Dominikar Errepublikako lur azpiko altxorrak argitara

Irazabal Tamayo, Nagore

Alfonso Antxia Espeleologi Zientzien Elkartekoa. Biologian doktorea

Los Haitises parke naturala Dominikar Errepublikako karst tropikal ikusgarriena da. Azken urte hauetan han izan gara kobak topografiatzen eta aztertzen Bilboko Alfonso Antxia Espeleologi Zientzien Elkartekook; zeregin horretan, Espeleogrupo Santo Domingo espeleologia-taldearen laguntza eta Caño Hondo hotelaren babesa ere izan ditugu. Egindako lanaren helburua izan da karstaren eta barrutik doan uraren ezaugarriak aztertzea, ukitu gabeko toki hori ustiapen industrialetik babesteko. Horrez gain, 23 koba topografiatu ditugu. Artikulu honetan duzue Los Haitises parke ezezagunari buruzko informazioa eta elkartekook bertan egindako lanaren laburpena, bai eta han bizi izandako zenbait pasadizoren berri ere.

dominikar-errepublikako-lur-azpiko-altxorrak-argit
Los Haitises-eko oihan tropikal tipikoa. Arg. Jabier Les

Los Haitises parkea uhartearen ipar-ekialdean dago, 673 km 2 -ko karbonatozko lurralde babestua da, karst tropikal handiago baten zatia (alemanezko karst hitzak "kareharrizko goi-ordokia" esan nahi du). Erliebe karstikoa zenbait erreakzio kimiko eta fisikoen eraginez gertatzen da. Zenbat eta altuagoa izan tenperatura, handiagoa hezetasuna eta trinkoagoa landaredia --karst tropikaletan gertatzen den bezala--, orduan eta eraginkorragoa da karstaren disoluzioa.

Karst tropikal horrek 1.350 km 2 -ko azalera du, eta eguraldiak eta hezetasunak eragindako karstifikazio gogorrak paisaia ikusgarria sortu dute, arrautza-kutxa baten itxurakoa ( cockpits ); muino ( hums edo haitises ) ugarien artean dolina (edo zulo) asko dago (Díaz de Neira eta Hernaiz, 2004).

Los Haitises parkean ez dago karstetan ohikoa den erreka-sare arruntik. Izan ere, karstifikazio tropikalaren ondorioz, sargune asko daude, eta euri-ura sargune horietatik sartu eta lur azpitik igarotzen da. Erreka gehienak Los Haitises-en kanpoaldean daude, eta morfologia erradiala edo paraleloa dute karstarekiko. Iparraldeko ibai nagusiak Yuna eta Yabon dira. Yuna ibaiak Samaná badiara isurtzen ditu urak, eta Yabon ibaia Sabana de la Marretik gertu itsasoratzen da.

Dominikar Errepublika uharteko akuiferorik handiena Los Haitises parke naturalean dago, eta duen ura gehienbat euri-ura da, nahiz eta karstaren mendebaldean zenbait errekak urez hornitzen duten. Bi ur-mota horien nahasketa dela eta, barrutik doan uraren funtzionamendu hidrogeologikoa desberdina da, eta oso konplexua ikertzeko.

Klima tropikala du (batez beste 26 gradukoa), eta urtean zehar aldaketa gutxi izaten da; urtean, oro har, prezipitazioak ugariak dira (1.800 eta 2.200 mm artekoak), eta ohikoa da ekaitz tropikalak eta hurakanak egotea (Baliabide Naturalen eta Ingurumenerako Estatuko Idazkaritza, 2006). Lurruntze- eta transpirazio-potentzialaren balioak ere oso altuak dira, urteko 1.500 mm (Díaz de Neira eta Hernaiz, 2004). Los Haitises parkea uharteko tokirik hezeena da, eta hango landaredi tropikala oso trinkoa da.

Urak zer ibilbide egiten duen jakiteko saiakuntzaren emaitzak

Los Haitises-eko karstaren kokapen geografikoa uhartean. Arg. Jabier Les

2010eko otsailean, Alfonso Antxiakook tindaketa-saiakuntza bat programatu genuen, Los Haitises-eko karsteko uraren ibilbideak ikertzeko asmoz, hain justu ere, Sabana de la Mar herritik pasatzen den errekako eta Samaná badiako urak zer jatorri zuen jakiteko. Ur hori Caño Hondoko Jibale iturburutik dator (karstaren beheko eremuan), baina Jibaleko iturburura iritsi arteko ibilbidea ezezaguna zen. Karsteko hausturen norabideak kontuan harturik, eta Juan basozainaren informazioaren arabera, uraren jatorria Los Haitises parkeko Llanada Grandeko San Rafael koban egon zitekeen.

Hala ote zen jakiteko, San Rafael koban tindagaia (uranina, hau da, sodio fluoreszeina) bota genuen, eta berdez tindatutako ura atera zitekeen erreka eta iturburuetan fluokaptatzaileak ipini genituen. Karbono aktiboa duten poltsatxoak dira; uretan sartzen dira, eta, gero, poltsa horiek analizatuta, jakin dezakegu ur tindagaiduna toki horretatik igaro den ala ez.

Beraz, otsailaren 11n, fluokaptatzaileak ipini genituen karstaren beheko iturburu eta erreketan, eta otsailaren 12an, goizeko 10:15ean, uranina kilo bat bota genuen San Rafael koban.

Tindagaia bota eta bi egunera, taldekideok egindako tindaketak agerian utzi zuen uraren jatorria Los Haitises parkeko Llanada Grandeko San Rafael koban zegoela, koloratzailea Jibale iturburuan agertu zelako. Hurrengo orduetan, Caño Hondoko putzuak, Sabana de la Marrera doan erreka eta Samaná badia berdez tindatuta agertu ziren.

Hala, Antxiakook egiaztatu genuen, batetik, uraren jatorria zein zen, eta, bestetik, karstaren barrualdeko mendian sartzen zen urak ez zuela luze irauten barruan. Are gehiago, bi egunen buruan karstaren beheko iturburuetara heltzen zela frogatu genuen. Gainera, Caño Hondon laginak ordu oro hartuta, tindagaiaren irteteko abiadura neurtu ahal izan genuen.

Kontzentrazioaren kurban piko nagusia 60 orduren buruan agertzen dela ikusten da, eta 80 ordura bigarren bat dago. Banaketa hori tipikoa da fluxu arina duten akuifero karstikoetan. Bi tontor horiek, halaber, adieraz dezakete ur-fluxua bi bide nagusitatik doala; hau da, bide nagusi bat egon daiteke, arinagoa eta oso zabala, eta bigarren bide bat, konplexuagoa eta estuagoa. Azken hori izan da, segur aski, tindagaia geroago agertzeko arrazoia. Laburbilduz, zirkulazio-fluxua oso arina da (neurtutako gehienezko abiadura eguneko 1.100 m izan zen), kontuan hartuta, gainera, ez zela euri-garaia; horrek baieztatu digu oso kasrtifikazio-maila handiko tokia dela, esan bezala, karst tropikaletan disoluzio-maila oso handia izaten baita.

Llanada Grandeko San Rafael kobaren topografia. Kobak 250 m-ko luzera du, eta ura du ibilbide osoan. Sarrerak 1,40 m-ko altuera du, baina hortik aurrera soilik metro batekoa da. Galeriaren azkeneko zatia sifoi bihurtzen da, hau da, urez betetzen da, eta h Arg. Jabier Les

Bestalde, tindagaia soilik altitude handieneko iturburuan (Jibale) agertu zen, eta ez behatutako beste iturburuetan (altitude txikiagoetan daudenak); horren arrazoia izan daiteke akuiferoan mugitzen den ur-geruza oso mehea izatea, eta ondoriozta dezakegu oso azaletik doala Samaná badiaraino eta itsasoraino heldu arte.

Akuiferoko uraren azterketa fisiko-kimiko, isotopiko eta mikrobiologikoa

Azterketa fisiko-kimikoak egiteko, landa-aparatuak erabili genituen. Azterketa mikrobiologikoak eskuko berogailu batekin eta laminokultiboekin egin genituen (mikroorganismoak hazteko plaka bereziak).

Oro har, Los Haitises-eko karsteko urak mineralizazio baxuko edo ertaineko urak dira, pH neutrokoak, eta kalitate onekoak parametro fisiko-kimikoei dagokienez (sodioa, magnesioa, kloruroa, bikarbonatoa eta nitratoa kontuan hartuta, hain zuzen ere).

Mikrobiologiaren aldetik, edateko ur bihurtzeko tratamendu sinplea behar duten urak dira, hau da, iragaztea gehi desinfekzioa. (927/1988 ED, uztailaren 29koa, eta ondorengo aldaketak).

Bestalde, karsteko uren isotopoen azterketak egin ziren. Isotopo egonkorren azterketak Granadako CSICen egin ziren (Zientzia Ikerketarako Goi Kontseilua). Azterketa horietan, ur-laginen oxigeno-, hidrogeno- eta karbono-isotopo egonkorren kantitateak ikertu ziren (hau da, δ2H-a, δ18O-a eta δ13C-a), eta horien arteko erlazioak.

Uraren hidrogeno- eta oxigeno-isotopoen (δ2H eta δ18O) arteko erlazioei erreparatuta, akuiferoko urari buruzko zenbait datu jakin ditugu nahiko modu fidagarrian: euri-ura den ala lur azpian metatuta denbora daraman ura den; zer kotatan iragazten den, bereziki, euri-ura; eta zein den ur-mota horien (euri-ura eta metatutako ura) arteko erlazioa. Beste era batera esanda, leku jakin bateko uraren isotopoen kopurua eta portzentajea aztertuta, jakin dezakegu toki horretako prezipitazio, altitude eta ohiko beste ezaugarri batzuei buruzko informazioa.

Eta isotopoen kontzentrazioa ikertuta, jakin dugu zenbatekoa den uraren lurruntze-maila.

Bestalde, uraren karbono-isotopoak (δ13C-ak) aztertuta, karbonoaren jatorria jakin daiteke; hau da, karbonoa kareharriaren disoluzioaren ondorioz datorren edo urak bere ibilbidean lurretik hartu duen.

δ13C-ko isotopoen ikerketak egin eta gero lortutako emaitzek agerian utzi dute, batetik, landarediak garrantzi handia duela uren karbonoaren jatorrian. Bestetik, egun, egituren eraketa disoluzioa baino garrantzitsuagoa da; hau da, estalagmita eta estalaktita moduko egiturak etengabe ari dira eratzen, tokiko kondizioei esker. Azkenik, akuiferoko ur gehienak euri-uretan du jatorria; beraz, uren ezaugarriak asko aldatzen dira sasoi lehorretik sasoi hezera.

Horrez gain, Los Haitises-eko azken urteotako klima ikertzeko, estalagmita batzuk hartu genituen, haien isotopoen azterketa egiteko. Isotopoak aztertuta, egiturak eratu zituzten uren ezaugarriak eta jatorria jakin ditzakegu, bai eta egitura horiek eratu bitartean izandako lehorte edo euri-garaiak ere; hau da, azken milaka urteetako klima ezagutu dezakegu. Ikerketa horiek Granadako CSICen ari dira egiten, eta urtebete barru bukatuko dituzte.

Ondorioak

Los Haitises parkea industralki ustiatu/ez ustiatu eztabaida, gorabehera batzuekin, aspaldikoa da, eta esan behar dugu orain eztabaida sekula baino sutsuago dagoela. Amerikako Estatu Batuetako enpresa multinazional batek zementu-fabrika bat jartzeko asmoa agertu zuenetik etengabea izan da aldekoen eta kontrakoen arteko eztabaida. Fabrikaren jabeek eta ipintzearen alde daudenek onura ekonomikoak aipatzen dituzte. Baina arrazoi eztabaidaezinak daude, eta horiek, argi eta garbi, adierazten dute fabrika jartzeak ondorio negatiboak izango lituzkeela.

La Línea kobazuloko piktografiak. Arg. Jabier Les

Lortu genituen datuek egiaztatu zuten Los Haitises parkeko uren kalitatea ona zela, bai alde fisiko-kimikotik, bai alde mikrobiologikotik. Baina, kutsadura gertatuz gero, horrek akuiferoko urak kutsatzeko arriskua ekarriko luke, karstaren iragazkortasuna dela eta. Hori izan zen gure lehen ondorioa.

Bigarrenik, ikusi genuen parkearen barrualdean zebiltzan urak Samaná badian eta Sabana de la Marren agertzen zirela bi egunen buruan, eta, hortaz, ohartu ginen haien zirkulazio-abiadura oso arina zela. Horrek adierazten digu Los Haitises parkean jarduera industrial batek eragindako kutsadura txiki batek zuzeneko eragina izango lukeela, batetik, Samaná badiako dibertsitatean eta Sabana de la Marreko gune zabaletako eremu ureztatuetan (hondamendi ekologikoaz ari gara: arrainak, lertxun endemikoak, pelikanoak eta abar hilko lirateke; bale urdinek alde egingo lukete...); eta, bestetik, edateko uren hornitze-guneetan eragina izango luke (osasun publikoko arazo larriez ari gara: edateko ura eta arroz-soroak kutsatuko lirateke, eta abar).

Hirugarrenik, akuiferoan aldaketak gertatuko lirateke eta, horren ondorioz, kobetako egiturak (estalaktitak, estalagmitak, geodak...) eratzeko kondizioak aldatuko lirateke. Eta, jadanik, eratuta dauden egiturak desagertzeko prozesua areagotuko litzateke (milaka urte behar izan dituzte eratzeko).

Kontuan hartu beharko lirateke, halaber, kobetan dauden piktografia eta arrasto tainoak (gehienak oraindik aztertu gabe daude); beraz, kobak hondatuz gero, horiek guztiak desagertuko lirateke eta irlako arbasoen historia eta kultura galduko lirateke.

Azkenik, ukitu gabeko toki honetan fabrika bat ipintzeak oihanaren deforestazio bortitza ekarriko luke, besteak beste, errepide-sare berria eraiki beharko litzatekeelako. Eta horrek beste arazo larri bat ekarriko luke, hain zuzen ere, koba-egiturak desagertzea. Egiaztatu genuen landarediak garrantzi handia duela uren karbonoaren jatorrian. Karbono horrek parte hartzen du kobetako egiturak eratzen; beraz, oihana babestea funtsezkoa da.

Hortaz, gure ondorio nagusia izan zen Los Haitises parkea zaindu behar dela, duda barik, eta ustiapen industrialari alternatibak bilatu behar zaizkiola. Gure ustez, ahalegin guztiak egin behar dira toki ukitu gabe hori ustiapen industrialetik babesteko, atzera bueltarik ez duen prozesua baita kutsadura.

Los Naranjos koban laginak hartzen. Arg. Jabier Les

Gainera, Los Haitises parkeko ustiapen industrialak ez du gizartearen oniritzia, eta hori ere kontuan hartu beharrekoa da.

Santo Domingoko Unibertsitatean, 2010eko otsailaren 20an, emandako prentsaurrekoan azaldu genituen ondorio horiek. Prentsaurrekoaren titulua honako hau izan zen: "Los Haitises-en egindako ikerketek ohartarazi dute bertako urak eta Samaná badia oso egoera ahulean daudela". Hurrengo egunetan gure prentsaurrekoa Dominikar Errepublikako egunkari garrantzitsuenetan atera zen.

AIPAMENAK

Eskerrak eman nahi dizkiegu Caño Hondo hoteleko nagusiei, Toniri eta Rosanari, emandako laguntzagatik, eta, orobat, hoteleko langileei, jaso dugun tratuarengatik; Espeleogrupo Santo Domingoko espeleologia-taldeari; eta, zelan ez!, espedizioko partaide guztiei: Antonio, Lorena (guretzat "Lore Pitonisa"), Txunai, Jabi, Josu, Marian, Rober eta Nerea. Eskerrik asko guztiei, edozein espediziok lortu nahi lukeen emaitzarik garrantzitsuena lortu genuelako, primeran pasatzea eta barrez lehertzea.

Hizkuntza-aholkularia: Agurtzane Urrutia.

ESKAINTZA

Iñakiri,

Koba-egiturak Ojo del Cielo kobazuloan. Arg. Jabier Les

"Bizitza gogoz hartu behar da", hala esaten zenidan,

"ez nagi, ez negarti, bizitza bakan duzu".

Baina orduak motelegi doaz, ahaztu nahi duenarentzat,

beharrik zure aholku dudan, zure hitz goxo-goxoak.

Badakit zuri esker naizela zutik.

(Ruper Ordorika)

Caño Hondo hoteleko ur-jauziak tindatuta. Arg. Jabier Les

Asierri,

Gezur ofizialaren aurrean sentitzen dudan amorrua. Zapalkuntza estaltzen dutenenganako gorroto bizia,

Sentitzen dudana, adierazi beharra.

(Berri Txarrak)

Asier 2008. urteko abenduaren 1ean hil zen, Bilboko hegoaldeko saihesbidean (Supersur) gertatutako lan-istripu batean, laneko segurtasun neurriak ez zirelako bete (horrela dago ebatzita Bilboko 9. Gizarte-Epaitegiko 2011ko martxoaren 18ko 131. sententzian: asierirazabal.wordpress.com.

BIBLIOGRAFIA

Díaz de Neira, J. A.; Hernaiz, P. P.:
6272-I. orriko mapa geologikoa (1:50.000 eskala) (Antón Sánchez) eta dagokion memoria. Meategietako Zuzendaritza Orokorra, Santo Domingo, (2004), 125. or.
Baliabide Naturalen eta Ingurumenerako Estatuko Idazkaritza.
Dominikar Errepublikako Baliabide naturalen eta biodibertsitateko atlas digitala.
Marta Pérez (ed.). Ingurumenerako informazio eta Baliabide Naturalen Zuzendaritza. Dominikar Errepublika, 2006.
927/1988 Errege Dekretua, uztailaren 29koa - Uraren Administrazio Publikoaren eta Plangintza Hidrologikoaren Araudia onesten duena, eta Uraren Legearen II. eta III. tituluak garatzen dituena -eta Errege Dekretu horren aldaketak-.
Los Haitises-eko karsta: Caño Hondo-Samaná sektorearen (Dominikar Errepublika) ikerketa hidrokimiko eta mikrobiologikoa. www.sociedadalfonsoantxia.org .
Hausnarketa bat
Gure iritziz, "Tokixan-tokixan, txakurrak ortozik" esaera zaharrak dioenez, Los Haitises-en gerta daitekeen hondamendia Euskal Herrian aspalditik ari da gertatzen. Ez toki bakar batean, baizik eta han eta hemen, aurrerapenaren izenean. Demagun, adibide gisa, Abiadura Handiko Trenaren ibilbidea edota Bilboko hegoaldeko saihesbideko obrak. Horiek hondamendi izugarria ekarri diote ingurumenari, akuiferoen kutsadura eta uraren ibilbideak aldatu dira, eta, jakina, kobak desagertu dira eta han dauden egiturak ere txikitu egin dituzte. Guk dakigula ez da egiten inolako koben aurreazterketarik, ezta obren ondoko txosten publikoa aurkezten ere, egindako suntsiketak azaltzeko. "Ikusten ez dena, ez da" leloari jarraituz, espeleologo guztiok itsu, mutu eta geldi. Hobe horrela; gaur egun, triskantza horien salaketa isilarazteko mekanismo batzuk baitaude: batetik, ezer ez esatea; bestetik, hondamendiak salatzen dituztenak gezurtitzat jotzea; eta komunikabide leial-leial batzuen laguntzaz, hondamendiak egiten dituztenak konplot baten biktima bihurtzea.

Idatzi zuk zeuk Gai librean atalean

Gai librean aritzeko, bidali zure artikulua aldizkaria@elhuyar.eus helbidera
Hauek dira Gai librean atalean Idazteko arauak

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.