikikoak iruditzea, baina abiapuntu egokia eskain dezakete ideia ukatzaile horiek sustatzen dituzten jarrerak edo erabakiak iraultzeko.

Pandemiaren hasieran, guztiok geure etxeetan geundenean, nabarmen geratu zen ezinbestekoa izango zela elkarlanean jardutea ezohiko egoera horri aurre egiteko. Egun, oraindik pandemian gauden arren, aldaketa asko gertatu dira 2020tik hona –bai ezagutza zientifikoaren aldetik, baita alderdi teknikoagotik ere–, eta guztiek lagunduko digute amaierara arinago iristen. Negazionismoari aurre egiteko lan handia egin behar bada ere, ezinbestekoa izango da ardura hori hartu eta ukazioan oinarritzen diren ideia horien inguruan eztabaidatzea –baita negazionistekin zuzenean ere–, betiere pentsamendu kritikoaren ildotik eta elkarrekintzan jardunez.

 

Erreferentzia bibliografikoak

[1] Arbós, Daniel. 2021. “¿Cómo puede ser que haya negacionistas del coronavirus?”. Ara. https://es.ara.cat/ciencia-tecnologia/como-puede-ser-por-hay-negacionistas-coronavirus-que-creen-covid19_1_3865154.html.

[2] Crespo Garay, Cristina. 2019. ““Vivimos en una sociedad cada vez más polarizada, el caldo de cultivo perfecto para las fake news””. National Geographic.

[3] Diethelm, Pascal & McKee, Martin. 2009. “Denialism: what is it and how should scientists respond?”. European Journal of Public Health, 19 (1): 2-4.

[4] Fernández Niño, Julián Alfredo. 2017. “La anti-ciencia y el populismo en el siglo XXI”. Revista de la Universidad Industrial de Santander. Salud, 49(1): 5-6.

[5] Martínez Mas, Salvador. 2020. “Una 'app' berlinesa para ayudar a hablar con los negacionistas de la pandemia”. Nius. https://www.niusdiario.es/internacional/europa/app-berlinesa-ayudar-hablar-negacionistas-pandemia_18_3037395302.html

[6] McIntyre, Lee. 2020. La Actitud Científica. Cátedra, Madril

[7] McIntyre, Lee. 2021. How to talk to a science denier. The MIT Press, Massachusetts

[8] Schmid, Phillip & Betsch, Cornelia. 2019. “Effective strategies for rebutting science denialism in public discussions”. Nature Human Behavior 3, 931–939.

[9] Williamson, Phil. 2016. “Take the time and effort to correct misinformation”. Nature 540, 171.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila