Eguzkigrafiak

Alejo Moreno Sainz diseinatzaile grafikoa da. Diseinu-kontuetarako, behin baino gehiagotan ibiltzen zen argazki zaharren efektuak topatu nahian. Halako batean, pentsatu zuen ideia ona izan zitekeela aspaldiko garaietako tresna bat erabiltzea emaitza hori lortzeko. Horrela egin zuen topo argazkilaritza estenopeikoarekin. Eta mundu horretan sartzen ari zela ezagutu zituen solarigrafiak, Diego Lopez Calvín argazkilari soriarrak (Espainia) Slawomir Decyk eta Pawel Kula poloniarrekin batera asmatutako teknika.

Esposizio luzeko argazkien bidez Eguzkiak zeruan egiten duen bidea (ekliptika) jasotzean datza. Eguzkigrafiak deitu die Alejok. “Teknika oso sinplea da, kamera ilun bat erabiltzea da”, dio. Freskagarrien ontziak erabiltzen ditu, 0,2 mm-ko zulotxo batekin, eta barrua argazki-paperez estalita.

Eguzkiaren ibilbidea jasotzeko, garrantzitsua da Eguzkiak ematen duen alderantz begira jartzea (gure kasuan, hegoalderantz). “Orduan, Eguzkia ateratzen da, argia zulotik sartzen da, eta, Eguzkia zeruan mugitu ahala, papera errez doa. Eta, aldi berean, zuhaitzak, etxeak edo aurrean dagoena ere agertzen da”, azaltzen du Alejok.

Normalean, sei hilabeteko esposizioak egiten ditu, solstiziotik solstiziora; horrela harrapatzen ditu Eguzkiaren arkurik baxuenetik (neguan) altuenera (udan), edo alderantziz.

Lurreko puntuaren arabera, desberdinak dira eguzkigrafiak. Alejok, oraingoz, Euskal Herrian atera ditu guztiak. Ongi pentsatu behar izaten du non jarri, sei hilabetez inork edo ezerk ukitu ez dezan. “Gertatu izan zait desagertzea, eta sekulako atsekabea da”, dio Alejok. Eta, hain gailu sinpleak izan arren, susmo txarrak ere sor ditzake. “Garai batean, albisteetan atera zen Baltimoren (AEB) halako kamera bat zegoela, eta lehergaiak desaktibatzen espezializatutako agenteak joan zirela”.

Ziburuko portua
Egilea: Alejo Moreno Sainz

Ziburuko portua

Esposizio luzearen eraginez, itsasoko urak irudi lauso bat sortu du.

A63 autopistako zubi batetik (Lapurdi)
Egilea: Alejo Moreno Sainz

A63 autopistako zubi batetik (Lapurdi)

Kameraren barrura sartutako urak sortu zituen orbanek ukitu berezia ematen diote irudiari.

Urdazuri ibaiaren bazterrean
Egilea: Alejo Moreno Sainz

Urdazuri ibaiaren bazterrean

“Eguzkiaren isla harrapatuko ote zuen argitu nahi nuen”, dio Sainzek. “Emaitza ederra iruditzen zait”.

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu zure nabigazio-esperientzia hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, ulertuko dugu cookie horien erabilera onartzen duzla. Ezeztatuz gero, ezingo duzu webgune honetan nabigatu. Onartu
Informazio gehiago
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.