Zientzia egunkarietan; zaharrak berri

Egiten den ikerketak ba al du oihartzunik gizartean? Erakundeek asmatzen al dute komunikatzen? Komunikabideek zeri erreparatzen diote eta zeri ez? Nondik ateratzen dute informazioa? Nolakoa da informazio hori? Fidatzekoa? Maila altukoa? Eskasa? Zientzia-gaietan aditua den kazetaririk badago egunkarietan? Galdera horiei erantzuteko, Euskal Autonomia Erkidegoan ateratzen diren egunkarien azterketa egin du aurten ere Elhuyar Fundazioak.
Zientzia egunkarietan; zaharrak berri
2006/07/01 | Kortabarria Olabarria, Beñardo | Elhuyar Zientziaren Komunikazioa
(Argazkia: MEC)

Lau egunetik behin, zientzia- eta teknologia-albisteren bati tokia eskaintzen zaio Euskal Autonomia Erkidegoan argitaratzen diren egunkarietakoren baten azalean. Iazko abenduaren erditik aurtengo apirilaren erdira argitaratu diren egunkarietan, 29 zientzia- eta teknologia-albiste egunkarietako gai nagusi izan dira. Agertu, ordea, gehiagotan agertu dira zientzia- eta teknologia-albisteak azalean: beste 64 aldiz, baina apalago, aipamen modura. Horra hor, aipatutako denbora-tartean argitaratu diren egunkariak begiratuta, Elhuyar Fundazioak egin duen azterketaren ondorioetako bat.

Izar bilakatu diren gaien bila hasiz gero, bilatzaileak ez du lan handirik egin beharrik izango ondorio honetara iristeko: hegazti-gripea izan da izarra. Hegazti-gripearen kontrako botiken ahalmena, hegaztien migrazioak, H5N1 birusaren agerpena Afrikan, Europan agertutako kasuak, Nafarroan ustez gaitzak hil zituen bi hegaztiren azterketak... guztiek hartu dute tokia egunkarietako azaletan, zabal eta luze antzean sarritan.

Gai izarra bezainbesteko indarrarekin ez, baina egunkarietara nolabaiteko distiraz iritsi diren beste hainbat gai ere izan dira: antxoa arrantzatzearen debekuaren inguruko iritziak, Hwang ikertzaile korearraren eskandalua, Indonesiako Papua Ginea Berrian aurkitutako mundu galdu berria, Galileo komunikazio-sateliteen sarearen abiapuntua, eta Venus Express zundaren gorabeherak.

Gai orokorrei ez ezik, gertuko gaiei ere oihartzuna eman diete egunkariek, adibidez Araban zein Pasaian egin nahi diren ziklo konbinatuko zentralen proiektuei, Itoitz inguruko lurrikarei edo, legionelosia zela eta ez zela, Urduñako bainuetxea ixteko badaezpadako aginduari.

Egunkarietako azalak alde batera utzita, zientzia- eta teknologia-gaiek egunkarietan izan duten protagonismoari begiratuta, datua hau da: egunkarien azalera osoaren % 1,96 dira. Iazko datuekin alderatuta, jaitsiera txiki bat sumatzen da, puntu erdikoa; duela bi urteko datuarekiko, berriz, igoera puntu batekoa da.

Egunkariak banaka hartuta, aurreko bi azterketa-aldietatik hona ez dago aldaketa handirik. Zientziari toki gehien eskaintzen dieten egunkariak El Correo eta Berria dira; gutxien, berriz, El Diario de Noticias de Álava . Arabako egunkariaren lehengusu txikiak, Noticias de Gipuzkoa egunkariak, osatuko luke zientzia- eta teknologia-gaiei toki gutxien eskaintzen dion familiaren multzoa. Tartean, toki gehienetik gutxirako errenkadan, egunkari hauek kokatzen dira: Gara, El Diario Vasco, El Pais , eta Deia .

Hegazti-gripea izan da gai izarra azterketak iraun duen aldian.
MEC; Europako Batasunaren Mediateka

Kalitatearen neurketan, egunkariek 4,76ko nota atera dute, 0 eta 10 artean. Puntuazioa ez da ona, baina kontuan hartu behar da idatzitakoaren kalitatea baino gehiago lanketa-maila neurtzen dela. Eta ikusten bada zientziari eta teknologiari buruz argitaratu denaren % 40 pasatxo berri labur formatuan argitaratu dela, argi dago horrek baldintzatzen duela puntuaketa. Izan ere, berri laburretan ez dago tokirik ez iritzietarako, ez grafikoetarako ez eta beste hainbat gauzatarako ere, hau da, puntuazioa baldintzatzen duten adierazleetarako. Beraz, ondorio zuzenena hori izango litzateke, berri laburren formula oso erabilia dela zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan, eta landutako artikuluak gehigarrietarako uzten direla.

Eta nork egiten du dibulgazioa Euskal Herriko egunkarietan? Hau da, kazetari jakin batzuek idazten dute ala zientziaz eta teknologiaz idazten dutenen zerrenda luzea da? Beste modu batera egin daiteke galdera: zientziaz eta teknologiaz idazten dutenen espezializazio-maila zenbatekoa da? Eta honela erantzun dakioke galderari: txikia.

Datuek luzatuko dute horren erantzun laburra. 2005eko abenduaren 15etik 2006ko apirilaren 15a bitartean, zientziarekin zerikusia zuten 2.552 lan argitaratu zituzten egunkarietan, 465 pertsonaren artean idatzita. Zatiketa biribila eginez gero, egile bakoitzak 5,4 artikulu egingo lituzkeela irtengo litzateke; hau da, lan guztien % 0,2 pasatxo. Baina hori ere ez da egia, badagoelako lan guztien % 10era hurbiltzen den kazetari-multzo bat, hau da, 25 artikulutik gora idatzi duen jendea. Izen-zerrenda hau da: Berria egunkariko Edu Lartzanguren eta

Arantxa Iraola, El Pais egunkariko Alicia Rivera, Emilio de Benito, eta Javier Sampedro, Gara egunkariko Joseba Vivanco, eta El Correo eta El Diario Vasco egunkarietan idazten duten Luis Alfonso Gamez eta Fermin Apezteguia. Bada artikulu bat baino gehiago sinatu duen kazetari gehiago ere, baina ez da oso ohikoa. 249 lagunek lan bakarra sinatu dute.

Aurrekoak, beharbada, ez dira izango ondorio biribilak ateratzeko behar diren datu guztiak, baina ematen dute zer pentsatua. Izen-zerrenda bera, adibidez, adierazgarria da. Aurreko bi urteetan ere izen horiek zeuden zerrendan. Horrek adierazten du Berria, El Pais, Gara eta El Correo eta El Diario Vasco egunkarietan badutela normalean zientziaz eta teknologiaz idazten duen jendea. Agian ez dira kazetari espezializatuak izango, baina badute gai horiei buruz idazteko ohitura. Beste muturrean aurten ere errepikatu den datua: lan bakarra sinatu zutenak nabarmen izan ziren nagusi.

Aurreko urteekin alderatuta, tamalez aldaketa handirik izan ez duen beste atal bat ere bada: hizkuntza. Euskaraz argitaratutako artikuluak % 19,24 izan dira, aurreko urtean baino % 3 gehiago. Igoera gertatu, gertatu da, baina kontuan hartu behar da azterketan Noticias de Gipuzkoa egunkaria ere sartu dela, eta egunkari horrek zenbait zientzia-artikulu euskaraz idatzi dituela. Gainerakoen hizkuntza-joerak ez dira aldatu.

Egunkarien azaleraren % 2 inguru eskaintzen zaie zientzia eta teknologiako gaiei.
MEC

Eta gaietan ere gorabeherarik ez. Osasunari eta Biziaren Zientziei dezente erreparatzen diete egunkariek; Fisika, Kimika eta Matematikari, aldiz, batere ez.

Ikerketaren tresna garrantzizkoena egunkariak izan diren arren, zientzia-aldizkari espezializatuak ere begiratu dira. Konparaketa egitea izan da helburua, jakiteko aldizkari espezializatuek eta egunkariek interesgune berak dituzten. Hortik zera ondorioztatu da: aldizkari espezializatuentzat garrantzi handia izan duten albisteek, egunerokoetan ere tokia izan dute.

Hegazti-gripearen ingurukoak edo Hwang zientzialari korearraren iruzurra, adibidez, oihartzuna izan dutenen multzoan sartu beharko lirateke. Baina beste ondorio bat ere atera daiteke: nahiz eta garrantzia izan, gertaera ez bada gizartearentzat gertuko egiten, egunkariek ez diote toki handirik eskaintzen. Science now, Physicsweb, New Scientist, Nature news, Alphagalileo, Eurekalert, BBC news , eta CNN -ren web guneak begiratu dira konparaketa egiteko.

Metodologia
Azterketak lau hilabeteko iraupena izan du, eta aurreko bi urteetan egin diren bi azterketa-aldien jarraipena izan da. Haiek, baina, sei hilabetekoak ziren. Aurreko biei jarraituta, Euskal Autonomia Erkidegoan argitaratzen diren egunkariak begiratu dira azken azterketa honetan ere, Noticias de Gipuzkoa berria tartean. Horiekin batera, El Pais ere egunero begiratu da, zientziaren eta teknologiaren dibulgazioan erreferentziatzat hartzen delako. Hala ere, emaitzetan, eguneroko edizioan El Pais egunkariaren erreferentzialtasuna ez da inondik ageri, gainerakoen pareko emaitzak lortu ditu. Gehigarrietan du aldea Madrilgo egunkariak, horretan da erreferente.
Iaz hasitako bideari jarraituta, azterketa kuantitatiboarekin batera, azterketa kualitatiboa ere egin da aurten. Kalitateaz hitz egiten da, baina, egia esan, hitza ez da oso zuzena, erabili den lan-sistemarekin, idatzitakoen kalitatea baino gehiago idatzi dena zenbateraino landu den adierazten delako.
Artikulu bakoitzean hamar adierazle hartu dira kontuan: edukien zuzentasuna, iturrien aipamena, iturrien fidagarritasuna, adituen iritziak jasotzea, idatzia kontrastatua egotea, albistetik haratagoko informazioa egotea, idatzizko azalpenak azalpen grafiko egokiz lagunduta egotea, grafikoak kalitatezkoak izatea, esaten dena ulergarria izatea, eta idazteko modua zuzena, arrunta edo traketsa izatea.
Horretaz gain, artikulu bakoitzaren jatorria, kokapena, azalera, gaia eta hizkuntza ere hartu dira kontuan.
Kortabarria Olabarria, Beñardo
3
222
2006
7
032
Bestelakoak
Artikulua
46
Babesleak
Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Saila