Irudien ikusmiran

Sumendiak soja-hostoetan
Egilea: BASF.

Sumendiak soja-hostoetan

Duela 13 urte hasi ginen Elhuyar aldizkarian irudiei eskainitako atalekin. Geroztik, hamaika irudi ikusgarri bildu ditugu atal hauetan; ez soilik ikusgarriak direlako, baita zientzia egiteko modu bat ere badirelako, zientzia azaltzeko eta ulertzeko lagungarri direlako, teknologiaren irismenaren erakusgarri direlako eta ingurumenaren balioa ikusarazten dutelako, besteak beste.

Orri honetako sojaren herdoilaren irudi hau izan zen lehenengoa, eta hurrengo orrietara ekarri ditugu urte hauetan argitaratutako beste irudi batzuk. 

Haizeak ekarritako espora bat landarearen azalean itsasten da, eta onddo berri baten istorioa hasten da. Landarearen azala zulatu, eta, ehun bigunagoetan barneratuta, han biziko da, landarearen zeluletatik elikagaiak lapurtuz. Hamar bat egunen buruan aterako da kanpora, sumendi baten gisan, istorio bera errepikatzeko prest dauden esporak haizatzeko.

Armiarmak uholdeetatik ihesi
Egilea: Britainia Handiko Nazioarteko Garapenerako Departamentua

Armiarmak uholdeetatik ihesi

Zuhaitzetan gora eginez egin zioten ihes milioika armiarmak 2010ean Pakistanen izandako uholdeei. Herrialde osoaren bosten bat urpean gelditu zen, eta leku batzuetan denbora luzez iraun zuen urak. Armiarmak zuhaitzetan zeuden guneetan, hainbeste urekin espero izatekoa zen baino askoz eltxo gutxiago egon zen, eta, hala, malaria zabaltzeko arriskua txikitu zuten armiarmek. 

Lizunak
Egilea: © Heikki Leis

Lizunak

Heikki Leis argazkilariak lizunekin egindako lana Elhuyar Zientzia eta Teknologiaren Hiztegi Entziklopedi-koko definizioekin elkartu genuen. Irudi honi “Bonba nuklear” izena jarri genion. Modeloa: Arbi lizundua.

M51
Egilea: © Martin Pugh

M51

Klasiko bat da astronomian, baina hau “astronomo amateur batek M51ri inoiz ateratako argazkirik ederrenetako bat da”, Astronomy Photographer of the Year 2012ko epaileen esanean. 

Facebooken zer berri
Egilea: © Marsel van Oosten/Wildlife Photographer of the Year 2014

Facebooken zer berri

Japoniako Jigokudani Monkey Park-eko turista batek gertu-gertutik atera nahi zion argazkia makako gazte honi. Bat-batean, tximinoak mugikorra kendu zion eskuetatik, eta putzu termalaren erdira alde egin zuen. Han zegoen Van Oosten, argazki bitxi hau ateratzeko prest. Wildlife Photographer of the Year 2014ko argazki sarituetako bat izan zen.  

Desertu berdetua2
Egilea: NASA/GSFC

Desertu berdetua2

Desertuaren erdian zirkulu berdeak, Saudi Arabiako Wadi As-Sirhan arroan. Kilometroko diametroa duten soroak dira, lurpeko urari esker sortuak. Ur fosila da, azken glaziazioan bete ziren lurpeko akuiferoetan dagoena. Inork ez daki zenbat dagoen.

Zer dago ume baten eskuan?
Egilea: Raúl Rivas González, Lorena Celador Lera

Zer dago ume baten eskuan?

Sei urteko ume batek eskua Petri plaka baten gainean jarri eta bi egunez 28 ºC-an inkubatu ondoren, argazki hau atera zuten Raúl Rivas Gonzalezek eta Lorena Celador Lerak. Fotciencia lehiaketaren 13. edizioko irabazleak izan ziren.

Elkarri lotutako bizitzak
Egilea: © Tim Laman/Wildlife Photographer of the Year 2016

Elkarri lotutako bizitzak

Orangutan gaztea erraz doa zuhaitzean kiribildutako pikondo igokarian gora. Behean utzi du basoa. 30 bat metro egin behar ditu, baina badaki goian pikuak aurkituko dituela. Tim Laman biologo eta argazkilariak ere hiru egun pasatu zituen zuhaitzera igo eta jaisten, goian kamerak jartzeko. Wildlife Photographer of the Year lehiaketaren 2016ko edizioko argazki onena izan zen.

Ur zikinetako surflaria
Egilea: © Justin Hofman/Wildlife Photographer of the Year 2017

Ur zikinetako surflaria

Itsas zaldia korronteetan surfean zebilen, orain adar-zati bati helduta, gero alga-zati bati… Baina, marea igotzen hasi zenean, gero eta gai artifizial gehiago agertzen hasi ziren; plastiko-zatiak, batez ere. Alga-zati bat askatu, eta plastiko-zati bati heldu zion itsas zaldiak, eta, gero, kotoi-zotz bati. Helduleku egonkorra topatu zuen.

Jarrai iezaguzu

Zu idazle

Zientzia aldizkaria

azken alea
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.