Zientzia eta teknologia euskal gizartearen begietan

Lakar Iraizoz, Oihane

Elhuyar Zientzia

Euskal Herriko biztanleek begi onez ikusten dituzte zientziak eta teknologiak ekarri dituzten aldaketak eta aurrerapenak. Hala ere, askok uste dute teknologia berriekin zuhur ibili behar dela, eta osasunean eta ingurumenean duten eragina ezagutu arte arreta handiz aritu eta erabili behar direla. Hain zuzen, 1etik 5erako eskala batean, herritarrek 2,8ko adostasun-maila agertu dute baieztapen horrekin.

Zientzia eta teknologia euskal gizartearen begietan
2009/12/01 | Lakar Iraizoz, Oihane | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: ©Carlos Velazquez)

Hogeita hamar urte dira Europan zientzia eta teknologiaren gizarte-pertzepzioei buruzko galdekizunak egiten direla. Euskal Herrian, ordea, orain arte ez zen sekula aztertu zein leku betetzen duten gizartean zientziak eta teknologiak.

Hutsune hori betetzeko asmoz ekin zion 2008an Elhuyar Fundazioak, Eusko Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoko Kabinetearekin batera, "Zientzia eta teknologiaren irudikapenak Euskal Herrian (2008)" lanari. Izan ere, "Azken urteotan hazi egin da herritarren iritziak ezagutzeko premia", nabarmendu du Andoni Eizagirrek, Mondragon Unibertsitateko irakasle eta azterketaren egileetako batek. Eizagirreren ustez, horrelako ikerketa-lanek laguntzen dute identifikatzen eta interpretatzen zerk eragiten duen gizarteak jarrera bat edo beste izatea, kasu honetan, zientziaren eta teknologiaren aurrean.

Ikerketa-lanaren zati bat izan zen jendearekin eztabaida-taldeetan elkartzea edo elkarrizketak egitea, zientzia eta teknologiarekin lotutako hainbat eztabaidagairi buruz hitz egiteko. Zientzia eta teknologiako gaietan jakintza-maila bat edo beste zuen jendeak ohar batzuk edo beste egingo zituelakoan, hiru taldetan banatu zuten gizartea: batetik, Euskal Herri osoko herritar arruntak hartu zituzten kontuan; bestetik, zientzia- eta teknologia-gaietako ikasle eta ikertzaileak eta giza eta gizarte zientzietako ikasleak, eta, azkenik, zientzia eta teknologiaren arloko adituak. Lehenengo bi taldeekin eztabaida-taldeak eratu zituzten, eta, adituen iritzia, berriz, elkarrizketa bidez jaso zuten.

Alabaina, hor hartu zuten lehenengo ezustekoa: "ikerketak erakutsi du desberdintasunak uste baino txikiagoak direla" dio Eguzki Urteaga EHUko soziologoak, eztabaida-taldeak eta adituei egindako elkarrizketak zuzendu zituen ikertzaileetako batek. Horrek erakusten du, Urteagaren ustez, "gizarteak ezagutza-maila bat duela, baina ez duela erabiltzen".

Eztabaida-taldeetan nahiz elkarrizketetan bildutakoetatik, emaitza kualitatiboak atera dituzte. Horrekin batera, beste bi zati izan zituen azterketak. Batetik, gizartearen pertzepzioaren datu kuantitatiboak eskuratu dituzte. Horretarako, Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología (FECYT) erakundeak 2006. urtean CISekin elkarlanean egindako Zientzia eta Teknologiaren Gizarte Pertzepzioaren 3. Inkesta Nazionalean bildutako informazioa erabili dute. Zehazki, EAEn eta Nafarroan laurehuna laguni egin zizkieten inkestak jaso dituzte. Eta, bestetik, Euskal Herriko prentsan zientzia eta teknologiari lotutako gaiek duten presentzia aztertu zuen 2008an Elhuyar Fundazioak ( Elhuyar Zientzia eta Teknika ren 2008ko azaroko alean eman genuen azterketa horren emaitzen berri).

Ikerketa horietatik atera daitekeen ondorio nagusietako bat da gizarteak, oro har, goraipatu egiten dituela zientzia eta teknologia. Eztabaida-taldeetan jaso da, esate baterako, zientzia eta teknologia berriei esker askoz bizimodu erosoagoa dugula, bizi-itxaropen handiagoa dugula, eta asko hobetu dela gure komunikatzeko gaitasuna. Jendeak uste du ikerketa eta garapena funtsezkoak direla herrien garapenerako eta ongizaterako.

Halaber, zientzialariak ere gizarteko talderik baloratuenen artean daude. Hain zuzen, EAEn eta Nafarroan egindako inkestetan ikusi ahal izan da zientziarekin lotutako lanbideek betetzen dituztela lanbide baloratuenen zerrendako lehenengo hiru postuak: medikuak daude lehenengo lekuan, 1etik 5erako eskalan 4,4 puntu eman baitizkiete, batez beste, herritarrek; eta zientzialariak bigarrenean eta ingeniariak hirugarrenean, 4 puntu eta 3,8 punturekin, hurrenez hurren.

Ezkerretik eskuinera: Eguzki Urteaga, EHUko soziologia-irakaslea; Andoni Eizagirre, Mondragon Unibertsitateko HUHEZIko irakaslea; eta Iñaki Martínez de Luna, Prospekzio Soziologikoko Kabineteko burua. Arg.: Iñigo Ibáñez.

Txanponaren beste aldea agerian

Goraipatu arren, eta beren funtzio soziala aintzat hartu arren, hain onak ez eta arriskutsuak diren alderdiak ere ikusten dituzte herritarrek zientzian eta teknologian. Azpimarratzeko modukoa iruditu zaio Eizagirreri jarrera, nolabait, anbibalente hori: "ikuspuntu kontrajarriak ageri dira eztabaida-taldeetan". Aipatu da, adibidez, hainbat arlotan urrutiegi joan direla ikerketak, hala nola giza klonazioan edo enbrioien manipulazioan. Zenbait muga etiko gainditu direla uste du jendeak.

Aipatzen dute ezinbestekoa dela hiritarrek distantziari eta espiritu kritikoari eustea zientziaren eta teknologiaren aurrean, eta beti neurtu behar direla hobariak eta kostuak. Hitz hauek erabili dituzte herritarrek zientziak eta teknologiak eragiten dituzten kalteak adierazteko: mendekotasuna, manipulazioa, abiadura, estresa eta abar. Esan dute, adibidez, publizitatearen eta marketinaren bidez herritarrengan beharrak sortzen dituztela hainbat markak. "Ez diogu erosteari uko egiten, harrapatuta bezala gaude, eta ez dugu aterabiderik ikusten" dio parte-hartzaile batek. Aho batez adierazi dute eztabaida-taldeetan gurpil zoro batean biraka gabiltzala.

Halaber, herritarrek sentitzen dute zientziak eta teknologiak denbora bizkortu eta dentsifikatu egin dutela. Une batean lan, jarduera eta harreman gehiago egiteko aukera dugu daitezke. Horrek, ordea, eragiten digu edozer gauza egiteko denbora gutxi dugula pentsatzea.

Bestalde, agerian gelditu da oso zaila dela batzuetan aurreikustea zer ondorio izan ditzaketen berrikuntzek. Oro har, inkestei erantzun zieten herritarren % 41,5ek uste du zientziak eta teknologiak ekartzen dituzten onurak kalteak baino handiagoak direla. % 37,5ek dio parekatuak direla onurak eta kalteak, eta % 8,5ek, berriz, kalteak handiagoak direla onurak baino. Gainerako % 13k ez zion galderari erantzun, ez zutelako iritzi argirik edo beste arrazoiren batengatik.

Ikertzaileak, beste leku batzuetan baino okerrago

Zientzian eta teknologian gertatu diren aurrerapauso guztiak zientzialariek egiten dituzte, noski. Mundua ulertzeko nahiak, gauza berriak aurkitzeko gogoak, gizartearen esker ona sentitzeko grinak eta dirua irabazteko nahiak bultzatzen dute, besteak beste, jendea zientzialari bihurtzera eta ikerketan aritzera. Hala uste du publiko orokor gisa sailkatutako jendeak, eta horixe bera aitortu dute unibertsitateko ikasleek eta ikertzaileek.

Herritarrek lehentasunezkotzat jo dituzten ikerketa-arloak. Ehunekoen batura ez da 100 bi erantzun emateko aukera zegoelako. Iturria: Zientzia eta Teknologiaren Gizarte Pertzepzioaren 3. Inkesta Nazionala. FECYT-CIS.

Hala ere, ikertzaileen lehen uneko bokazioa eta gogoa ahultzen joaten dela uste du jendeak, politikariek ez dietelako ematen zientziari, teknologiari eta berrikuntzari merezi duten garrantzia. Aho batez esaten dute, bai hiritar arruntek, bai ikertzaileek eta adituek, ikerketa zientifikoek gobernuen lehentasuna izan beharko luketela, orain arte bigarren mailako garrantzia eman baitzaie. Izan ere, gure kulturan zokoratuta ikusten dituzte zientzia eta ikerkuntza.

Gainera, aipatzen dute finantziazioak emateko orduan modan dauden gaiek dutela pisurik handiena, berehalakoak agintzen duela, eta ikerketek emango dituzten irabaziei begiratzen dietela. Denek nabarmentzen dute oinarrizko ikerketa gutxietsita dagoela.

Horregatik guztiarengatik uste dute nahi izaten dutela ikertzaileek atzerrira joan. Oro har, jotzen da atzerriko herrialdeetan, bereziki Europan eta Estatu Batuetan, diru gehiago inbertitzen dutela zientzia eta teknologian, eta ikerketa-sistema hobeki antolatuta dagoela. Jendearen ustez, Euskal Herrian lan-baldintzak oso kaskarrak dira ikertzaileentzat, eta, ikertzaileek, gainera, emaitzak lortzeko presioa dute.

Adituek beste arazo batzuk gaineratu dituzte zientzia-politikei dagokienez. Batetik, uste dute ez dagoela koordinaziorik baliabideak banatzeko orduan. Haien ustez, azkenaldian zentro teknologikoek baliabide pila bat izan dute, eta unibertsitateek ez. Akats bat dela uste dute hori. Eta, bestetik, salatzen dute diru-iturri asko daudela, eta ikerketa-taldeek indar eta denbora asko galtzen dutela diru-laguntzak eskatzen. Diotenez, laborategietako buruek denbora gehiago ematen dute txostenak eta bestelako lan administratiboak egiten ikerketak egiten eta ikertzaileei aholku ematen baino.

Aldatzea, ezinbestekoa

Egoera hori izanda, zientzia-politiken berregituraketa bat egiteko eskatzen du gizarteak. Aldaketak ongizatea lortzera bideratu beharko lirateke, baita ikerkuntza egonkortzera eta ikertzaileen segurtasuna bermatzera ere. Hala, errentagarriak ez diren eremuak ere aintzat hartu beharko lirateke.

Izan ere, jendeak uste du "zientzia eta teknologian ez inbertitzea dela geroan ez sinestea", eta "belaunaldi berrien etorkizuna baldintzatzea". Hori bai, azpimarratu dute diru publikoa zorroztasunarekin kudeatu behar dela, eta ez dela nolanahi xahutu behar.

Medikuena da gizarteak gehien baloratzen duen lanbidea, eta medikuntza dago lehenengo postuan lehentasunezko ikerketa-arloen zerrendan. Arg.: Nafarroako Unibertsitatea Klinika.

Adituetako batek adierazi du Euskal Herriak eraldatzeko gaitasun handia duela, besteak beste herri txikia delako. Eta EAEn baikortasun-puntu bat sumatzen da; herritarrek uste dute badaudela aldaketa-zantzuak. Alegia, erakundeak jabetu direla desafio eta erronka berriez, eta apustuak egiten hasi direla zientzia eta teknologiak ikertzea bultzatzeko. Zehazki, Innobasque eta, bereziki, Ikerbasque, aipatu dituzte aldaketaren erakusle gisa.

Nafarroan eta Iparraldean, berriz, zaharrak berri dituzte. Ipar Euskal Herrian, are gehiago, administrazio mailako aldaketak ikusten dituzte ezinbestekotzat zientziak eta teknologiak aurrera egin dezaten. Hain zuzen, funtsezkotzat jotzen dute Ipar Euskal Herrian unibertsitateren bat egotea.

Nabarmentzekoa da horiek guztiak esan aurretik jendeak aitortu zuela ez zeukala jakintza nahikorik: kaleko jendeak adierazi zuen jakintza eskasa zuela zientzia- eta teknologia-gaietan, eta zientzia-politikei dagokienez, ezagutza falta hori herritar arruntek nahiz ikertzaile eta ikasleek aitortu zuten. Halaber, inkestetan, populazioaren % 52k adierazi du zientzia- eta teknologia-gaietan duen ezagutza oso txikia edo txikia dela.

Eta, ondoren, hamaika adibide, balorazio eta kritika eman zituzten. "Eztabaida-saioak bukatzean, jendea ohartzen zen uste zuen baino gehiago hitz egin zuela, eta uste zuen baino gehiago zekiela" adierazi du Urteagak, EHUko soziologiako irakasleak. "Alde horretatik, balorazio pertsonalak positiboak izan ziren".

Azken finean, "jendeak gero eta ikasketa-maila handiagoa du, eta gero eta gehiago irakurtzen du" eman du arrazoi gisa Urteagak. Han eta hemen irakurtzen eta entzuten ditu jendeak zientzia eta teknologiaren inguruko gaiak, eta, "pixkanaka, ezagutza pilatzen joaten da" dio.

Banaketa administratiboa agerian

Jendeak adierazi du telebistaren bitartez jasotzen duela, hein handienean, zientzia eta teknologiarekin lotutako informazioa. Eta, alde horretatik, nabarmen desberdinak dira Hego Euskal Herrian eta Ipar Euskal Herrian zientziari eta teknologiari buruzko saioak ikusteko aukerak.

Risager/Creative Commons/aitortu eta partekatu baimen beraren arabera

Ipar Euskal Herriko eztabaida-taldeetan hainbat telebista- eta irrati-kanal aipatu dituzte maila oneko eta kalitateko edukiak ematen dituztenen artean, hala nola France 5 eta Arte telebista-kateak, eta France Inter eta France Culture irratiak. Hego Euskal Herrian, berriz, telebista-saio jakin batzuk baino ez dituzte aipatu, hala nola Teknopolis . Eta, aipatu bai, jendeak aipatu du programa ezagutzen duela, baina ez du gehiegi ikusten.

Horregatik, aurrera begira, Urteagak uste du interesgarria izango litzatekeela lurraldeak bereiz aztertzea. "Banakoek zientziari eta teknologiari buruz duten iritzia oso lotuta dago beren instituzioekin, hezkuntza-sistemarekin, komunikabideekin eta abarrekin".

Interesgarria da errealitatea agerian uztea, eta zientziak eta teknologiak gizartean duten presentzia ezagutzea. "Egindako lanak, ordea, ez luke balio beharko ezagutza handitzeko bakarrik" dio Urteagak. "Helburuak izan beharko luke diagnosi hori erabiltzea politika publikoak egokitzeko, eta zein norabide hartu behar den erabakitzen laguntzeko".

Bestela, Eizagirrek uste du arriskua dagoela "denboraren ibilian zientziari buruzko pertzepzio baikorra lausotzen joateko. Orain, herritarrek ondo bereizten dituzte zientzia eta zientzialariak eta haien "testuinguru" soziala, baina ikusteko dago denboraren ibilian zer bilakaera izango duen horrek".

Gizartearen iritzia oinarrian
Euskal Herrian, lehenengo aldiz egin da zientzia eta teknologiaren pertzepzio- eta iritzi-bilketa. Azterketa Elhuyar Laborategia proiektutik abiatu zen; kultura zientifikoak gizartean zer leku betetzen duen jakitea, eztabaidatzea eta komunikatzea helburu duen proiektutik. Lan hori egiteko, Eusko Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabinetearekin aritu gara elkarlanean.
Zientziaren komunikazioa Elhuyarren jardun garrantzitsuenetako bat delako urratu dugu bide hau. Azterketa honekin oinarri bat finkatu da, non gauden jakiteko. Izan ere, nekez jakingo dugu zientziaren komunikazioan, zientzia-politiketan, hezkuntzan eta beste hainbat arlotan zer eskaini, abiapuntua ezagutu gabe. Gizartearen iritzia, pertzepzioa eta jakintza biltzea ezinbestekoa da aurrerapausoak zein norabidetan eman jakiteko.
Garazi Andonegi. Kultura zientifikoaren Elhuyar Laborategia.
Horrez gain, azterketa honek aukera eskaintzen du hainbat eragilek azken urteotan egin dituzten ekimenek gizartean eraginik izan duten ala ez jakiteko. Izan ere, gaur egun zientziaren eta teknologiaren gizarteratzeari inoiz baino garrantzi handiagoa ematen zaio, eta, horregatik, mintegi, hitzaldi eta kongresu ugari antolatzen dira zientziaren eta teknologiaren inguruan.
Azkenik, azterketatik ateratako datuek bide ematen dute Euskal Herriko gizartea Espainiakoarekin edo Europakoarekin alderatzeko, zientzia eta teknologiaren pertzepzioari dagokionez. Horrek ere lagunduko digu gure neurria non dagoen jakiten.
Zenbatekoa da zure ezagutza zientifikoa?
Zientzia eta teknologiaren gizarte-pertzepzioa aztertzeko lanetan, ohikoa da hamar galderako test bat egitea populazioaren ezagutza zientifiko-teknologikoa neurtzeko. Hona hemen galdera horiek, eta, parentesi artean, Hego Euskal Herrian erantzun zuzena eman zutenen ehunekoa.
- Lurraren erdigunea oso bero dago (% 86)
- Kontinenteak milioika urtean mugitu izan dira, eta horrela jarraituko dute (% 85)
- Gizakiak lehenagoko animalia-espezieetatik gatoz (% 80,5)
- Airean arnasten dugun oxigenoa landareetatik dator (% 76)
- Eguzkia Lurraren inguruan biratzen da (% 61,5)
- Lehenengo gizakiak dinosauroekin batera bizi izan ziren (% 58)
- Elektroiak atomoak baino txikiagoak dira (% 50)
- Laser izpiek soinu-uhinen kontzentrazioaren bidez funtzionatzen dute (% 38)
- Erradioaktibitate guztia gizakiak artifizialki sortua da (% 41)
- Antibiotikoek birus nahiz bakterioek sortutako gaixotasunak sendatzen dituzte (% 26).
Garrantzitsua bai, baina ez da jendearen interesekoa
Herritarrek ez dute aparteko interesik zientzia eta teknologiari buruzko gaiekin, beren eguneroko bizitzan baliagarriak ez zaizkien gaiekin, behintzat. Hau da, beren bizitzan eragin zuzena duten neurrian sentitzen dute herritarrek zientzia eta teknologiarekiko interesa. Hala, zientzia eta teknologiaren hiru arlo nabarmentzen dituzte intereseko gisa: informazioaren eta komunikazioaren teknologiak, direla Ipodak, Mp3ak, informatika, Internet eta abar; ingurumena, energia berriztagarriak eta garapen jasangarria; eta osasuna eta medikuntza.
Herritarrek ez dute gainerako ikerketa-ildoen garrantzia ukatzen, baina adierazten dute ez dutela haien interesa pizten. Hala ere, zientzialariekiko itxaropena, baikortasuna eta konfiantza adierazten dute.
Baina jendeak ez du ahaleginik egiten jakintza eskuratzeko eta zientzia eta teknologiara hurbiltzeko. Gai zailak eta astunak direla aipatzen dute askok. Kulturalki ere, jendeak ez du ikusten zientziaren gaineko interes eta konpromiso soziala sustatzeko asmorik dagoenik. Hala ere, komunikabideek, edo erakundeek, indar berezia egiten dutenean gai edo alor jakin bat jende artean dibulgatzeko eta eskuragarri jartzeko, jendeak gogo onez hartzen du.
Herritarrek duten jakintza teknozientifikoaren baliagarritasuna, 1etik 5erako eskalan, ikasketa-mailaren arabera. Iturria: Zientzia eta Teknologiaren Gizarte Pertzepzioaren 3. Inkesta Nazionala. FECYT-CIS.
Jendearen ikuspuntuari koherentzia falta zaiola irudi dezake hori irakurrita, eta, nolabait, kontraesana dela gai bat garrantzitsua dela pentsatzea, eta, aldi berean, horrekiko interesik ez agertzea. Bada, Eguzki Urteaga soziologoarentzat kontraesan hori ez da, inolaz ere, harrigarria: "gizakiok kontraesanez beteta gaude. Jendeak hainbat interesgune ditu, hainbat zaletasun, hainbat joera, eta horiek guztiak nahastean sortzen dira kontraesanak. Onartu beharreko zerbait da".
Bestalde, jendeak ez du sumatzen zientzialariek ere inolako asmo eta kezkarik dutenik herritarrengana hurbiltzeko. Azterketan adituen taldea osatu duten ikertzaileen ustez, egoera horrelakoa da, besteak beste, goi-mailako ikertzaileak lanez gainezka egoten direlako, eta ez dutelako denborarik izaten elkarrizketak eta hitzaldiak emateko.
Hala ere, azpimarratu dute zientzialari guztiek ez dakitela behar bezala komunikatzen jakintza. Esaten dute oso desberdina dela zientzialarientzat ikerketa-arlo bateko adituei aurkeztea teoriak, kontzeptuak eta emaitzak, edo hori bera edozeinek ulertzeko moduan azaltzea, hau da, modu sinple eta erakargarrian kontatzea.
Herritarrek hedabideetan duten konfiantza, zientzia eta teknologiari buruz informazioa emateari dagokionez. Ehunekoen batura ez da 100, bi erantzun emateko aukera zegoelako. Iturria: Zientzia eta Teknologiaren Gizarte Pertzepzioaren 3. Inkesta Nazionala. FECYT-CIS.
Zientzia dibulgatzeko zailtasun hori komunikabideetara hedatzen dute adituek. Esaten dute oso kazetari gutxi direla zientzian eta teknologian adituak aldizkari berezituetatik kanpo. Egoera hori izanda, gainera, adituek nabarmentzen dute kazetariek ez dutela ahalegin berezirik egiten aldez aurretik informazioa biltzeko haiekin biltzen direnean.
Horrekin lotuta, zientzia- eta teknologia-gaietako ikasle eta ikertzaileek nabarmentzen dute beren ikerketa-arloei buruz argitaratzen diren informazioak gezurrezkoak edo interesik gabeak direla hainbatetan. Hortaz, gainerako alorrak ongi menperatu ez arren, antzekoa gertatuko delakoan daude.
Hedabideei buruz, herritarrek uste dute sentsazionalismoari ematen zaiola garrantzi gehien, eta izenburuak besterik ez duela inporta. Hala, jendeak salatzen du lortu gabeko emaitzak aurreratzen dituztela, arriskuak eta ziurgabetasunak bigarren maila batean utzita, edo, alderantziz, alarmismoa eragiten dutela informazioa entzutetsu egiteko.
Lakar Iraizoz, Oihane
3
259
2009
12
020
Giza zientziak; Teknologia; Etika; Ikerketa-zentroak
Artikulua
26

Gehitu iruzkin bat

Saioa hasi iruzkinak uzteko.

Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila
MAIER Koop. Elk.
KIDE Koop. Elk.
ULMA Koop. Elk.
EIKA Koop. Elk.
LAGUN ARO Koop. Elk.
FAGOR ELECTRÓNICA Koop. Elk.